Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Pintura abstraktua, 1949–1969: Guggenheim Bildumen aukeraketak

2011(e)ko ekainak 14 – 2012(e)ko urtarrilak 8

Pintura abstraktuak, asto-pinturatik jaio zenak, errepikapenerantz jotzen du [...] Bi dimentsioko soluzioen garaia pixkanaka amaitzen ari da1.

Arte Optikoak, Europan batez ere garatu zen gerraosteko joera abstraktuak, gai zientifiko, objektibo eta interaktiboetan jarri zuen arreta. Artista optikoek lan ez-figuratiboak sortzen zituzten marrak, formak eta koloreak erabiliz eta mugimendu-, espazio- eta argi-ilusioak eratu zituzten. Lan horietako asko geometrikoak ziren eta ikuslearen pertzepzioan eta eraldaketa optikoetan zentratzen ziren objektu zehatz batean baino.

Victor Vasarely (Hungaria, 1908-1997) Arte Optikoaren buruetako bat izan zen Europan. Hogei urte zituela, medikuntzako ikasketak utzi zituen arteari ekiteko. Parisera joan zen eta bertan arrakasta izan zuen diseinugile grafiko gisa, pinturan lan egin baino lehen. 1950eko hamarkadaren hasieran, pintura abstraktuak irudi geometrikoz bete zituen; horiek egiteko, lauzak, naturako formak eta paisaia-elementuak izan zituen iturri. Halere, hamarkadaren erdialdean natura alde batera utzi zuen eta abstrakzio puruari ekin zion, geometrian, koloreen arteko erlazioan, matematika-sistemetan eta Gestalt-en -pertzepzioaren egungo ikasketaren oinarriak ezarri zituen psikologia-eskola- psikologian oinarrituz2. Era berean, Vasarely Arte Zinetikoaren ideiak bultzatzeagatik ere da ezagun; horrek mugimendu-sentsazioak bilatu zituen azalera lauko ilusio optikoen bidez. Haren lanek jolas-optikoak sortzen dituzte; horietako batzuek ikusleari traba egiten diote edo zorabioa eragiten diote.

Vasarelyk 1955etik 1979ra lan egin zuen Lacerta egiteko; garai horretan, haren estiloa eta interesak aldatu ziren. Lanaren ezaugarri optikoek 1968an egin zituen lanen itxura dute; konposizio-elementuak antolatzen zituen moduagatik, irudiak pinturaren planotik ateratzen zirela ematen zuen, hiru dimentsioko bolumenak baitziruditen3.

1 Gaston Diehl, Vasarely, Eileen B. Hennessy-k ingelesera itzulia (New York, Crown Publishers, Inc., 1979), 41. or.
2
"Guggenheim Education Resource", National Gallery of Victoria. Azken bisita: 2011ko uztailaren 1ean.
3
"Victor Vasarely: Works and Biography", Peggy Guggenheim Collection. Azken bisita: 2011ko uztailaren 1ean.

  • Galdetu ikasleei zer esan nahi duen "ilusio optiko" terminoak eta saiatu guztion artean definizio bat ematen. Azaldu ikasleei artista batzuek ilusio optikoak erabiltzen dituztela euren lanetan. Galdetu ilusio optikoen inguruan zer iruditzen zaien interesgarria, nahasgarria edo zirraragarria.
  • Begiratu Vasarelyren Lacerta lanari. Galdetu ikasleei zer hautematen duten. Eskatu pintura deskribatzeko matematika-terminoak erabiliz, hala nola, simetria, esfera, hiru dimentsioak eta ardatza.
  • Lana lau koadrantetan antolatuta dago. Eskatu ikasleei koadrante bakoitzaren eta osotasunaren arteko erlazioa deskribatzeko. Zertan dira berdinak? Zertan desberdinak?
  • Arte Optikoak objektu bat hiru dimentsiotan edo mugimenduan ikusteko ilusioa sor dezake. Nabaritzen al dute ikasleek ilusio hori lanari begiratzean? Hala bada, eskatu efektu deskribatzeko eta Vasarelyk gainazal lau batean ilusio hori nola eratu zuen identifikatzeko.
  • Galdetu ikasleei zein izen emango lioketen lanari eta zergatik. Ondoren, eman izenburua: Lacerta. Konstelazio txiki baten izena da eta latinez "musker" esan nahi du. Nola lotuko lituzkete pinturaren izenburua eta itxura?
  • 1954an, Vasarelyk esan zuen bere konposizioak "pintura bat baino gehiago" zirela. Nahiz eta formek eta koloreek pintura-planoan bolumenik ez izan, "planotik haratago eta planoaren barruan" antzeman zitezkeen efektuak sortzen zituzten1. Eskatu ikasleei adierazpen hori artelanarekin erlazionatzeko. Zein zentzutan dira konposizio hauek pinturak baino gehiago? Nola sortzen dituzte pintura-planoaz haratagoko efektuak?1 Gaston Diehl, Vasarely, Eileen B. Hennessy-k ingelesera itzulia (New York, Crown Publishers, Inc., 1979), 31. or.

 

Ideia abstraktuak

  • Vasarely arte grafikoko eskoletara joaten zen bizirauteko Hungariako boladun errodamendu fabrika batean lan egiten zuen bitartean. Vasarelyk gogoratzen zuenez, berak eta bere ikaskideek nahiago zituzten "ikasgai abstraktuak, arterik gorentzat hartzen baikenituen. Formaren, koloreen eta materialaren bidez, ‘zorrotz', ‘astun', ‘samur', ‘bigun', ‘lasai' bezalako ideien baliokide plastikoa adierazi behar genuen"1.
  • Idatzi arbelean Vasarelyk aipatutako terminoak eta galdetu ikasleei nola adieraziko lituzketen ideia horiek marrak, irudiak eta koloreak soilik erabiliz.
  • Eskatu zerrenda horretan hitz gehiago jar ditzaten; gero, horietako bat aukeratu beharko dute eta arkatza eta papera bakarrik erabiliz adierazi.  Ondoren, koloretako arkatzak erabili ahal izango dituzte. Bukatzean, lanak partekatu. Nola islatu dituzte euren ideiak formen, marren eta koloreen bidez? Zein zailtasun izan dituzte?

 Arte Optikoa

  • Vasarely gure begiak eta burmuina engainatzean maisu izan zen, baita mihise lau edo guztiz ahurra guregana proiektatzen ari dela sinestaraztean ere. Ilusio horiek sortzeko, hainbat teknikaz baliatu zen:
    -Espazio positiboak eta negatiboak: irudia eta forma alderantzikatu zituen.
    -Koloreen arteko erlazioak
    -Perspektiba: puntu bateko edo biko perspektiba erabiltzen zuen uzkurtu edo hedatzen den espazio abstraktu bat sortzeko
    -Errepikapena: dentsitate ezberdineko irudi geometriko berdina errepikatzen zuen
  • Efektu horiek lantzeko, ikasleek irudi geometriko sinpleak marraztu behar dituzte orri batean eta gero marrazkia kalkatu edo fotokopiatu bertsio asko izateko. Marrak eta koloreak erabili behar dituzte bi irudi sortzeko; batean, irudi geometrikoak ikuslearengan proiektatzen direla eman behar du; bestean, irudiek atzera egiten dutela.
  • Helburuak bete dituztela uste dutenean, erabilitako metodoak aztertu ikasgelan.

Irudia eta hondoa alderantzikatu

  • Vasarelyren lehen lanek irudia eta hondoa alderantzikatzen dute. Gizakion pertzepzioak irudia edo objektua (objektu positiboa) hondotik (objektu negatiboa) banatzeko joera dauka. Nahiz eta gehienok hondoari garrantzirik eman ez, artista plastikoentzat irudien inguruko eta horien arteko espazioak funtsezkoak dira.
  • Jarduera hau egiteko, ikasleek tamaina bereko bi orri-bata beltza eta bestea zuria-, arkatza, artaziak eta barra itsasgarria behar dituzte. Nahi duten orria erabil dezakete, hau da, horietako bat ez dute margotuko ez moztuko, eta bestea diseinua definitzeko erabiliko dute. Halere, kontuan izan behar dute helburua dela zuri-beltzeko diseinu bakarra egitea eta, hala, irudi beltz bat hondo zurian edo irudi zuri bat hondo beltzean ikustea.
  • Bukatzean, ikasleek euren lanak erakutsi behar dituzte eta ikasi dutenari buruz hitz egin; helburua nola lortu duten ere eztabaidatu behar dute.1

Gaston Diehl, Vasarely, Eileen B. Hennessy-k ingelesera itzulia (New York, Crown Publishers, Inc., 1979), 8. or.

 

×