Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Laborategiak: Bilduma Iraunkorrari begira. Jesús Mari Lazkano

2007(e)ko otsailak 6 – 2007(e)ko apirilak 15

2007ko aurreneko sei hilabeteetan, 103B aretoan erakusketa didaktiko batzuk egongo ziren ikusgai Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako bi artelanen inguruan, bi euskal artistaren lana aurkezteko asmotan. Ordura arte jendaurrean inoiz ez ikusgai egondako obrak izan ziren eta ikuspegi didaktiko batez aurkeztuko ziren bertan. Gainera, erakusketa horiek balio erantsia izan zuten, artistek zuzenean parte hartu baitzuten diseinuan eta produkzioan. Laborategiak erakusketek obra horiei loturiko hainbat alderdi ezagutzeko aukera emango ziguten: sortze-prozesua, egileen erreferentzia kulturalak, artistikoak eta intelektualak, materialen garrantzia eta obra bakoitzaren diskurtso nagusia.

Lanak artisten sortze-lanaren testuinguruan aurkeztea izan zuten asmo, eta era horretan haien interes eta kezka estetikoak ezagutzera ematea. Aurkezpen berezi hauen bidez, Museoak egungo euskal artista batzuen sortze-lana sakonetik ezagutzeko aukera eskaini nahi zien bisitariei eta ikasleei.

Ikusentzunezko materialekin batera aurkeztu ziren artelanok, artisten lana eta ibilbidea, elkarrizketak, argazkiak, koadernoak eta haiek egindako bidaiak jasotzen dituztenak. Material lagungarria ere gehitu zen, besteak beste, obren bozetoak edo prestaketarako marrazkiak, eta sortzaileen erreferentzia kulturalak, pertsonalak eta intelektualak agerian uzten dituzten tresnak eta materialak. Aurkezpen hauekin batera hezkuntza-programa osagarria eskaini zen, jarduera hauek barne hartu zituena: ikasle eta unibertsitarioentzako tailerrak, Lagunen kolektiboari zuzendutako solasaldiak eta artistek gidatutako bisitaldiak, ikusleei euren mundua eta sortze-eremua azaltzeko eta Museoaren testuinguru kulturalarekin duten garrantzizko lotura azpimarratzeko.

Lazkanok Halabeharraren kurba (La curva del destino) lanean, hiritarren elkarbizitzarako geografia berezi gisa aurkezten digu hiria, artista honen ibilbidearen gai nagusietakoa, alegia. Laborategiak sailetatik lehena izan zen honetan obraren sortze-prozesua azaldu zitzaigun, eta arkitekturen eta hirien ethos horrek artistak landutako irudietan duen garrantzia aditzera eman.

Jesús Mari Lazkano

Halabeharraren kurba (La curva del destino), 2004

Akrilikoa mihise gainean

300 x 500 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×