203 Aretoak

Pop artistek “goi-mailako artean” gutxietsitako gaiei heldu zieten merkataritza- arloko eta publizitateko lengoaia bisuala baliatuz. Adierazpide popular haiek beren lanetan integratu izana kultura iparramerikarraren afirmazio oparotzat interpretatu izan da, baina baita “behe-mailakotzat” jotzen denaren asimilazio burugabetzat ere. Richard Hamilton hartu ohi da Pop artearen aitzindari gisa: Independent Group-eko kidea izan zen, hau da, 1950eko hamarkadaren lehen erdian Erresuma Batuan arte bisuala sortzeko plataforma gisa teknologia berriak eta masen kultura defendatu zituen mugimendukoa. Hamiltonek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-aren beira-zuntzezko erliebe-sail bat egin zuen eraikinaren postal batean oinarrituta, eta sail horrek ederki erakusten du gerora pop artisten bereizgarri izan ziren errepikapena eta irudien erreprodukzioa. Roy Lichtensteinek inprimatze-bilbea osatzen duten puntuak simulatuz margotu zituen bere paisaiak, komikietan eta egunkarietan erabilitako teknika komertzialei erreferentzia zuzena eginez; horrela “goi-mailako artea” sortu zuen, egunerokotasunetik zetorren eta “behe mailakotzat” edo populartzat hartzen zen komunikazio bisualaren baliabide batean oinarrituta sortu ere. Bestetik, James Rosenquistek, publizitate-hesiak margotzen jardundakoa izanik, lanbide horretako teknika eta motibo ugari sartu zituen bere artelanetan: publizitatetik ateratako irudien zatiak ebaki eta berriro konbinatzen zituen, pintura komertziala erabiltzen zuen eta tamaina handiko formatuetan lan egiten zuen. Chryssa artista, jatorriz greziarra, 1950eko hamarkadaren erdialdean iritsi zen New Yorkera, eta Times Squareko errotulu argidunak inspirazio-iturri hartu zituen; izan ere, modernitatearen adibide eredugarritzat jo zituen errotulu haiek, baita Estatu Batuetako kulturaren baitan arrunkeriaren eta poetikotasunaren artean ematen den uztarketaren paradigmatzat ere. Eta beste pop artista batzuek bezala, Andy Warholek egunkari, publizitate-fotograma eta iragarkietako irudi inprimatuak erabili zituen bere sorkuntzetan; geroago, berriz, masa-erreprodukzioko serigrafia-teknika hartu zuen baliabidetzat.

Pop mugimenduaren eraginak hainbat belaunalditan iraun du 1960ko hamarkadaz geroztik. Josephine Meckseper artista garaikideak aurre egiten die irudi ezagunen interpretazio konbentzionalei, baita haiei esanahia ematen dieten hedapen- eta erakusketa-sistemei ere; objektu artistikoak eta kontsumoko gaiak konbinatzen ditu artistak bere eskulturetan, eta erakusleiho komertzialen itxura eman ohi die bere lanei. Hala, kontsumismoak ekoizpen kulturalean duen eraginarekiko korrelazio zuzena ezartzen du, eta, sarritan, kritika-kutsua ematen die bestela erabat arruntak diren produktu eta elementu bisualei. Douglas Gordon, aldiz, Warholen autorretratuen imitazioak eraman du Pop artearen historiara; areto honetan ikusgai dagoen lanaren kasuan, Warholen Inperioa (Empire, 1965) filma hartu du zuzenean: jatorrizko metrajearen bi ordu grabatu zituen Berlinen izandako proiekzio batean eta, ondoren, bere artelan garaikide propio gisa birdefinitu du. Gordonek aitortu egiten du Warholen erabateko eragina, baita hark ospearen eta fanen kulturarekiko zuen kezka obsesiboa ere.