Ikusezina ikusgai
Ikusezina ikusgai

Edukion helburua artistak, bere ibilbidean zehar, energia eta prozesu ikusezinen inguruan behin eta berriro adierazi zituen kezkak ulertzen eta ikusarazten laguntzea da: Orientazioa, Grabitatea, Eraldaketa, Denbora eta Espazioa, erakusketa osatzen duten lanetan islatutako gaiak dira denak ere. Materialak hautatzean eta haiek modu berezian aurkeztean, Anselmok zera bilatzen zuen, gu ohartzen ez bagara ere, inguruan dauzkagun edo gugan eragina duten indarrez eta prozesuez jabetzera bultzatzea.

GRABITATEA
Eskala makroskopikoan, grabitate-indarra da planetak Eguzkiaren inguruan orbitarazten dituena, eta, Lurraren kasuan, hura da bizia egotea ahalbidetzen duena. Eskala txikiagoan, berriz, gure planetaren gaineko grabitate-indarra da objektuak lurrera erortzea eragiten duena, eta hark zehazten du lurrazalarekiko dugun mugimendua: oinak lurrean mantentzen dizkigu.

Ba al zenekien grabitateak atxikitzen duela atmosfera planetaren inguruan?

ERALDAKETA
Antrazita eraldaketa-prozesu ezin geldoago baten emaitza da. Duela milioika urteko materia organikoa da: presio handia, muturreko tenperaturak eta argi gabezia jasan ondoren, denborarekin, konpaktatu eta solidotu egiten da, azkenean harri bihurtzen den arte. Ikatz-mota horren bidez, denboraren joanaz eta egunero izaten ditugun baina nabaritzen ez ditugun aldaketez hausnartzera gonbidatzen gaitu Anselmoren lanak. Beha ezazu hemen ondoan dagoen bitrinako mikrohabitata, eta imajinatu nola eraldatuko den denboraren poderioz.

Ba al zenekien gure gorputza etengabe ari dela eraldatzen eta gure zelula guztiak zazpi urtean behin berritzen direla?

ESPAZIOA
“Itsasoz haraindiko urdina” izenez ezagutzen da garai batean urruneko edo itsasoz haraindiko lurretatik ekarri zuten kolore urdin bizia. Hasiera batean, Afganistango iparraldetik zetorren lapislazulia birrinduz lortzen zen kolore hura. Anselmoren obran, pigmentu horrek munduaren ikuspegi amaigabea ematen digu aditzera, eta haraindian dagoenarekin lotzen gaitu.

Ba al zenekien Errenazimentu garaian itsasoz haraindiko pigmentua urrea baino garestiagoa zela?

ORIENTAZIOA
Gizakiontzat berez ikusezina eta hautemanezina den indar magnetikoa bistaratzeko aukera ematen digu iparrorratzak. Magnetismoak gainditu egiten ditu edozein gelak, erakustaretok edo leku itxik dituen muga fisikoak eta, horrenbestez, barruan egonda ere badago jakiterik iparra non dagoen. Hemen ondoan dagoen bitrinan, imanak sortutako lerro magnetikoa ikus daiteke burdin-hautsari esker.

Ba al zenekien uso mezulariek lurreko eremu magnetikoak nabaritzeko duten gaitasunari esker aurkitzen dutela itzulerako bidea?