208 Aretoak

Claes Oldenburg eta Coosje van Bruggen senar-emazteek neurri handiko berrogei proiektu egin zituzten elkarrekin 1976 eta 2009 artean. New Yorkeko Guggenheim Museoak 1995ean Oldenburgi eskaini zion atzerabegirakoaren harira, artistek Luma-bola biguna sortu zuten Frank Lloyd Wrightek diseinatutako eraikinaren biribilgunerako. Erakusketa hura prestatzen ari zirela, Kansas Cityko (Missouri) Nelson-Atkins Museum of Arterako beste proiektu bat ere garatu zuten
Oldenburgek eta Van Bruggenek: plastikoz eta aluminioz egindako badmintoneko lau pilota edo luma-bola, bost metro eta erdi inguruko altuerakoak, eraikinaren alde banatara kokatuta, belar gainean. Horrela, kirol-sare antzeko baten itxura eman zioten eraikinari, eta partida batean lurrera erori izan balira bezala ikusten ziren luma-bolak. Guggenheimeko instalaziorako ere objektu bera erabili zuten artistek, baina bertsio xelebreagoa egin zuten material bigunak erabiliz.

Oldenburgen eta Van Bruggenen hasierako prestaketa-zirriborroetako batean, beste modu batean irudikatua agertzen da luma-bola, funanbulista batek Museoko biribilgunea kable baten gainetik zeharkatzeko erabiliko zukeen jantzi gisa, alegia. Behin betiko instalazioa hasierako asmo hura bezain ausarta izan zen espazioarekiko elkarrekintzari zegokionez: Oldenburgek eta Van Bruggenek biribilguneko zenbait arrapalaren gainetik zintzilikatu zituzten badmintoneko pilotaren luma bigunetako batzuk, eta beste batzuk sabai-leihotik eseki zituzten kableekin. Luma-bola biguna lanak duen tamaina erraldoiak umorez txikitzen du eraikinaren egitura izugarria, murriztu egiten baitu haren eskala erlatiboa. Eta, era berean, museoak duen eginkizun instituzionala azpimarratzen du, kultura eta hezkuntzarako ez ezik, aisia eta entretenimendurako gunea ere baden heinean.