Biografia
Biografia

June Crespo Iruñean jaio zen 1982. urtean, eta Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, 2005ean. Hainbat kultur erakundetan egonaldiak egin ondoren, ikasten jarraitu zuen eta Sormen eta Ikerketa Masterra egin zuen EHUn bertan. Bere ibilbidean zehar, Crespok hainbat sari eta aintzatespen jaso ditu, hala nola María José Jove Fundazioaren Nazioarteko VII. Arte Saria (2019), Arte Plastikoetako Begi Kritikoaren Saria (2018), Botin Fundazioaren Visual Arts Grant Saria (2018) edo Gure Artea Saria (2013). Nabarmentzekoa da, baita ere, hainbat ikastegitan egin duen irakasle-lana, tartean, Biarritzeko École supérieure d’art Pays Basque eskolan edo EHUko Arte Ederren Fakultatean bertan.

Bere ibilbidearen hasiera-hasieratik, Cresporen lanak berehala lortu zuen nazioarteko aintzatespena, eta 2022an haren eskulturak Veneziako 59. Bienalaren erakusketa nagusian —The Milk of Dreams izenekoan— egon ziren ikusgai. Haren lanari buruzko banakako erakusketa ugari antolatu dira estatuko nahiz nazioarteko erakunde garrantzitsuetan, esate baterako, Vieron su casa hacerse campo, CA2M, Madril, edo Helmets, ARTIUM Museoa, Vitoria-Gasteiz. Halaber, haren lanak taldeko erakusketa ugaritan ere egon dira, besteak beste honako hauetan: L’Écorce, CRAC Alsace, Frantzia; Concretos, TEA Tenerife eta MUSAC, Leon; Fata Morgana, Jeu de Paume, Paris; edo El Sentido de la Escultura, Fundació Joan Miró, Bartzelona.