paul-pfeiffer
Laster ikusgai

Paul Pfeiffer. Askatasunaren sorrerari buruzko kontakizunaren hitzaurrea

2024.11.22 - 2025.03.23

Paul Pfeiffer. Askatasunaren sorrerari buruzko kondairaren hitzaurrea erakusketak Paul Pfeifferrek (1966, Honolulu, Hawaii; New Yorken bizi da) diziplina anitzetan jardunez egindako 25 urteko sormen-ibilbidea aztertzen du. Artista aitzindaria da Pfeiffer, ikuskizunaren, pertenentziaren eta ezberdintasunaren nozioak zalantzan jartzen dituen bere lan zorrotzagatik ezaguna. Telebistan emandako kirol-ekitaldi eta entretenimendu-ikuskizunak abiapuntu hartuta, Pfeifferren lanak ospearen kulturarekiko dugun obsesioa eta lilura deseraikitzen ditu eta, metraje aurkitua maisuki editatuta, agerian uzten du nola moldatzen eta manipulatzen den kontzientzia kolektiboa. Izan ere, irudien zirkulazioaren ibilbide globalaren arrastoari jarraituta, agerian jartzen digu nola maneiatzen diren desioa, heroismoa eta gorespena artearen, erlijioaren, politikaren eta nazionalitatearen mekanismoen barruan.

Aro bat finkatu zuten bere lehen bideoetatik hasi eta argazkigintzan, instalazioan eta eskulturan generoak apurtzen dituzten bere lan berrietaraino, gaur egun eraginik handiena duten artisten artean kokatzen du Pfeiffer erakusketak. Bertan ikusgai daude sortzaileak LCD monitoreetan eta miniproiektoreetan aurkezten dituen lan enblematikoak ꟷGurutziltzaketaren atalak (Francis Baconen arabera) [Fragments of a Crucifixion (After Francis Bacon), 1999], Joan 3:16 (John 3:16, 2000) eta Kontaketa luzea (The Long Count, 2000–01) trilogia, besteak besteꟷ bai eta eskala handiko proiekzioak eta instalazio murgiltzaileak, nola diren Santuak (The Saints, 2007), 1966ko Munduko Kopan Ingalaterraren eta Mendebaldeko Alemaniaren artean jokatutako finalaren ikus-entzunezko birsorkuntza, eta Gorria berdea urdina (Red Green Blue, 2022), artistaren bideo-lanik berriena. Pfeiffer egun jorratzen ari den Incarnator sailerako enkarguz egindako eskultura berriak ere lehen aldiz jarri ditu jendaurrean, Filipinetan, Espainian eta Mexikon lan egiten duten eskulturagileekin ꟷ”encarnadores” (haragiztatzaileak) deituakꟷ lankidetzan eginak. Sail horretan, Pfeifferrek Justin Bieber pop izarra Jesukristoren tankerara aurkezten du, ikono erlijioso bihurtua. Hala, eskultura horien ekoizpenak lotura egiten du XVI. mendeko merkataritza-ibilbide kolonialen eta egungo sare globalen artean.


Erakusketa hau Pfeifferri Estatu Batuetan eskainitako lehen atzera begirakoa izan da, eta Guggenheim Bilbao Museoko erakustaldia artistak Europan izan duen handiena izango da.

Aretoak: 103 Eta 105
Egoitzak: MOCA, Los Angeles; Guggenheim Bilbao Museoa


Paul Pfeiffer
Apokalipsiaren lau zaldunak (07) [Four Horsemen of the Apocalypse (07)], 2002
DuraFlex inprimaketa digitala, 121.9 x 152.4 cm
© Paul Pfeiffer, Bilbao, 2024.
Artistaren eskaintza; Paula Cooper Gallery, New York; carlier | gebauer, Berlin/Madril; Perrotin; eta Thomas Dane Gallery, Londres