Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa

2014(e)ko martxoak 14 – 2014(e)ko irailak 1

Mozte lana (Cut Piece), 1964

Yoko Onok interpretatutako performancea. Carnegie Recital Hall, New York, 1965eko martxoak 21. Minoru Niizumaren argazkiak

Jendeak gustuko ez zituen nire atalak ebakitzen jarraitu zuen, nire barruan zegoen harria besterik geratu ez zen arte, baina horrekin ez zuten nahikoa izan eta harria barrutik nolakoa zen jakin nahi izan zuten”, Yoko Ono 1

1960. urtearen inguruan, happening, performance edo ekintza bezalako esamolde artistikoak erabiltzen hasi ziren artistek, ekintza baten bidez, bizitzaz jabetzeko jendaurrean egindako agerraldiak definitzeko. Sarritan gidoirik edo argumenturik ez zuten askotariko antzerki-ekintza edo ekitaldi horiek (egitura ireki eta zehaztu gabea zutenak) gizartearen konbentzionalismoak astintzen zituzten eta ikuslea probokatzen zuten. Urte horietan, Yoko Onoren (Tokio, 1933) lanak, esperientzian eta intuizioan oinarritutako planteamendua zutenez, abangoardiako beste artista batzuentzat erreferentzia izan ziren eta ildo horretan paper erabakigarria jokatu zuten. 2

Haurra zenetik Japonia eta Estatu Batuen artean bizi izan zen, eta kulturen arteko uztartze horren ondorioz, ekialdeko berezko ezagutza kultural eta erlijiosoa eta mendebaldeko proposamen filosofikoak nahasten zituen Onoren jardun artistikoak. Hain zuzen ere, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan mendebaldetik ekialdera erakutsitako joera hori iraultza bilakatu zen nazioarteko artean.

1960–61ean, New Yorkeko Lower Manhattango Chambers Streeten apartamentu bat alokatu zuen Yoko Onok; askatasunez lan egiteko eta buruan sortzen zitzaizkion ideia erradikalak lagunekin partekatzeko lekua zen. Kontzertu eta ekitaldiak antolatu zituen bertan La Monte Youngerekin (Bern, Idaho, AEB, 1935) batera. Giro hartan ezagutu zuen George Maciunas (Kaunas, Lituania, 1931—Boston, Massachussets, AEB, 1978) artista, arkitektoa eta musikagilea, zeinak Onoren ideiek liluratuta, geroago Fluxus mugimendua sortu zuen. Onoren planteamenduak funtsezkoak izan ziren mugimendua sortzeko eta geroago garatzeko. 3

Fluxus mugimenduko kideek, musikaren, antzerkiaren eta arte plastikoen berrikuntzari jarraikiz, performanceak, kontzertuak eta grabazio zinematografikoak egin zituzten. Ekimen horiek erabat amaituta egon zitezen, Onoren ideiak aintzat hartuta, ezinbestekoa zen ikusleak parte hartzea. Artista horien printzipio iraultzaileek artearen eta artistaren eginkizuna zalantzan jarri zituzten, bai eta artistaren eta ikuslearen arteko harremana ere. Edonor artista izan zitekeela zen haien oinarrizko premisa, eta, horrenbestez, artea guztiona eta guztiontzat zen. Artearen eta bizitzaren arteko harremana, objektuaren eta ekintzaren artekoa, arakatu zuten artista horiek, eta artistaren eta artelanaren arteko ideia tradizionala aldatu zuten betirako.

Mozte lana (Cut Piece), 1964, obra Kyoton aurkeztu zuen lehen aldiz Onok 1964ko uztailean. Ono agertokian geldi eserita ageri zen, emakumezkoen jarrera japoniar tradizionala hartuta, eta bere soinekoaren zati bat mozteko gonbitea egiten zien bertaratutakoei. Horrela, berarekin topaketa intimoa eskaini zuen Onok, eta arropa moztearen ekintzak, isiltasunean, eragiten zuen larritasun eta oinaze sentsazioa bizitzeko aukera zuen publikoak. Onok adierazi zuen bere asmoa parte-hartzaileek “gauzak formetatik harago ikusten hastea… isiltasunean egonda entzuten diren soinuak entzutea… ingurunea eta jendearen bibrazioak sentitzea… beldurraren eta iluntasunaren soinua sentitzea” zela. Performance honen bidez, bizi garen gizartean gertatzen den indarkeria, sarritan ezkutuan, agerian uztea zen artistaren helburua. 4

Era berean, 1960ko hamarkadan barrena konbentzio zinematografiko eta musikalen aurka egindako iraultzetan parte hartu zuen Onok. Bitarteko zinematografikoak modu soil eta esperimentalean erabiliz, ekintza isolatuak eta minimoak erakusten zituzten filmek eta kutsu poetiko handiko eragina lortzen zuten, ikuslea meditazio giro batean murgilaraziz. Kliska, fluxus filma 9. zk. (Eye Blink, Fluxfilm No. 9), 1966 filmak artistaren begien kliska erakusten du edo Filma 1. zk. (Pospolo lana), fluxus filma 14. zk. [Film Nº1 (Match Piece) Fluxfilm No. 14], 1955/1966 filmak pospolo bat piztu eta itzaltzen den tartearen sekuentzia bat jasotzen du lehen planoan.

Yoko Ono oso gaztetatik trebatu zen musikaren arloan, eta haurra zelarik, egunez eguneko soinuak arreta handiz entzutera bultzatzen zuten, ondoren bere alfabeto musikalean gordez. Soinu horiek oso garrantzitsuak izan ziren Fluxus mugimenduak antolatutako performance eta ekitaldietan. Aurretik ere, Onok hizketan egindako kantuaren antzeko zerbait egiten zuen bakarka edo beste pertsona batzuekin batera errezitatutako testu poetikoek lagunduta, bere ahots erregistro ezohikoaren soinuekin. Garai hartako performanceetan landutako ezaugarri horietako batzuk gaur egun mantendu eta garatu egin ditu, bere musika estilo imitaezina sortuz. 5

 

  1. Yoko Ono, “Statement” from “Biography” (1966), The Stone, Judson Galleryn argitaratua, New York (1966). YES YOKO ONO lanean berrinprimatua, erak. kat., (New York: Japan Society Gallery and Harry N. Abrams, Inc., Publishers, 2001), 28. orrialdea.
  2. Ingrid Pfeiffer. “Bringing the World into Balance”. Yoko Ono. Half. A. Wind show. A Retrospective, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, (2014ko martxoak 14–2014ko abuztuak 31), 27. orrialdea.
  3. John Hendrix. “Yoko Ono and Fluxus”. Yoko Ono. Half. A. Wind show. A Retrospective, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, (2014ko martxoak 14–2014ko abuztuak 31), 53–54. orrialdeak.
  4. Yoko Onoren aipamena Alexandra Munroe-ren “Spirit of YES: The Art and Life of Yoko Ono”n YES YOKO ONO, erak. kat., Japan Society Gallery, New York (2000ko urriak 18–2001ko otsailak 14), 28. orrialdea.
  5. Ingrid Pfeiffer. “Bringing the World into Balance”. Yoko Ono. Half. A. Wind show. A Retrospective, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa (2014ko martxoak 14–2014ko abuztuak 31), 28. orrialdea.

Ikus Mozte lana (Cut Piece), 1964 bideoaren zati bat helbide honetan: www.youtube.com/watch?v=lYJ3dPwa2tI

Ikusitakoa beste pertsona bati deskribatu. Zeintzuk ageri dira bideoan? Zein ekintza burutzen dituzte?

Nola dago eserita artista? Zure ustez, zergatik hartu du jarrera hori?

Ia baliabiderik ez zuen garai hartan, soinekorik onena erabili zuela dio Onok. Deskribatu jantzita daraman arropa. Zergatik uste duzu arropa hori hautatu zuela? Arretaz begiratu Yoko Onoren aurpegiak soinekoa mozten dioten bitartean duen espresioa. Adierazi zure ustez bere aurpegiak islatzen dituen sentimenduak. Nola deskribatuko zenuke parte-hartzaileen jokabidea? Entzun grabazioaren soinua. Zure ustez, zein giro dago entzungelan? Eskatu ikasleei norberak hitz bakar batez definitu dezala giroa eta paper zati batean idatz dezatela. Hitzak jasotzen dituzten paperak elkar trukatzea eskatu eta hitz horiek ozenki irakur ditzatela, hitzarekin ados dauden edo ez adieraziz.
Mozte lana, 1964, lanak soilik inguruko soinua izan arren, soinuek berebiziko garrantzia dute eta musika modura uler daitezke. Hausnarketa egin ezazue ekitaldi batean zehar gertatzen den isiltasunaren, soinuen edo melodia musikal baten balioaz.

Nola sentituko zinateke artistaren lekuan egonez gero? Aitzitik, nola sentituko zinateke partaideetako bat izango bazina? Zer iritzi duzu publikoak artelanetan parte hartzeari buruz? Zergatik uste duzu publikoak ekintza honetan parte hartzea nahi zuela Onok?

Poema soinudunak

Grabagailuak erabiliz, eskola inguruetan soinuak bilatzeari ekin diezaiotela ikasleek. Ikasleei soinu desberdinak grabatu ditzaten eskatu, hala nola, ibaiaren uraren murmurioa, itsasoko olatuak, autoen mugimendua, airea, haizea, eta baita entzun ezin diren soinuak ere, esaterako, lore baten soinua edo eguzkiaren soinua, etab. Eremu-koaderno bat osatu, geroago, soinu horietako bakoitza identifikatu ahal izateko.

Behin eskolara itzulita, grabatutako soinuak ikasgelan entzun eta ikaskideei zein soinu diren azaldu; saiatu soinu horiek poema soinudunak balira bezala interpretatzen, soinuek norbanakoari eragiten dizkioten sentsazioak adieraziz.


Eguneroko melodia

Ekintza bat antolatu eskolako ekitaldien aretoan edo ikasgelan bertan. Gonbidatu ikasle guztiak bertan parte hartzera.

Agertokian bururatzen zaizkizuen eguneroko objektu mota askorekin (botilak, koilarak, paperak, harriak, puxtarriak, boligrafoak, gaileta zorroa, tik-tak egiten duen ordularia edo iratzargailua, etab.) betetako mahaia prestatu. Aulkiak ipini mahai atzean partaideak orkestra moduan eser daitezen. Ikasleei objektu bat hautatu dezaten eta aulkietan eser daitezen eskatu. Behin aulki guztiak okupatuta daudela, eguneroko objektuak mugitu, kolpatu eta, azken batean, agerian utzi sor ditzaketen soinuak, guztion artean melodia bat lortzen saiatuz. Erregistratu jarduera grabagailu edo bideo-kamera erabiliz.

Behin amaituta, entzun eta/edo ikusi ekintza berriz ere eta hitz egin emaitzei eta izandako sentipenei buruz.


Espresioak

Jarduera honetan, gelako ikaskide batzuen begien lehen planoarekin minutu gutxiko bideoak egingo dira. Grabatzen den bitartean, irribarre egitea, haserre, harridura edo asperdura aurpegiera jartzea, etab. eskatuko zaio parte-hartzaileari.

Behin grabazioak amaituta, bideoak erakutsiko dira eta egindako keinu bakoitzean begiek jasandako espresio aldaketa aztertuko da; aldi berean, ikasleen aurpegiera bakoitzaren desberdintasunak nabarmenduko dira. Adierazi transmititzen dizkizueten sentsazioak.


HIZTEGIA

Ekintza artea: Artisten agerraldi publikoak definitzeko jardun artistikoa; antzerki-ekintza edo ekitaldi desberdinak, gidoirik edo argumenturik gabe sarritan, aldi berean gertatzen dira. Ekintza horiek probokazioari lotzen zaizkio eta, sarritan, gizartearen konbentzionalismoak astintzea eta, jokabidea aztertuz, artea bizitzarekin harremanetan jartzea dute helburu.

Fluxus: George Maciunasen figuraren inguruan sortu zen fluxus mugimendua eta artearen interpretazio instituzionalei desafio egiten zien jarrera eta estilo iraultzailea zen. Fluxus mugimenduko artistek ikusizko arteekin, musikarekin, dantzarekin, antzerkiarekin eta ekintza edo happeningak bezalako adierazpide erradikalekin esperimentatu zuten. Zoriari eta umoreari lotutako elementuak funtsezkoak ziren.

Happening-ak: Estudio, galeria edo ez-ohiko leku batean adierazitako antzezlan antinarratiboa, orokorrean, publikoaren zuzeneko parte-hartzearekin. Ekintza horietan objektu erabiliak eta manipulatuak ageri ziren, bai eta musika elektronikoa edo zuzenekoa ere, eta batzuetan giro sofistikatuak sortzen ziren espresuki.


WEB BALIABIDEAK:

• Happening/Performancea/Ekintza artea
www.buenosaires.gob.ar/areas/cultura/arteargentino/02dossiers/accion/0_intro.php
www.accionmad.org
www.aspaceforliveart.org
www.contenedoresfestival.es
www.revistalabolsa.com/index.php
www.arton.es/ARTON/HOME.html

• Fluxus:
www.cccb.org/rcs_gene/fullma_web_xcentric_3_cast.pdf

• Mozte lana, 1964:
www.youtube.com/watch?v=lYJ3dPwa2tI

×