June Crespo
Une honetan ikusgai

June Crespo. Baskularra

2024.03.01 - 2024.06.09

June Cresporen (Iruñea, 1982) eskultura-praktika hainbat ikerketaildo eta bide garaikideren bidegurutzean kokatzen da artistak berak hala erabakita. Alde batetik, elkarrizketa eraldatzailea ezartzen du azken hamarkadetako euskal artea markatu duten kontzeptuekin, “pare mugikorrekin”: abstrakzioa eta keinua, tragikotasuna eta opakutasuna, arintasuna eta bitxikeria... Bestetik, duela gutxira arte eztabaida handietan premiazkotzat jotzen ez ziren zenbait gairi heltzen die, bereziki sentsibilitate feministari eta bizimodu modernoak naturarengan eragindako suntsiketaren gaineko kontzientziari — hain zuzen ere produkzio- eta erreprodukzio-ziklo industrial eta postindustrialek eta Antropozenoaren higadurak natura dagoeneko erabat menderatuta daukaten honetan—.

Gaurdaino, materialtasunaren izaera bizi eta aktiboa beti egon da Cresporen jardunaren baitan, eta Baskularra erakusketaren proiektuaren oinarri-oinarrian ere badago. Guggenheim Bilbao Museorako prestatutako erakustaldi honen xedea Cresporen obrari buruzko gainbegiratu bat eskaintzea da, baita artista orain arte bere lanean jorratu gabeko eskalak esploratzera bultzatzea ere. June Cresporen eskulturek askotariko elementuak —landareetatik ateratako moldeak, erabilitako arropa edo oihalak, eraikuntzarako piezak, hormigoizko molde-lanak, aldizkariak— biltzen eta nahasten dituzte, ensanblaje apurtzaileetan elkartzen dituzte, eta eskala-aldaketak egiten dizkiete; hala, azpimarratu egiten dute zer-nolako kontraste bortitza dagoen bizitako materialaren eta gure bizitza hesitzen eta bideratzen duten elementu estrukturalen artean, izan hodiak, txapak, moldeak nahiz kofratuak. Osagai horiei guztiei zurtoinak atxikitzen zaizkie edo oihalezko piezak zein paper zatiak geratzen zaizkie loturetan harrapatuta, eta eragiketa teknikoen, higaduren eta istripuen arrastoak antzematen zaizkie. Tenkagailuen bidez lotuta edo besterik gabe bata bestearen kontra jarrita, elementuek etengabe galdekatzen dute elkar.


Azken zazpi urteetan egindako obrak biltzen dituen Baskularra erakusketa aparteko ekoizpen berri baten inguruan dago egituratuta, eta Cresporen sail askotan errepikatutako formak, keinuak eta galderak elkartzen dira bertan. Horren adibide da argazkien erabilera eskultoriko edo are arkitektonikoa —lurrean jarritako inpresio erraldoi bihurtuta—, bai eta ekoizpen industrialeko zein eraikuntzako euskarrien —lanmahaiak, eskailerak, plataforma jasotzaileak— erabilpena; azken horiek espazioan zehar aldraka ageri diren forma begetal, tubular eta zilindrikoen oinarri-lana egiten dute. Baskularra erakusketak June Cresporen pieza bakoitzaren barne-komunikazioa eman nahi du aditzera, baina proiektuan dauden obra guztien arteko transmisioak ere iradokitzen ditu, ontzi komunikatu eta kapilar-sare gisa jokatzen baitute, bai materialei dagokienez, bai Crespok eskulturan azalerarazten dituen eskarifikazioei eta markei dagokienez ere.

Aretoa: 105
Komisarioa: Manuel Cirauqui


June Crespo
Baskularra (5) [Vascular (5)], 2024
Altzairuzko txapa malkodun kurbatua eta alfonbrak
150 × 300 × 293 cm
Artistaren eskaintza
© June Crespo, Bilbo, 2024
© FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, Argazkia Erika Barahona Ede

Erakusketa

June-Crespo

June Crespo
Baskularra (5)
[Vascular (5)], 2024
Altzairuzko txapa malkodun kurbatua eta alfonbrak
150 × 300 × 293 cm
Artistaren eskaintza
© June Crespo, Bilbo, 2024
© FMGB Guggenheim Bilbao
Museoa, Argazkia Erika Barahona Ede

June Crespo
Multzo Baskularra (1)
[Conjunto vascular (1)], 2024
Brontze galdatua, altzairuzko txapa malkoduna, mahaiak eta altzairuzko egitura
265 × 716 × 270 cm
Artistaren eskaintza
© June Crespo, Bilbo, 2024
Irudia © FMGB Guggenheim
Bilbao Museoa, Argazkia Erika Barahona Ede

Conjunto-Vascular

Erakusketa bideoa