Artetik: From the Art

Artetik

Zer sentitzen duzu Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumaren aurrean jartzerakoan?
Besteek ere gauza bera sentituko ote dute obra berberari begira
?

Berrikuntzarekiko eta edukien irisgarritasunarekiko konpromisoaren baitan, Guggenheim Bilbao Museoak esperientzia digital aitzindari bat jarri du abian, Bildumaren bitartez beste bisitari eta artelan batzuekin konektatzeko aukera ematen duena. Museoko aretoetan gelditu, arretaz behatu eta artea ohikoa ez den modu berezian sentitzeko gonbidapena luzatzen duen esperimentu kolektiboa da.

Artea eta giza sentimenduak ditu abiaburu, elkarrengandik bereizi ezineko kontzeptuak biak ere. Urteak joan, urteak etorri, artelanek emozio andana transmititu eta piztu izan dute teknika, kolore eta material ezberdinen bitartez. Zer-nolako sentipenak eragiten ote dizkie hemen eta orain haiei so daudenei?

Instalazio honek Museoaren Bilduma osatzen duten artelanen aurrean sentitzen dutena aztertzeko aukera eskaintzen die bisitariei. Arian-arian osatuz doan esperientzia digitala da, emozioen grafiko kolektibo bat sortzen duena jendeak erabili ahala. Gainera, bildumaren baitan antzeko emozioak pizten dituzten bestelako artelanak ezagutzeko aukera ere ematen du.

Proiektua Guggenheim Bilbao Museoaren eta Google Arts & Culture ekimenaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta Kaliforniako Unibertsitateko (Berkeley) zientzialariek arteari eta emozioei buruz egindako ikerketa du oinarri.

Esperientzia paregabea prestatu dugu zuretzat bi formatutan:

Artetik: From the Art

Museoaren hirugarren solairuko 303 aretoaren ondoko korridorean

“Artea lagungarri izan dakiguke gure emozioak hobeto ulertzeko?” galderari erantzuteko aukera emango dizu instalazio horrek, Museoan barrena artelanak ezagutuz joan ahala.

Zatoz eta senti ezazu artea Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarekin!

Artetik: From the Art online

Esperimentuaren online bertsioa, Google Arts & Culture Lab-ek garatua. Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma eraikin ikonikotik kanpo zabaltzen du eta mundu guztiko publikoari hurbiltzen dio; Bildumako artelanak Museoko bisitariek haietako bakoitzari esleitutako emozioen bidez ezagutzera gonbidatzen du publikoa.

Gainera, Museoak berak osatutako deskribapen bana eskaintzen du emozioetako bakoitzerako, eta gonbidapena luzatzen die erabiltzaileei haien esanahiaren inguruan hausnartzeko. Nola definituko zenuke alaitasuna? Eta beldurra?

Artetik: From the Art teknologiaren bidez artea eta emozioak arakatzeko gonbita da, eta haiek hobeto ezagutzen ez ezik, Guggenheim Bilbao Museoko publikoaren ongizatea hobetzen ere laguntzen du, Museoa bertatik bertara zein online bisitatu.

Google Arts & Culture →