I Sekzioa - Enfant terrible bat Vienan (1907–1916)

Vienako Sezesioko eta Wiener Werkstätte-ko (Vienako tailerrak, 1903–32) kideek arte ederren batasuna bilatzen zuten; hori dela eta, forma leun eta organikoak sortu zituzten artean eta arkitekturan. Estilo horren aurrean eta kontrakarrean, Kokoschkak bere burua baieztatu zuen marrazki eta testu gordinak sortuz, mugimendu espresionistaren aurrekari. 1908an, bere lehen poema ilustratua sortu zuen, Mutiko ameslariak, Gustav Klimt-i eskainia, eta lan horrek eskandalua eragin zuen Vienako Kunstschau-n (Arte erakusketa) aurkeztu zenean. Hurrengo urtean, polemika piztu zen berriro haren Hiltzailea, emakumeen itxaropena antzezlanaren estreinaldian.

Kritikariek basati bat zela esan eta gero, Kokoschkak larru arras moztu zuen ilea, eta preso baten itxura hartu. Dena den, zaleak ere izan zituen, hala nola Adolf Loos (1870–1933) arkitekto itzaltsua; haren babesari esker, Kokoschkak enkargu ugari jaso zituen Vienako goi-gizarteko kideen erretratuak egiteko; hala ere, batzuetan, pertsona haiek ez zuten gogo onez onartu Kokoschkaren erretratuen molde zorrotza. Izan ere, Kokoschkak, gehiegizko manierismoa eta bere espresionismo propioa uztartuz, mihisearen gainean azaleratzen zuen erretratuko pertsonaren barrena.