Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Guggenheim Museoak eta mende honetako artea

1997(e)ko urriak 19 – 1998(e)ko ekainak 1

Guggenheim museoak eta mende honetako artea izeneko erakusketarekin zabaldu zen Guggenheim Bilbao Museoa 1997ko urriaren 19an . Erakusketa horretan sorta ederra agertu zen: XX. mendeko 250 artelan baino gehiago zeuden, eta Solomon R. Guggenheim Foundation eta Guggenheim Bilbao Museoaren fondoetatik hartu ziren batez ere.

Solomon R. Guggenheim Foundation-aren bilduma 1920ko amaieran sortu zuten Solomon R. Guggenheimek, Estatu Batuetako industriagizonak, eta Hilla Rebay baronesa alemaniarrak, haren arte-aholkulariak. Erosketak egiteko politika hasieran ikuspegi estetiko zehatz batekin konprometitu zen: artearen objektibotasun-eza, hau da, arte abstraktua. Hasierako bilduma batez ere Kandinsky-ren pinturek osatzen bazuten ere, gero, dohaintza eta eskuraketa ugariren bidez, aldatuz joan da eta jatorrizko irizpide estetikoa zabaldu egin da. Horrela sortu da gaur egungo bilduma: XX. mendeko 7.000 bat artelan daude bertan, era askotako artistak eta joerak bilduz.

Guggenheim Bilbao Museoko bilduma Solomon R. Guggenheim Foundation ospetsuaren fondo iraunkorraren osagai bikaina da. Bilduma, gaur egungo artelanen multzo independentea, koherentea eta askotarikoa da. Guggenheim Bilbao Museoak erakusten dituen bere jabetzako lanen artean mende honetako bigarren erdiko artistarik garrantzitsuenetako batzuen lanak daude: Eduardo Chillida, Anselm Kiefer, Willem de Kooning, Robert Motherwell, Mark Rothko eta Antoni Tàpies, esaterako.

Frank Gehry-k diseinatutako museo honetako galeria jakin batzuetan gaur egungo artista europar eta estatubatuar batzuek (Francesco Clemente, Jenny Holzer, Sol LeWitt eta Richard Serrak, adibidez), gune horietarako beren-beregi egindako lan batzu dauzkate ikusgai. Horrelako proiektu artistikoak gero eta sarriago egiten dira gaur egungo artean. Horien bidez artea eta instituzio artistikoaren arteko elkarrizketa sustatu egiten zen, espazio arkitektoniko berriak indartu egiten dira eta ohiko izaera (leku neurritsu eta ustez neutroak direlakoa) galtzen dute.

Era berean, museoaren beste espazio batzuek XX. mendeko artearen historian garrantzi berezia izan duten artista batzuen lanen aukera zabala erakutsi zuten: Joseph Beuys, Vasily Kandinsky eta Damien Hirst, esaterako. Izan ere, honela haien lanen ikuspegi sakona eskura dezake bisitariak.

Kronologikoki, Guggenheim museoak eta mende honetako artea XX. mendeko lehen hiru hamarkadetako arte europarraren maisu-lanen bilduma paregabearekin hasten zen. New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-etik eta Veneziako Peggy Guggenheim Collection-etik etorritako lanen aukeraren bidez gure mendeko artearen garapenean Europako abangoardia artistikoek izan duten garrantzia ikusi ahal izan zen. Besteak beste, kubismo, futurismo, konstruktibismo, espresionismo alemaniarra eta surrealismoaren ordezkari nagusiek egindako lanetan ikus zitekeen mugimendu horiek XIX. mendean oraindik indarrean zeuden kanon tradizional artistikoak apurtu zituztela, eta XX. mendean garatu zen hizkera artistikoaren oinarria sortu zutela. Erakusketan egon ziren artista batzuk, mende hasierakoak, hauek izan ziren: Georges Braque, Constantin Brancusi, Marc Chagall, Fernand Léger, Vasily Kandinsky, Paul Klee, Kazimir Malevich, Henri Matisse, Amedeo Modigliani, Joan Miró, Piet Mondrian, Pablo Picasso eta Gino Severini.

XX. mendeko artearen historiatik egindako ibilbidea mende erdiko Europa, Amerika eta bertako joera artistikoekin jarraitzen zuen bi kontinente hauetako artisten arteko elkarrizketa interesgarria sortuz. Clyfford Still, Mark Rothko, Willem de Kooning, Robert Motherwell-en lanek ondo islatzen dute espresionismo abstraktuaren ahaleginak forma eta emozioa batzeko. Europako artistarik garrantzitsuenen lanek, ostera, espresionismo abstraktuaren garaikideak hain zuzen, materia dute interes nagusia. Europako artisten artean hauek nabarmendu ziren erakusketan: Alberto Burri, Jean Dubuffet eta Antoni Tàpies (art informel-aren ordezkari nagusiak), Lucio Fontana, Asger Jorn eta nouveau réalisme-aren sortzailea izan zena, Yves Klein. Ezin genituen ahaztu Eduardo Chillidak orduan egin berri zituen lau lanak, bera baita nazioartean gehien ezagutzen den gure artistetako bat.

Halaber, galeria txiki batean egon zen Alberto Giacometti-k, Arshile Gorky-k eta Ellsworth Kelly-k paper gainean egindako lan-bilduma delikatua erakusteko, Solomon R. Guggenheim Museum-aren fondoetatik ekarri zena.

Estatu Batuetan 60ko eta 70eko hamarkadetan garatutako mugimendu artistiko nagusienak ere erakusketa honetan egon ziren: pop artearen adibide bikainak Roy Lichtenstein, Claes Oldenburg eta Andy Warholen lanak, eta Carl Andre, Donald Judd eta Robert Morris-en lan minimalistak izan ziren.

Azken hamarkadetako arte europarra honako artista hauekislatu zuten: Mario Merz eta Jannis Kounellis (arte povera-ren ordezkari nagusiak), Richard Long, eta Christian Boltanski-ren instalazio intimista. Lan horien bidez, gaur egungo artean erabiltzen diren teknika eta material-kopuru izugarria ikusteko aukera izan zuen ikusleak. Hala ere, arte-forma berri horiek eta beste teknika tradizionalago batzuk garaikideak izan ziren, adibidez, Magdalena Abakanowicz-en eskultura enigmatikoan erabilitako brontzea, eta Georg Baselitz, Enzo Cucchi, Sigmar Polke, Gerhard Richter eta Julian Schnabel-en pintura.Bideo-instalazioak ere ikusgai izan ziren, besteak beste, Stan Douglas eta Bill Viola artistenak. Azkenik, Euskal Herriko eta Espainiako arte gaztearen erakusgarri izan ziren Txomin Badiola, Miquel Barceló, Cristina Iglesias eta Juan Muñoz-en lanak, Guggenheim Bilbao Museoaren fondoetatik hartuak.

Azken batean, Guggenheim museoak eta gure mendeko artea erakusketak, XX. mendeko artista ezberdinak, mugimendu eta teknika artistikoak aurkeztuz, gure mendeko artearen hasiera, horren lorpen nagusiak eta datorren mendeko artearen etorkizunari buruzko hausnarketa eginarazi zion ikusleari.

Ardura Arloa Guggenheim Bilbao Museoa

Guggenheim museoak eta mende honetako artea erakusketaren areto bat, Anselm Kiefer artistari eskainitakoa. Lehen planoan, eskuinetara: Bi ibaien lurra (Zweistromland, 1995); ezkerretara: Berenice, 1989; atzean: Munduko jakinduriaren bideak: Hermann-en borroka (Wege der Weltweisheit: die Hermannsschlacht, 1995). Atzeko planoan: Ekiloreak (Tournesols, 1996)

×