Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Egon Schiele

2012(e)ko urriak 2 – 2013(e)ko urtarrilak 6

Gaiak | Autorretratua beheko betazala tenkatuta, 1910

|

Autorretratua beheko betazala tenkatuta, 1910
Klariona, urmargoa eta kolore opakuak
44,3 x 30,5 cm
Albertina, Viena

Idatziz jasota gera dadila nahi dut [...] ikertu, asmatu, aurkitu nahi dut, helmenean ditudan baliabide guztiekin, su hartzear eta erretzear daudenak [...] eta gure munduaren betierekotasun ilunenak argitu [...] Horregatik, etengabe sortzen ditut artelan berriak eta, itxuran, amaigabeak, nire barnetik ateratzen direnak [...] Horren aberatsa naiz, ezen nire burua oparitu behar baitut.

—Egon Schiele (1)

Egon Schieleren (Tulln, Austria, 1890–Viena, 1918) paper gaineko lanetan giza irudia gailentzen da. Ezohiko ikuspegitik egin zituen autorretratu eta emakumeen biluzi hauek; artea irauli zuten, batez ere, emakumeen biluziek, erotikotasuna pornografiaren edota karikaturaren eremutik atera eta arte jaso bihurtu baitzuten. Garai horretan ez zen ohikoa autorretratuetan halako interesik edukitzea; artistak beraren nortasunaren eta bizitzaren ardura zeukala aditzera ematen digute horrelako lanek. Espresionismo berezia jorratu zuen Schielek, ezaguterraza; baina, hala ere, Vienako Sezesioaren (1879–1939) baliabideak erabili zituen, hala nola, “gainazal lauen eta lerro edergarri arinen erabilera dekoratiboa” (2).

Etxean ez zuten asko sustatu Schieleren arterako trebetasuna, aita moduan treneko langile izatea espero baitzuten. Dena den, Schielek Gustav Klimt (1862–1918) pintorearen babesa bilatu zuen; Schiele baino 28 urte zaharragoa zen, eta, neurri batean, gidariarena egin zuen bai artegintzan bai bizitzan. Biek modu bertsuan landu zuten erretratugintza: konposizioa antzekoa da, izan ere, formatu luzanga, lerro arinak eta edergarriak baliatu zituzten, are antzeko arropak irudikatu. Nolanahi ere, Klimtek kolorea erabiltzen zuen pertsonaien arropak apaintzeko; Schielek, berriz, pertsonaien barnea, haien aldartea, aditzera emateko. Schieleren lanetan bihurritutako gorputzak, jarrera asimetrikoak eta ingerada gorabeheratsuak maiz agertzen dira, eta adierazten dute egituran eta lerroan interesa zuela. Klimtek, sarri, edertasuna goratzen zuen haren lanetan; Schielek, ordea, itsustasuna, sexualitate esplizitua eta eritasuna nabarmentzen zituen nahita.

Haiseratik, Schielek autorretratuekiko jakin-mina zuen. 1906an Vienako Arte Ederren Akademiara sartu baino lehen, hamar autorretratu egin zituen. Autorretratu asko sinbolikotzat jo dituzte, fraide eta eremita gisa irudikatzen baitzuen bere burua, eta, 1914tik aurrera, martir saindu baten moduan (3). Autorretratua beheko betazala tenkatuta (1910) lana Klimten eraginaren adibide da, baita haren estilotik aldendu zelako erakusgai ere. Klimten lana gogora ekartzen dizkigute arropako kolore biziek, distiratsuek, apaingarri gisa erabilitakoek, baina, jarrerak, ordea, Klimten bestelako gorputz-lengoaia bat aditzera ematen du. Konposizioaren asimetria hausten dute okertutako buruak eta irudia paperaren eskuinetara egoteak; Schieleren keinuek pentsamenduen eta sentimenduen pisua iradokitzen dute. Beste autorretratu batzuetan aditzera eman zuen heriotzak, amodioak, sexuak eta artista bilakatzeko prozesuak kezkatzen zutela.

1. Egon Schiele, honetan aipatua: Egon Schiele: The Leopold Collection, Vienna, erak. kat., DuMont, Kolonia; Museum of Modern Art, New York, 1998, 32 or.

2. “Egon Schiele, 2005ko abenduak 7–2006ko martxoak 19”, Albertina, Viena.

3. Egon Schiele, 23 or.

Guztion artean begiratu Egon Schieleren Autorretratua beheko betazala tenkatuta (1910) lanari. Galdetu ikasleei: zer da deigarria erretratu horretan? Nola deskribatuko lituzkete koloreak eta apaingarriak? Eta arropak?

Aurpegiko imintzioan eta gorputz adierazpenean arreta jar dezatela eska iezaiezu. Ikasle batek erretratuko jarrera imita dezake, eroso, larrituta ala erlaxatuta dago? Nola sentitzen da, haien ustez, erretratatutako gizona?

Gustav Klimt Schieleren mentorea zen. Eskatu ikasleei Klimten erretratuen irudiak bilatzeko eta lan honekin erkatzeko. Zer antzekotasun eta zer alde daude?

Nola baliatzen zen Schiele lerroaz? Erretratuko lerro nagusiak marrazten saia daitezke (are airean, alegiazko pintzelez). Nola deskribatuko lituzkete lerro horiek? Koloreztatutako eremuen eta lerroen arteko aldeak eztabaidatu denon artean.

Azaldu ikasleei artelana autorretratu bat dela. Beste lan mota bat zelakoan zeuden? Askok esan dute artegarria dela beheko betazala horrela tenkatuta egoteak, ez dela oso keinu harmoniatsua. Zer pentsatzen dute ikasleek? Artistak zerbait esan ahalko balu, zer esango luke, haien iritziz?

Galdetu nola irudikatuko luketen euren burua: zer kolore eta zer lerro mota erabiliko luketen, nola paratuko liratekeen, zer adieraziko luketen aurpegiko imintzioaz eta abar.

Modeloa eta artista

Schieleren erretratuetan sarritan pertsonaiek jarrera eta paratzeko modu bitxiak dituzte, bihurrituta, okertuta, agertzen dira. Horrela irudikatu zituen “Wally” Neuzil, luzaz haren modelo eta neskalagun izandakoa, eta Edith Harms, geroko emaztea. Galdetu ikasleei nola sentituko liratekeen inork horrela erretratuko balitu. Bikoteak egin eta bakoitzari eman Schieleren erretratu bat. Modeloaren eta artistaren arteko elkarrizketa txikia antzezteko eskatu. Zelan uste dute erantzun zuela irudikatutako pertsonak bere erretratua ikustean? Zer-nolako aldaketak eskatuko zituzkeen? Adibidez, beste ikuspegi batetik irudikatzea eska zezakeen. Schielek zer argudio emango zukeen bere lanaren alde?

Marrazki jarraitua

Schielek artista zaharrago askoren eragina izan zuen. Auguste Rodin (1840–1917) eskultore frantziarraren lanetik hartu zuen “marrazki jarraitua” delako teknika. Rodin marrazkigintza eta eskulturagintza errealistan trebatu zen, baina jardunbide neoklasikotik urrundu zen marrazki libreagoa eta espontaneoagoa lantzeko. Giza gorputza mugimenduan jaso nahi izan zuen, eta, horretarako modelotik begiak kendu gabe marrazten zuen, arin gainera (1). Begiratu Schieleren Autorretratua beheko betazala tenkatuta (1910). Marrazkiaren zer ezaugarri lot dakizkioke marrazki jarraituaren teknikari?

Marrazki jarraituaren teknika erabiliko dute bi jardueratan. Binaka lan egingo dute. Lehenengo, batek ekintza bat burutu bitartean (edan, barre egin, korrika egin eta abar), besteak ikaskidea marraztu behar du. Marrazten dagoela ezin dio paperari so egin, mugitzen denari etengabe begiratu behar baitio.

Bigarren ariketan, ikaskide batek bestea marraztuko du, baina arkatza paperetik kendu, altxatu, gabe. Ikaskidea geldi zein mugitzen egon daiteke. Bi ariketen inguruan eztabaidatu behar dute, zer gustatu zaie? Zer ez? Zer alde dago egin ohi dituzten marrazkiekin?

Ingerada marrazten

Jarduera hau (2) marrazki jarraituarkin lotuta dago. Schielek marrazki ugari egin zituen ingerada baino ez adieraziz, hau da, arkatzez irudiaren kanpoaldea baino ez marraztuz. Erabili arkatz bat eta objektu sinple bat, esaterako, madari bat, beherago azaldutako ingeradak marrazteko prozesua azaltzeko.

Imajinatu behar dute ikasleek objektuaren eta euren artean beira bat dagoela. Plano ikusezin horretan maraztu behar dute, begirada eta eskuak aldi berean mugituz. Prozesura ohitzen direnean, paperari eusteko euskarri gogorren bat bat eta folio bat altzoan jarri eta objektuaren puntu bakar batean arreta jarri behar dute. Objektuaren kanpoaldea azter dezakete arkatzez paperean marrazten duten bitartean (begirada eta eskuak koordinatu behar dituzte beste behin). Ezin diote paperari begiratu; astiro lan egitea komeni da, eskuaren eta begiradaren mugimenduak ondo uztartu ahal izateko.

Egindako marrazkiaren zein zatik dute xehetasun gehien? Zeintzuk ez? Nola aberas daiteke marrazkia? Schieleren Ernst Wagner doktorea (1918) erretratua ingeradak nabarmendutako marrazkiaren adibide bikaina da. Astirik baduzue, eskatu ikasleei euren marrazkiak ilundutako guneez eta apaingarriez osa dezaten.

Autorretratuak

Jarduera honetan, autorretratu bat okertu eta bihurrituko dute, eta asimetriko eta proportzio gabeko bihurtu, argazkigintza digitalari esker. Horretarako ikasleen argazkiak behar dituzue, bai eta ordenagailuak; argazkiok eskolan atera dezakezue, kameraz edo telefono batez, edota etxetik ekarri, arruntak (eskaneatzeko) zein digitalak (emailez bidalitakoak zein memoria batean eroandakoak). Photoshop programa erabili gorputza eta aurpegia distortsionatzeko. Elkarrekin hausnartu gorputz-atalen simetriaz eta proportzioez. Photoshop programan hainbat tresna erabiliko dituzte, besteak beste, fokua kentzekoa, gehiegizko esposizioa eragitekoa, pintzelak direlakoak eta abar. Jatorrizko erretratuak eta eraldatutakoak alderatu behar dituzte beste ikaskideekin batera. Zer aldaketa nabaritzen dituzte? Nola eragiten diete aldaketok erretratuaren giroari? Koloreak ere erabil ditzakete argazkiak are gehiago eraldatzeko; simetria eta proportzioak gehiago hausteko balia ditzakete.

1. Clare Vincent, “Auguste Rodin (1840–1917)”, Metropolitan Museum of Art, New York.

2. “The Figure Drawing Lab” jarduera egokitua, University of Evansville, AEB.

 

Hiztegia

Espresionismoa: XX. mende hasierako arte-mugimendu bat da; garrantzi berezia ematen zion artistaren barnearen adierazpen subjektiboari.

Marrazki jarraitua: giza irudia jasotzeko modu bat da; modelotik begirada kendu gabe eta arkatza paperetik altxa gabe marraztean datza.

Neoklasizismoa: XVIII. eta XIX. mendeetan arkitekturan eta artean, batez ere dekorazio-arteetan, gertatutako klasizismorako itzulera; ezaugarri izan zituen ordena, simetria eta sinpletasuna.

Vienako Sezesioa: XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran izandako arte- eta arkitektura-mugimendu bat da; garai hartan gailentzen ziren akademiako estiloak baztertu eta estilo berri eta esperimentalagoen alde egin zuen.

Sareko baliabideak

The Artist and His Work, Museum of Modern Art, New York
Egon Schiele, Neue Galerie, New York
Egon Schieleren biografia, Guggenheim Bilbao Museoa
Klimt Museum: Gustav Klimt-en lanen museo birtuala
Musée Rodin, Paris
Rodin Museum, Filadelfia
German Expressionism
(“Alemaniako espresionismoa”) erakusketa, Los Angeles County Museum of Art
Arty Factory, Erretratuaren inguruan gehiago jakiteko (proportzioak, aurpegierak, itzaldurak eta beste ezaugarri batzuk).

Bibliografia

Egon Schiele (2005ko abenduak 7–2006ko martxoak 19), Albertina, Viena
Egon Schiele: The Leopold Collection, Vienna
, erak. kat., DuMont, Kolonia; Museum of Modern Art, New York, 1998.
The Figure Drawing Lab”, University of Evansville, AEB
Friedel, Helmut eta Helena Perena (arg.), Egon Schiele: The Unsalvageable Ego: Works from the Albertina, erak. kat., Wienand, Kolonia, 2012.
Vincent, Clare, “Auguste Rodin (1840–1917)”, Metropolitan Museum of Art, New York.

 

×