Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Rubens eta bere garaia

2002(e)ko urriak 2 – 2003(e)ko otsailak 16

Flandesko Barrokoaren munduko bilduma garrantzitsuetarikoa duen Ermitage Museoak lan garrantzitsua garatu du Rubens eta bere garaikideak ezagutarazteko. Erakusketa hau aukera paregabea da aparteko museo horren xvii. mendeko pintura eta marrazki flandestarren aukera miresteko. Peter Paul Rubens (1577–1640) artista eta humanista bikaina, XVII. mendeko Flandesko panorama artistikoan gailendu zen. Rubens-ek artista gisa izan zuen aldaberatasuna argi eta garbi aditzera ematen da Rubens eta bere garaia. Ermitage Museoaren altxorrak erakusketaren bidez.

Erakusketak bere ehizako irudiak, eszena historiko eta biblikoak, natura hilak, Rubens-ek eta bere dizipuluek margotutako erretratuak nahiz bitxigintzako piezak, kameuak, marfileko grabaketak, beirak, esmalteak eta tapizak biltzen ditu.

Rubens eta bere garaia. Ermitage Museoaren Altxorrak erakusketak, San Petersburg-eko Ermitage deritzan Estatu Museoko altxorretariko bat ikusteko aukera ematen dio ikusleari: XVII. mendeko Flandesko pintura-bilduma, dekorazio-arteak eta marrazkiak. Erakusketak, museoko zortzi sailetatik datozen hirurogei bat artista eta artisauren maisulanak barneratzen ditu. Pinturak, marrazkiak, urregintza-piezak, tapizak, armak eta armadurak, bolizko grabatuak, beirateriak, esmalte eta instrumentu zientifikoak dituen objektu-aukeraketa bikain honek, agerian uzten du XVII. mendeko Flandesko bildumazaletasuna zenbaterainoko sofistikazio-maila lortzera iritsi zen eta arte eta kulturaren historiaren aparteko garai hau ekartzen digu gogora era bizi batez.

Erakusketa honetan ohorezko tokiaren jabe den artista Peter Paul Rubens (1577–1640) da; bere aparteko talentuari, aldaberatasunari eta gaitasun ugariri esker XVII. mendeko artistarik garrantzitsuenetarikoa izan zena. Rubensek arte-adierazpen molde guztiekin (pintura, marrazketa, inprenta, liburuen ilustrazioa, tapizen diseinua, eskultura eta arkitektura) izandako lotura estuak eraginda aberastasuna, jabetzak eta nazioarteko maila eta ospea bereganatu zituen, baina ez artean soilik baita politika eta diplomazia mailan ere. XVII. mendean eta geroagoko garaietan Rubensek arte flamendarrean izandako eragina aztertzen duen erakusketa hau, gaika antolaturik dago: alegoria eta mitologia, erlijioa, erretratuak, genero eta paisaien pintura. Rubens eta bere garaia. Ermitage Museoaren Altxorrak erakusketak, Rubensen jarraitzaileetariko batzuen artelanak ere aurkezten ditu, Anton van Dyck (1599–1641) eta Jacob Jordaens-enak (1593–1678), baita garaikide izan zituen artista batzuenak ere, Adriaen Brouwer (1605/06–1638) eta David Teniers Gaztearenak (1610–1690), esaterako.

1764ean sorturiko Ermitage Estatu Museoak hiru milioi obra baino gehiago du bere baitan. Hauetariko asko Katalina Handia enperatrizak (1729–1796) baturiko bildumatik eskuratutakoak dira. Katalinaren aholkulariak Europan zehar ibili ziren bilduma sonatu gehiagoren peskizan; gehienean oso-osorik eskuratu ohi zituzten Errusiako Enperatrizaren aberastasun ikaragarriari esker. Tsarinaren bizileku zen Neguko Jauregi ikaragarria, Ermitage Museoaren bihotza da gaur egun eta Europako pinakotekarik onenetarikoa ere bai. Eskuratze izugarri hauen bitartez, Enperatrizak Errusiaren aberastasuna eta oparotasuna eman nahi zituen aditzera eta atzerrian zabaldutako Katalina "iparraldeko Minerva" zen usteari indarra eman.

Zinez Rubensenak ziren lehen artelanak, Katalinak, Carl Cobenzl Kontearen (1712–1770) bilduma eskuratu ostean iritsi ziren Ermitagera, eta Errusiara. Konte hau, Maria Teresa Enperatrizaren ministro ahalguztiduna zen hegoaldeko Herbeheretan. Izan ere, bere karguaren pribilejioei esker erosi zion Brujas-eko Gotzainari Karitate kristaua edo Cimon eta Pero delako koadroa, Rubensen aldi klasikoari dagokion karitate kristauaren irudikapen alegorikoa. Katalinak 1786an erosi zuen pintura hau Cobenzl bildumatik. Hala ere, Ermitageko bildumara egindako pintura flamendarraren eskuratzerik adierazgarrienetarikoa Lurraren eta Uraren batasuna (g.g.b. 1618) koadro bikaina da, dudarik gabe. Katalinaren semeak, Pablo II.ak, eskuraturiko mihise honek, Anberesko (Rubensen jaioterriko) goraldia ospatzen du, Eskalda ibaia merkataritza flandestarrari berriz ireki izanari zor zaion goraldia; aurretik holandarrek itxirik izan baitzuten merkataritza beraien esku edukitzeko ahaleginean.

Eskalda ibaiaren ertzean kokaturiko Anberes, Flandeserako sarrera preziatua zen. Herbehereetan lekuturiko (egungo Belgikan) hegoaldeko eskualde katoliko hau, Espainiako Habsburgotarren koroaren jarraitzaile leiala zen. Hiriak, xvi. mendearen azken hamarkadetan gerra zibilaren, erlijio-aztoramenaren, atzerriko gobernua izatearen eta geldiune ekonomikoaren ondorio kaltegarriak jasan behar izan zituen. XVII. mendearen hasiera aldera, Isabel Klara Eugenia bere senar Alberto Artxidukearekin batera Herbehereetako Gobernadore izendatu izanak, hiriaren berpizteari eman zion hasiera pixkanaka. Espainiar koroaren interesen mesedetan, aipaturiko senar-emazteek hiriaren berrikuntza katoliko ikaragarriari eman zioten hasiera eta Anberes iparraldeko Europako arte-gunerik dinamikoena izatera iritsi zen berriz ere. Ehundaka artistek kontinente osoan zehar balio handikotzat jo ziren artelanak egin zituzten; artista hauetan bat Rubens zen, gorteko pintore izendatua izan zena. Honetaz gain, hiriak luxuzkoak ziren era askotariko gaiak esportatzen zituen; zetak, alfonbrak, altzariak, musika-instrumentuak, beirateria eta zizelkaturiko diamanteak. Arte-ekoizpen handi honek aberastasun eta prestigio berria eman zion Anberesi.

Arte barrokoa eliza katolikoaren baitan jaio zen eta arte honen bikaintasun eta gaitasun handia propaganda erlijiosoa egiteko erabili zuen eliza katolikoak. Rubensek, 1608an Italiara eginiko bidaiatik etorri zenean, hegoaldeko Herbehereetan arte barrokoa sartu eta flandestar errealismoak eta italiar Estilo Handia bat egitea lortu zuen; hala, ohiko konposizio-era aldatu zuen sakon-sakonetik. Rubensek, sinbolismo erlijiosoari eta mitologia klasikoari buruzko jakintza-maila handia zuen. Errenazimendu italiarraren eta orduan lurpetik atera berriak ziren antzinate klasikoko estatuak aztertu ostean, gorputzaren irudikatzeak giza anatomiaren ahalik eta antzekoena izan behar zuen ondoriora iritsi zen. Hori dela eta, haragitsuak bezain mardulak ziren gorputzen errepresentazioa egitean zetzan estilo berezia garatu zuen. Nolanahi dela ere, bere berrikuntza garrantzitsuena, bere konposizio-taldeetan ardatz dinamiko baten erabileraren bitartez bizitasuna adieraztea izan zen; koadroetako irudiak mugitu eta bihurritzen ziren itxura emanez. Bere erretratu erlijioso eta sekularrek ez ezik bere paisaiek ere, Tiziano maisu veneziarraren koloreei ahalik eta etekin handiena ateratzeko duen gaitasun sinesgaitza erakusten dute. Tiziano delakoaren pinturak, bere diplomazia-misioetan ziharduela ikusi ahal izan zituen Londres eta Madrilen.

Rubensen produkzio eskergarik ez zen izango prestakuntza sendoko jarraitzaile eta ikastunak zituen lantoki egoki baten laguntzarik izan ez balitz. Rubensen ikaslerik nabarmenetariko bi izan ziren Jacob Jordaens eta Anton van Dyck artistei, beraien lehen artelanetan, maisu zuten honen lehen urteetako teatralitatearen eragin garbia igartzen zaie, ez ordea, hainbeste, azken urteetako bereizgarri izan zuen klasizismoarena. Jordaensek, lan erlijioso eta mitologiko piloa egin ostean, Rubensen estiloari lotuagoa zegoen bateranzko joera hartu zuen; maisuaren motiboak, bereak ziren herri-errealismoaren irudiekin konbinatuz. Erakusketan, Jordaens-en obrako bi adibide bikain daude ikusgai: pintore historiko gisa eginiko 1653ko Kleopatraren oturuntza eta erretratista gisa eginiko Agure baten erretratua (g.g.b.1637). Van Dyck, berriz, hasiera-hasieratik, Rubensen obraren dinamismoak liluratu zuen gehiago. Rubensek Genoan eginiko erretratuak ikusi ostean, Van Dickek barrokoa zen zeremonia-erretratu mota aparta garatu zuen, Europan bizirik iraun zuena XVIII. mendera arte. Alderdi askotan, bere maisuari gailendu zitzaion gorte-erretratugile gisa, batez ere Ingalaterrako Karlos I. aren gorteko erretratugile izendatu ostean; garai honetakoa da Enriketa Maria Erreginaren Ohorezko Damak (Anne Killigrew identifikatu gabeko dama batekin) 1638 ingurukoa.

Rubens eta bere garaia erakusketak Rubens, Jordaens eta Van Dyck artisten artelanak ez ezik beste artista garaikide esanguratsuen artelanak ere aurkezten ditu. Genero-eszenen maisu handia zen Brouwer-ek berak aukeratutako pertsonaia-tipoei trataera bitxia ematea gustuko zuen, bere aurrekoak izan ziren Jerónimo van Aeken Bosch "El Bosco" eta Pieter Bruegel "Zaharra" artistek egiten zuten bezala. Irudi bihurriz beterikoa izan arren Herriko hitzontzia (Eromenaren harriaren erauzketa), 1620ko hamarkadan eginiko pinturak, agerian uzten du artistak paisaiaren trataeran eta kolore-sorta bizien erabilera egiterakoan edertasunari dion atxikia. Flamendar maisu aipagarria zen David Teniersek artelan mota ugari sortu zuen, horien artean paisaiak, erlijio-pintura, genero-eszenak, animalia-pinturak eta erretratuak. Teniersek jakintza handia erakusten du, bai bakarkako erretratuetan, bai erretratu formal eta talde-erretratuetan ere. Talde-erretratu horietako bat 1643ko Anberesko baleztari gremioko Ordenako kideen erretratua da, maisulantzat jotzen den bere artelanetariko bat. Bere ezaugarri aipagarrienetarikoa giropena hiri-ingurunean egiten duela da. Pintura hau aurreko artista holandarrek eginiko bestelako erretratuetatik bereizten duena, arkitektura-formen nagusitasuna da. Frans Hals eta Rembrandt artista holandarren obretan, esaterako, lehentasuna ematen zaie pertsonen irudiei, eszenako beste edozein xehetasunaren aurretik. Argi denez, Teniersek Anberesen prestigio eta boterearen irudi tinkoa emateko asmoa izan zuen eta hau erakusketa honetako beste artelan batzuek ere azpimarratzen dute. Hala, Rubens eta bere garaiko kultura-ondasunaren baieztapena egiten da.

 

Peter Paul Rubens

Lurraren eta uraren batasuna, ca. 1618

Olio-pintura mihise gainean

222,5 x 180,5 cm

Museo Ermitage, San Petersburgo

×