Menua

Array
(
)
AJAX: 

A.T.M.O.T.W.

Xabier Salaberriaren (Donostia, 1969) artegintza bere belaunaldikoen guztiz bestelakoa da: artea, diseinuaren eta arkitekturaren arteko eremuan dabil. Ibilbide osoan, sarri ikertu du Modernotasunaren historia; ikerketa intelektualerako alor emankorra izan da harentzat. Salaberriak eskultura- eta arkitektura-izaerako instalazioetan txertatzen du gai hori. Maiz elkarlana eta parte-hartzea sustatzeko erlazio-estrategiez baliatzen da, eta, horrenbestez, publikoarekin eta bestelako arte-agenteekin elkartrukeak egiteko aukera ematen du. xxi. mendeko eskulturaren kontzeptuaren inguruko hausnarketak, modernotasunaren nozioa eta erlazio-artea honako artelan adierazgarrietan ikus daitezke: Fronte hotza (Cold Front, 2008/13), Egin gabeko proiektu baten II. zatia (Part II of An Unbuilt Project, 2007), Hondamendia (Debacle, 2009), Titulurik gabea (2011), Inkontziente/kontziente (2011-13), Martello (2012) eta A.T.M.O.T.W. (2013), besteak beste.

A.T.M.O.T.W. lana Garmendia, Maneros-Zalaba, Salaberria. Prozesua eta metodoa erakusketarako berariaz egindakoa da. Salaberriak artelan hori hausnarketarako bide gisa taxutu du: museoa artea eta bestelakoak erakusteko eta aditzera emateko lekua dela hausnartzen lagundu dezan diseinatu du. Izenburua, A.T.M.O.T.W., "All The Material Of The World" [Munduko material guztiak] esapidearen inizialak dira; artistaren asmoa -proiekzio entziklopedikoa- nabaria da izenburuaren aukeraketan, eta, Museoaren arkitekturak proiekzio horren azpitestu moduan jokatzen du. Askotariko erreferentziak ezkutatzen dira artelan horretan: batzuk ilunak dira, esaterako, "euskal eskultura" ideiarena; beste batzuk argiak, betoizko adriluekin egindako hormak nabarmen gogorarazten baitu Rietveld pabilioia —Gerrit Thomas Rietveld arkitektoak eraiki zuen 1955ean Sonsbeek Park Nazioarteko Eskultura Erakusketarako (Arnhem, Herbehereak)—. Modernotasunaren, industria iraultzaren eta masa-ekoizpenaren bereizgarri den serializazioaren historia deseraikitzen du horien bereizgarri diren tresna-objektuen eta erakusketa-gailuen bidez.

Xabier Salaberria

A.T.M.O.T.W., 2013

Metala, tolestutako xafla, beira, pintura eta hormigoia

Kokapen zehatzeko neurriak

Guggenheim Bilbao Museoa

×