Setioa I | Koldobika Jauregi | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Laborategiak: Bilduma Iraunkorrari begira. Koldobika Jauregi

2007.04.24 - 2007.06.03

2007ko aurreneko sei hilabeteetan, 103 B aretoan erakusketa didaktiko batzuk egongo ziren ikusgai Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako bi artelanen inguruan, bi euskal artistaren lana aurkezteko asmotan. Ordura arte jendaurrean inoiz ez ikusgai egondako obrak izan ziren eta ikuspegi didaktiko batez aurkeztuko ziren bertan. Gainera, erakusketa horiek balio erantsia izan zuten, artistek zuzenean parte hartu baitzuten diseinuan eta produkzioan. Laborategiak erakusketek obra horiei loturiko hainbat alderdi ezagutzeko aukera emango ziguten: sortze-prozesua, egileen erreferentzia kulturalak, artistikoak eta intelektualak, materialen garrantzia eta obra bakoitzaren diskurtso nagusia.

Lanak artisten sortze-lanaren testuinguruan aurkeztea izan zuten asmo, eta era horretan haien interes eta kezka estetikoak ezagutzera ematea. Aurkezpen berezi hauen bidez, Museoak egungo euskal artista batzuen sortze-lana sakonetik ezagutzeko aukera eskaini nahi zien bisitariei eta ikasleei.


Ikusentzunezko materialekin batera aurkeztu ziren artelanok, artisten lana eta ibilbidea, elkarrizketak, argazkiak, koadernoak eta haiek egindako bidaiak jasotzen dituztenak. Material lagungarria ere gehitu zen, besteak beste, obren bozetoak edo prestaketarako marrazkiak, eta sortzaileen erreferentzia kulturalak, pertsonalak eta intelektualak agerian uzten dituzten tresnak eta materialak. Aurkezpen hauekin batera hezkuntza-programa osagarria eskaini zen, jarduera hauek barne hartu zituena: ikasle eta unibertsitarioentzako tailerrak, Lagunen kolektiboari zuzendutako solasaldiak eta artistek gidatutako bisitaldiak, ikusleei euren mundua eta sortze-eremua azaltzeko eta Museoaren testuinguru kulturalarekin duten garrantzizko lotura azpimarratzeko.

Koldobika Jauregiren Setioa I (Asedio I) lana bi piezak osatzen dute: eszenografia moduko triptiko batek eta eskultura batek. Ikuslearen aurrean kokatutako bi piezak gogoeta egitera gonbidatu gintuzten, norberak barne-mundu bat sortzera eta setioa birsortzera, artistak izandako esperientzia bera ikusleak berriro bizi zezan. Natura, espazioa eta birsorkuntza katartikoa dira obra honen gai nagusiak.

 

Koldobika Jauregi
Setioa I (Asedio I), 2003
Zur irarria, zizelkatua, errea eta polikromatua
Erliebea (triptikoa): 310 x 559 x 2,5 cm
Eskultura: 272 x 100 x 100 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Partekatu