Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Bizitza formak 304

Pello Irazuren lanek funtsezko ekarpena egin diote egungo eraikitze-eskulturaren lengoaiari; izan ere, Txomin Badiolarekin batera, Euskal Herriko eta Espainiako eskulturaren berritzeari ekin zion 1980ko hamarkadaz geroztik, eta berritzapen horren irudi gailenetakoa da. Artisten belaunaldi horrek eskulturaren sintaxia beste ikuspegi batetik lantzen jardun zuen, tradizio modernoan sustraitutako jarreratik alegia. Historiaren mitoak desegin zituzten, eta orainaldian modernotasunaren asmakuntza formal jakin batzuk eraberritu zituzten. Krisialdi garai hartara —errepresentazioa eta ornamentazioa beheraldian zeuden— moldatutako formak eta diskurtsoak lantzea zuten helburu.

Irazu eskultore ia esentzialistatzat har genezake. Lantzen dituen formek eboluzio zehatza dute —angelu zuzenak poetikoak dira eta itxuraz pilatutako materialak oso lirikoak—, eta horrek interpretatutako egoeren arkitekto bihurtzen du eskultorea. Keinuzko alfabeto tekniko batez baliatzen da: hasierako lanetan objektuak bere horretan jartzen zituen gune batean, presentzia berak taxutzen zuen artelana; azken lanetan baina, giroak eraikitzen ditu, eta bertako objektuen, irudien eta inguruaren arteko erlazioek logika bati jarraitzen diote. Azken horien adibide dugu Bizitza formak 304 (Life Forms 304, 2003) lana.

Bizitza formak 304 Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarako sortutako instalazioa da. 304 galeriarako diseinatu zuen, eta horrelaxe jaso egin zuen izenburuan. Aretoa, bizitzeko espaziotzat jo zuen; horma-irudi batek mugatzen du gune hori: lerro batek pareta bat osorik estaltzen du, korridore eten baten antzera, eta bertan marrazkiak eta objektuak zintzilikatu zituen; azken horiek gatazka dialektikoan daude. Aretoaren erdialdean eskultura bat dago: aurretik ikusita erakargarria ematen du, baina sentsazio hori hutsaldu egiten da albotik ikusten dugunean; orduan hainbat eta hainbat angelu, tentsio-gune eta indar agertzen dira, eta eraikuntza erori behar dela ematen du, ondo pentsatutako oreka antzematen bazaio ere. Irazuk uko egiten dio espazioa edukiontzitzat hartzeari, hau da, objektuak ipintzeko leku soil izateari, eta, horren ordez, ikuslearen eta artelanaren arteko bitartekaritzat jotzen du espazioa.

Bizitza formak 304 lanak ondo bereizitako objektuaren eta inguruaren dualtasuna azpimarratzen du. Espazioaren erdialdean dagoen elementu eraikitzailea goratu egiten da eta babeserako osagai nahiko ezegonkor baten hezurduraren itxura hartzen du. Metala, zura, kontratxapatua eta kolorezko osagaiak konbinatzeak aditzera ematen du muntaiaren logika: eraikitzailea oinarrian eta, halabeharrez, arkitektonikoa.

Pello Irazu

Bizitza formak 304 (Life Forms 304), 2003

Burdina, kontratxapatua, zura eta zinta itsaskorra. Horma-pintura

Eraikuntzaren neurriak: 360 x 315 x 340 cm
Kokapen zehatzeko guztizko neurriak

Guggenheim Bilbao Museoa

×