Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Igarobideak: Beuys, Darboven, Kiefer eta Richter

2006(e)ko urriak 12 – 2007(e)ko otsailak 25

Erakusketa honek XX. mendearen bigarren erdiko lau artista alemanen lana nabarmendu zuen. Joseph Beuys, Hanne Darboven, Anselm Kiefer eta Gerhard Richter izan ziren artista horiek, eta lantzen dituzten gai eta teknikengatik elkarrengandik bereizten diren arren, Igarobideak erakusketan ikusgai jarritako artelanek alderdi jakin bitan egileak bat datozela aditzera eman zigun: laurek jaso nahi dute denboraren iragatea eta gizarteen, kulturen, politikaren eta artearen historia, zeharkatutako askotariko bideak eta denbora bildu nahi izatean.

Izan ere, aipatzekoa da Beuysek Bigarren Mundu Gerraren ondoren bere sorterriak jasandako hondamen izugarria eta borroka aztertutako modua, aldi berean jarrera berria bultzatzen saiatu baitzen; Darbovenek, bere aldetik, denboraren kronista gisa jardun zuen: orainaldia zehazteko eta lehenaldia jasotzeko moduak garatu zituen. Kieferren mihiseek azpikoz gora jartzen dute pinturaren planoak sarritan iradoki ohi duen errealismoa, eta bere herrialdeak utzitako ondareari, zehatzago esanda, Alemaniako pinturaren tradizioari buruzko erreferentzia kulturalak eta historikoak gordetzen ditu; Richterren Atlas proiektuak, oraindik prozesuan dagoenak, bere produkzio artistikoa osatzen duten funtsezko materialak hierarkia zehatzik gabe biltzen ditu.

Joseph Beuys 1960ko hamarkadan elkartu zen Fluxus mugimenduara, eta haren lanek horren alderdi batzuk jasotzen dituzte, performancearen eta gai sozialen garrantzia esate baterako. Dena den, Beuysen ikuspegi berezia bere ibilbidean bilakatu zen, besteak beste, Alemaniaren historiaren, xamanismoaren edo Rudolf Steinerren antroposofiaren eraginpean —azken horrek aldarrikatu zuen giza adimenak mundu espiritualarekin harremanetan jartzeko gaitasuna duela—.  Alkimiarekiko zaletasunak bultzatuta, material eta forma jakin batzuk eraldatzeko ahalmen jakin batzuekin lotu zituen. Artea eta artefaktua bat eginez, aurkitutako objektuak eta berak sortutakoak batzen aritu zen Beuys, eta beirazko eta metalezko bitrinetan bildu zituen, antropologiako museoetan aurkitu ohi ditugun antzekoetan, alegia.

1950eko hamarkadaren erdialdean egin zituen lehenengo eskultura eta marrazkietatik 1985ean egindako azkeneko ingurumen-instalaziora arte, Beuysek obra-sorta konplexua sortu zuen: irudi eta material sinbolikoen multzo joria. Bere antzerki instalaziorik aipagarrienetakoak, Tximista oreina argituz (1985) izenekoak, lurrak, animaliek eta heriotzak beregan eragiten duten obsesioa aditzera ematen digu. Obra monumental hori hil aurreko urtean amaitu zuen, eta rtistak bere ibilbidean inspirazio-iturri izandako teoriak eta mitologiak laburbiltzen ditu; dena den, instalazio konplexu horren esanahia hark "eskultura sozial" gisa definitutako horren ikuspegitik interpretatu daiteke. Beuysek pentsamendu-aldaketa aldarrikatzen zuen, eta horretarako sarritan interaktiboak eta karga politikoz beteak ziren teknikak erabiltzen zituen; baina, teknologiatik baino norberaren ulermenetik sortutako aldaketa zen. Ideiak irudikatu beharrean ideiak sorrarazten, pizten, bultzatzen saiatzen zen; izan ere, pentsamolde sortzailearekin gizartea gaztetzea —edota argitzea— espero zuen Beuysek.

Natur zientzietan, filosofian eta okultismoan inspiratuta, Beuysek behin eta berriro barneratu zituen bere lanetan honakoak: animaliak, esate baterako, oreinak, erbiak eta erleak; materialak, adibidez, feltroa, koipea, kobrea eta burdina; sendabide erritualak eta alkimia bidezko transformazioa; baita etengabe garatzen doan utopia politikoa ere. Beuysen ustetan, bere gesamtkunstwerk delakoak (bere artelan guztiak, osotasunean) artearen eta bizitzaren arteko edozein bereizketa ezabatuko luke, "denok gara artistak" ondoriora iritsi zen eta gehiegizko arrazionalismoak eta pentsamolde dibisionistak gizartean sorrarazitako zaurien sendabideari hasiera eman nahi izan zion.

Beuysen jardun artistikoaren barruan funtsezkoa izan zen edizioen edo anizkoitzen produkzioa, eta hori aintzat hartuta aurkeztu ziren erakusketa honetan lan horietatik 550 baino gehiago. Artelanen gaitasun "igorlea" dela eta, lan horiek bere ideiak zabaltzeko modurik onena zirela uste zuen Beuysek. Harentzat, intuizioa arrazoia zuzentzeko bidea zen, eta hargatik garrantzi handia izan zuen haren pentsamenduaren barruan. Anizkoitzek beraz, beste lanek bezalaxe, askotariko forma abstraktukoak ziren, hala nola, eskulturak, marrazkiak, grabatuak, argazkiak, audio-zintak eta posta-txartelak. Banan-banan nahiz multzo handitan erakutsita, lotura amaigabeak sortzen dituzte elkarren artean, bai eta kanpoko munduarekin ere, errealitatea Beuysen munduaren ikuspegi xamanistikoaz inguratuz.

Hanne Darbovenek, 1960ko hamarkadatik aurrera Alemaniako artista gailen-gailena izan zen. Funtsezko adierazpide izan zituen hainbat hamarkadetan eskuz egindako "zenbakizko eraikuntzak". Artista kontzeptual horrentzat, zenbakiek hizkuntza artifizial unibertsala adierazteaz gain denboraren joan-etorria erregistratzeko balio zuten. 1973an egile batzuen testuak, esate baterako Heinrich Heine-renak eta Jean-Paul Sartre-renak, gehitzen hasi zen bere lanetan eta 1978rako dokumentazio bisuala, argazkiak eta aurkitutako, erositako eta opari jasotako hainbat objektu, besteak beste, txertatzen zituen. Elementu gehigarri horiek denboraren eta historiaren alderdi jakin batzuk, baita bere biografiaren bertsio abstraktua ere, arakatzeko aukera eman zioten, betiere bere ikuspegi kontzeptualari eta formalari jarraiki.

Denbora izan zuen gai nagusi, bereziki mende-aldaketaren kontzeptua eta garai horrek beretzat adierazi zuena. Eta, maila unibertsalagoan, XX. mendean arteari buruz esan daitekeena interesatu zitzaion. Berlingo Deutsche Guggenheimerako eskatu zioten instalazioan, Picassoren omenez (Hommage à Picasso, 2006) izenekoan, Darbovenek 1990eko hamarkadaren eguneroko erregistroa sortu zuen. 270 testu-panelek osatzen dute instalazioa, mendearen azkeneko hamarkadan izandako gertakarien errepresentazioak dira, eta aretoko paretak estaltzen dituzte. Erakusketan XX. mendean artistarik ospetsuenetakotzat hartutako Pablo Picassoren lanarekin zerikusia duten eskulturen sail bat ere barne hartu zen, baita musika-konposizio bat ere, 120 atalekoa, Opus 60. Ezohiko artelan hau mendearen amaieraren erretratua eta artistaren autoerretratua da aldi berean; gai horiek, gainera, Picassori aipamen eginez ikertu zituen. Maisu espainolaren azkeneko pinturei atxikitako mugak agerian utzi zituen, eta aditzera ematen zigun bere ikuspegi kontzeptuala baliabide bideragarriagoa dela XXI. mendean artea sortzeko.

Bigarren Mundu Gerraren azkeneko bataila gertatu baino hilabete batzuk lehenago jaio zen Anselm Kiefer Alemanian. Banandutako eta gerrak zauritutako herrialdean hazi zen, eta herrialdearen berreraikuntza garaia eta berritzeko borroka aldia bizi izan zituen. Kieferrek bere kulturan nahasten diren motibo mitologiko eta historiko germaniarrak ikertu zituen, baita faxismoaren goraldian eragin zuten modua ere, tabu estetikoak hautsiz eta goretsitako ikonoak berpiztuz haiei aurre eginez. Bere pinturek paisaia eta barne arkitektoniko itzelak irudikatzen dituzte, eta Alemaniako literaturak eta politikak utzitako ondareari aipamen egiten diete: nibelungoen eta Wagnerren, Albert Speerren arkitekturaren eta Adolf Hitlerren erreferentzia ugari biltzen dira.

1980ko hamarkadan Neoespresionismoaren ordezkari nagusietakoa izan zen Kiefer; mugimendu horren ezaugarri izan zituen keinuzko pintzelkada bortitza eta eremu pertsonalera egindako itzulera. Bere obrak eskala handikoak dira, Alemaniako tradizio erromantikoari eta bere herrialdearen ondare politikoari egindako aipamenez beteak, eta paleta ia monokromoa eta askotariko baliabideak konbinatzen ditu horietan; berunezko zerrendak, lastoa, igeltsua, haziak, errautsa eta lurra, besteak beste, erabili ditu. Eskala monumentala eta testura joria duten lanak dira horren guztiaren emaitza, edukiaren handitasuna eta garrantzia nabarmentzen dutenak.

1990eko hamarkadaren hasieran, Holokaustoaren eta Alemaniaren lehenaldi naziaren lazturak irudikatzen emandako bi hamarkadaren ondoren, gai unibertsalagoak ikertzen hasi zen Kiefer; oraindik erlijioan, mitoetan eta historian oinarritu arren, gizakiaren espiritualtasunean eta bere adimenaren barruko funtzionamenduan arreta handiagoa jarri zuen. Ikonografia berri hori ikusita esan genezake, orain, Kieferrek miresmenez, baita bozkarioz ere, begiratzen dituela lantzen dituen gaiak.

1932an Dresdenen jaio zen Gerhard Richter. Nazional Sozialismoaren pean hazi zen eta komunismoaren aldia ere bizi izan zuen 16 urtez Ekialdeko Alemanian, 1961ean Mendebaldeko Alemaniara bizitzera joan aurretik. 1960ko hamarkadan Kolonia eta Düsseldorf inguruko artistekin lanean aritu zen, eta ohartu egin zen mendebaldeko kontsumo-kulturari buruz zuen ikuspegia pop artista britainiarrek eta iparramerikarrek zuten ikuspegitik bereizten zela. Sigmar Polke eta Konrad Luegekin batera, Errealismo Kapitalista deitu izan zioten pop aleman moduko bat landu zuen aldi labur batez.

1962an Richterrek, grisez osatutako paleta erabiliz, familia-argazkiak eta egunkari-zatiak konbinatzen zituzten obrak sortzen hasi zen. Artistak honakoa esan zuen: "Susmoa hartzen diot gure zentzumenek errealitateaz igortzen diguten irudiari, mugatua eta osatu gabea den irudi horri". Pinturaren izaera ilusionistan sendo sinesten duenez, errealitateak iragazitako esperientzia agerian uzten duen artea lantzen jardun du, eta horretarako familia-argazkietan eta aurkitutako argazkietan oinarritutako ikonografia txertatu du bere lanetan. Izan ere, irudi horien bilduma zabala da Atlas, artistak 1962an hasitako eta urteetan jarraitutako saila: Richterren lanean argazkiak duen garrantziaren erakusgarri bikaina. Berak dioenez, argazkiak pintura egiteko aitzakia ematen dio, objektibotasun dosia gehitzen dio eta lorpenaren eta interpretazioaren prozesua ezabatzen du. Gaur egun, aldizkari eta egunkari-zatien erreprodukzioen, amateur mailan berak eta beste batzuek egindako bat-bateko argazkien, eta lanen bozetoen 700 panelek osatzen dute Atlas, eta panel bakoitza irudi-sareta batez eratuta dago. Richterren pinturen iturri guztiak aurki daitezke Atlas obran, baina ez dio kronologia zehatz bati jarraitzen. Izan ere, artistaren begiradak jasotako irudien laburpena da, gai anitzak eta irekiak biltzen dituena: "Atlas lanean [...] ordenaren bidez bakarrik aurre egin diezaioket irudi kopuru izugarri hori, banan-banan hartutako irudiak izateari utzi diotelako". Atlas denboraren joan-etorriaren erregistroa izan arren, denbora hori kronologia arinean, gaien berrikuspenean eta bere produkzio artistikoaren aldi bereko hurbiltasunean eta urruntasunean konbinatzen duen obra da. Saretek historia pertsonalaren, sozialaren eta artistikoaren bilakaera ordenatzen dutela dirudi, baina baiezpen horren linealtasunari eta ordenari ere uko egiten diete.

Anselm Kiefer

Ekiloreak (Tournesols), 1996

Xilografia, goma-laka eta akrilikoa mihise gainean

435 x 349 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×