LOREEN MARGOLANAK

1968ko elkarrizketa batean, Katzek bere loreen margolanak erretratatu ohi zituen coctel-eszenen handitze bat bezala deskribatzen zituen. Berak zioen loreak “bolumen gainjarriak” direla, bere figura-taldeetako gizabanakoak bezala; izan ere, gizabanako hauek margolanaren espazio piktorikoan murgiltzen diren neurrian elkarren artean gainjartzen dira. Hala ere, loreak subjektu gisa aukeratuz obran mugimendu-maila handiagoa sartu nahi zuen, mugitzen ari zen zerbait literalki irudikatu gabe eta arrosa-kimu batek osatutako forman zentratuz. Adibidez, Arrosa Zuriak 9 (White Roses 9) (2012) lanean mihisearen gainazalean banatzen diren bolumenen eta hutsuneen konposizio bat osatzen du.
Bere lanean, Katzek lengoaia fisikoki poetikoa erabiltzen du, dantzaren antzekoa, ikusleak egitura bere aldartera eta emozio-jokabidera egokitu dezan. Argiak eta formak ezusteko mugimendu-sinkopa bat sortzen dute artistaren loreen margolanen gainazal osoan. Azkar eta zalantzarik gabe akuarela hezeko teknikarekin marraztutako loreak, normalean giza gorputzarekin lotutako baldartasunaren eta dotoreziaren artean ibiltzen dira. Petalo mamitsu eta hosto horzdunekin, Katzen arrosak oldarkorrak eta basatiak dira, eta loreek eragin ohi duten sentsazio atseginaren aurkakoa eragiten dute.