Kosmogonia urdina eta arrosa haize arrastoekin, Titulurik gabea (COS 27)|Yves-Klein | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Yves Klein

2005.02.01 - 2005.05.02

Guggenheim Bilbao Museoak Yves Klein (1928–1962) artista frantziarraren atzera begirako osotua aurkeztu zuen. Erakusketak bere ibilbide osoa hartu zuen barne: bere lehendabiziko margolan monokromo laranjak, horiak, berdeak, arrosak eta zuriak, bere artelan monokromo urdin ospetsuak, belakizko erliebe eta eskulturak, Antropometriak, monodoratuak, eta sua, airea eta ura gisako elementu naturalekin eginiko bere azken esperimentuak. Kleinek sei urtean bakarrik osatutako obra ausartak ondorengo joera askori hartu zien aurrea, hala nola, happeningei, performanceei, Land Artari (lurraren arteari), Body Artari (gorputzaren arteari) zein arte kontzeptualeko zenbait elementuri, eta gaur egun oraindik ere indarrean jarraitzen duen joera da.

Yves Klein 1928. urtean jaio zen Cagnes-sur-Mer-en. Haren aita, Fred Klein, margolari figuratiboa zen eta ama, Marie Raymond, Parisko Eskolako margolari abstraktua. Artista-familian jaio bazen ere, Kleinek judoka-karrera hasi zuen. Borroka-arte asiatar honen filosofiarekiko eta praktikarekiko zuen zaletasuna —Tokioko Kōdōkan institutu famatuan egin zituen ikasketak hamabost hilabetez— erabakigarria izan zen arteari buruz izan zuen kontzeptuan. Kōdōkan Institutuko judoak Zen filosofiaren eragin handia du, eta adimenaren eta gorputzaren arteko batasuna, harmen-ahalmen handigoa, hustasun-egoeraren bilaketa eta exintentziarekiko guztizko harmonia irudikatzen ditu. Honez gain, Kleinek interes handia izan zuen oso gaztetatik Rosacruz Ordenako jarraitzaileek zabaldutako erlijio-irakaspen kristauekin. Errituak, immaterialtasunak eta hustasunak artistarengan bizitza osoan zehar piztu zuen arretaren jatorria ez dago, ordea, erlijio-dogma jakin batekiko inolako loturatan, gai espiritualekiko zuen kezkan baizik.


Klein 1955. urtean agertu zen lehen aldiz ofizialki artista plastiko gisa, Salon des Réalités Nouvelles delakoan Expresión del universo de color minio naranja izeneko bere monokromoa aurkeztu zuenean. Artelana, ordea, gaitzetsi egin zuen azokak, margolan bat sortzeko kolore bakar bat nahikoa ez zen argudioa emanez. Museoak aurkezten duen atzera begirakoak lehen monokromo hori, zuri, beltz, gorri, arrosa eta berde hauetariko batzuek osaturiko seriea hartzen du barne. Hasieratik, Kleinek pintzelak baino nahiago izan zituen arrabolak, modu honetan, margoaren aplikazioan artistaren eskuaren inolako arrastorik gera ez zedin. Kolorea, hortaz, gauzarik garrantzitsuena bilakatu zen da bere obran. Kleinen mihiseak, margo-ertzen mugarik ez dutenez, ez dira plano gisa ikustekoak, espazioan zehar hedatzen diren halako koloretako dardarazko esparru gisa behatzekoak baizik. Artistaren ustez, kolorea "materializatutako sentikortasuna""zen. Bitarteko hau, ikusmen hutseko pertzepzio bat zentzumen bidez hauteman zitekeen kontzeptu zabalago bilakatzeko ahalegina adierazteko erabiltzen zuen. Artista frantziarrak, ikusleari kolorearen espazio mugagabean sartzeko eta inmaterialarekiko sentikortasun handiagoa esperimentatzeko erronka luzatu zion.

Kleinek egiteko jakina egotzi zion kolore urdinari, bere iritziz natura hautemangarriko motiborik abstraktuenak, hala nola zerua eta itsasoa, irudikatzen baitzituen. Horretarako, pigmentuaren jatorrizko argitasuna mantentzen zuen urdin kolorea bilatzen jardun zuen denbora luzean eta IKB delakoan (Nazioarteko Klein Urdinean) aurkitu zuen, hau da, Kleinek lagun kimikari baten laguntzaz garatu zuen itsasoz haraindiko urdin sakonean. Urdin hura patentatu egin zuen Kleinek gerora, eta orduz geroztik bere marka erregistratu bilakatu zen. Milan, Paris, Dusseldorf eta Londresen gisako tokietan eginiko erakusketa indibidualetan aurkeztutako bere margolan monokromoei, eskulturei eta ekintzei esker berriz, sona handiko artista bilakatu zen laster nazioartean. Bere obraren ekintza-osagai horri esker, Kleinek arte-gertakari ikusgarri bilakatu zituen bere inaugurazioak, koktel urdinak eskainiz, edo Parisko herritarrengan urdinarekiko sentikortasuna handitzeko asmoz bertako zerura 1.001 globo urdin jaurtikiz. Bere proiektu utopikoetan, artista are urrutirago heldu zen: bere Iraultza Urdinak Frantzia osoa pintura-azalera izan zedin proposatzen zuen.

Lehen monokromoen aukeraketa zabalaz gain, Guggenheim Bilbao Museoak belaki urdinez eginiko erliebe- eta eskultura-kopuru handia ere aurkeztu zuen, baita arrosa koloreko zenbait alde berezi ere. Belakiak eta pigmentuak nahasiz eginiko artelan hauek belakizko lehen erliebe monumentalen ondoren eginak dira Gelsenkirchen Antzokiko atarirako. Artistaren arkitektura zaletasunak, berriz, Werner Ruhnau alemaniar arkitektoarekin lan egitera eraman zuen, eta proiektu irudikorren serie bat landu zuten "aireko arkitektura" modukoa eginez. Kleinek hormen ordez aire-korronteak jartzeko izan zuen ideia arkitektonikoa, 1958. urtean Parisko galeria batean aurkeztu zuen Hutsa (Le Vide) erakusketa bezain iraultzailea izan zen. Hutsa erakusketaren bidez monokromiaz haratagoko urratsa eman zuen artistak: guztiz hutsik zegoen gela batean, artistak zuriz margotutako hormek, espazio sentsibilizatuarekin eta sentsibilizatzailearekin jartzen zuten harremanetan zuzenean ikuslea. Arteak jada ez zen objektu bat, espazioan hautematen den arte-izate gisa ulertzen dena baizik. Hutsa erakusketa Kleinek bere horma zurien aurrean eginiko filmazio baten bidez aurkeztu zen atzera begirakoan.

Bere artelanik liluragarrienen artean Antropometriak dira aipatzekoak, bere garaian oso eztabaidagarriak izan zirenak. "Pintzel bizidunek" —modelo emakumezkoek, eta zenbaitetan gizonezkoek, bakarrik, bikotean zein taldean— mihiseetan eta formatu handiko paperean uzten dituzten urdin, arrosa eta urre koloreko arrastoak dira.

Kosmogoniak artelanetan Kleinek haizearen eta euriaren arrastoak jasotzen ditu, eta elementu naturalekin esperimentuak egiten jarraitzen du, hala nola, Suzko margolanak izeneko bere azken artelan-multzoan. Fenomeno iragankor eta unibertsaletan arreta jartzen duten artelan horiek ekintza ikusgarrien bidez sortu ziren. Artelan-multzo horrek zein Antropometriak izenekoek Kleinek ekintzari eman zion garrantzia eman zuten aditzera. Iusgai izan ziren artelanak erlikiatzat har daitezke, Kleinek berak esan zuenez: "Nire artelanak nire artearen errautsak dira".

 

Yves Klein
Kosmogonia urdina eta arrosa haize arrastoekin, Titulurik gabea (COS 27) [Cosmogonie bleue et rose avec traces de vent, Sans titre (COS 27)], 1961
Pigmentu lehorra erretxina sintetikoan oihal gainean muntatutako paperean
93 x 74 cm
Bilduma pribatua

 

Partekatu