Pribatutik publikora: Guggenheim bildumak
IrakasleWikia Guggenheim Bilbao(e)tik
• Erakusketa honek Solomon R. Guggenheim Foundation-en Bilduma Iraunkorraren sorburua eta eboluzioa aditzera ematen ditu ehun bat obraren bidez eta zazpi bilduma pribaturen arteko antzekotasunak agerian uzten dituela.
• Arte modernoaren sorburuen eta XXI. menderako trantsizioaren erakusgarri interesgarria,besteak beste, honako artista hauen maisulanak aurkezten dituena: Vincent Van Gogh, Paul Cézanne, Pablo Picasso, Vasily Kandinsky, Alexander Calder, Jackson Pollock, Sophie Calle eta Hiroshi Sugimoto.
Guggenheim Bilbao Museoak Pribatutik publikora: Guggenheim bildumak aurkezten du, Solomon R.
Guggenheim Foundation-en Bilduma Iraunkorra nola sortu zen arakatu nahi izan duen erakusketa,
osatzen duten bilduma pribatuak alegia, bere sorburua eta eboluzioa ulertzeko funtsezkoak direnak.
New Yorkeko Guggenheim Museoa zabaldu zeneko 50. urteurrena ospatzen da aurten eta horrexegatik
Guggenheim Bilbao Museoak omenaldi egin nahi izan dio erakusketa honekin, baita Fundazioaren
egoitzaren sortzaile Frank Lloyd Wright arkitekto famatuaren ibilbideari ere 2009ko urritik aurrera.
2009ko ekainaren 26tik 2010eko urtarrilaren 10era arte, Pribatutik publikora erakusketak, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Foundation-ek antolatutakoak, ehun bat obra jarriko ditu ikusgai urteetan denborari aurrea hartuz “etorkizuneko artea” eskuratu zuten oso bildumagile desberdinen arteko paralelismo zoragarriak aditzera emateko.
Bildumen eta Erakusketen Arte Ardura arloko Laguntzaile Tracey Bashkoffek eta Arte Ardura arloko Laguntzaile Megan Fontanellak elkarrekin batera komisariatutako erakusketa honek XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendeko abangoardien eta arte garaikidearen ikuspegi berezia eskaintzen du, besteren artean, artista hauen maisulanen bitartez: Vincent Van Gogh, Paul Cézanne, Pablo Picasso, Juan Gris, Vasily Kandinsky, Marc Chagall, Paul Klee, Alexander Calder eta Jackson Pollock. Gainera, XX. mendearen bukaerako artea ere erakutsi nahi du eta horretarako artista hauen lanak aurkezten ditu: Sophie Calle, Jac Leirner, Hiroshi Sugimoto, eta Jane eta Louise Wilsonen besteak beste.
Arte modernoaren sorburuen eta XXI. menderako bidean izan duen trantsizioaren ikuspegi interesgarria bisitariari eskaintzeko moduan taxutu da erakusketa. Museoko hirugarren solairuko hiru areto klasikoek ordezkatzen diren zazpi bildumetatik seitan jaso izan diren obrak aurkezten dituzte. Sei bilduma horiek hauek dira: Solomon R. Guggenheim, Justin K.Thannhauser, Hilla Rebay, Katherine S. Dreier, Peggy Guggenheim eta Karl Nierendorf bildumatzaileenak; bildumok XIX. mendeko eta XX. mendearen lehenengo erdiko mugimendu artistiko adierazgarrienen erakusgarri diren pintura eta eskultura aukeraketa zaindua dira. Erakusketa osatzeko, 1990eko hamarkadatik aurrera baliabide desberdinak erabiliz (bideoa, arte kontzeptuala, argazkilaritza eta abar) sortutako hogeita hamar bat obra aukeratu dira, Bohen Fundazioak 2001ean Solomon R. Guggenheim Foundation-i egindako dohaintzakoak.
Edukiak |
Hilla Rebay eta Bildumaren sorburua
Bilduma pribatuak museo publiko bihurtzea metamorfosi ikaragarria da. 1937an gertatu zen aldaketa hori New Yorkeko Guggenheim Museoan, Solomon R. Guggenheimek Fundazio bat sortu zuenean museo bat egiteko, haren bildumako arte ez-objektiboko lanak publikoari erakusteko eta bertan gordetzeko.
Solomon R. Guggenheim familia judu xume batekoa zen. Suitzan zuten euren jatorria eta Estatu Batuetara emigratu zuten diru eskasiatik atera nahian. Haren aitak, Meyer Guggenheimek, izugarrizko dirutza lortu zuen kobre eta zilar meatzeen bitartez eta, izan ere, benetako inperio ekonomikoa eratu zuen hamaika seme-alabetatik seiren laguntzarekin. Haietako bat, Solomon, Irene Rothschildekin ezkondutako enpresa-burua, arte zale egin zen 1890eko hamarkadatik aurrera eta maisu zaharren obrak biltzen hasi zen: paisaia amerikarrak, Barbizoneko Eskola Frantsesa eta 1890eko urteen erdialdeko arte primitiboa. Dena den, bere lehentasun artistikoak zeharo aldatu ziren 1927an, 66 urte zituenean, haren emazte Irenek erretratu bat egiteko eskaria Hilla Rebay gazteari egin zionean.
Kontua da Solomon R. Guggenheimi erretratu bat egitea baino askoz ere gehiago egin zuela Hilla Rebayk (1890-1967). Jatorriz prusiarra, talentu handiko artista hori Europako hainbat herrialdetan bizi eta lan egin zuen 1927an New Yorkera joan aurretik, eta aldarazi egin zuen artearekiko hark zuen interesa, eta horrekin batera haren bildumaren izaera, pixkanaka-pixkanaka arte ez-objektiboan arreta jartzera bultzatu baitzuen, hau da, espirituala eta utopikoa helburu zuen abstrakzio metodoari arreta jartzera. Hala, artista hari esker ezagutu zuten Solomon eta Irene Guggenheimek 1930ean Vasily Kandinsky artista errusiarra Dessaun zuen estudioan, eta elkarraldi hartatik aurrera artistaren 150 obra baino gehiago eskuratzen joan ziren. Gainera, Rudolf Bauer artista alemanaren pintura abstraktu ugari biltzeari ekin zioten —Rebay Berlinen artista hasi zenetik biak elkarren lagun minak ziren—. Fundazioa sortzeko Guggenheimen eta Rebayren ametsa 1939an gauzatu ahal izan zen New Yorkeko Ekialdeko 54. kalean Pintura Ez-objektiboko Museoa zabaltzean, eta Hilla Rebay izan zen bertan aurreneko zuzendaria eta kontserbatzailea 1952ra arte. 1949an, Bosgarren Hiribideko 1071. zenbakira aldatu zuten behin betiko museoa eta, hamar urte geroago, 1959an, inauguratu zuten Frank Lloyd Wrighten eraikina, New Yorkeko oraingo Guggenheim Museoaren egoitza.
Hala, nabarmentzekoa da Hilla Rebay, artisten eta Solomon R. Guggenheimen arteko lankidetza estuari esker eratu ahal izan zela XX mendearen hasierako mugimendu artistiko modernoko bilduma hau, munduan den ikusgarrienetakoa.
Denborari aurrea hartuz elkartuta
Guggenheim bilduma, funtsean, zenbait bilduma pribatutik sortu zen, bilduma horiek leku bakar batean batu zirenean. Hauek dira bildumok: Solomon R. Guggenheim beraren bilduma; Karl Nierendorf (1889– 1947) galeria jabe entzutetsuaren espresionismo aleman eta arte espresionista abstraktu primitiboaren inbentarioa; Peggy Guggenheimen (1898–1979) bilduma, pintura eta eskultura abstraktu eta surrealistak dituena; Justin K. Thannhauserren (1892–1976) obrak, inpresionismoaren, post-inpresionismoaren eta arte moderno hasiberriaren lanak; eta Hilla Rebayren (1890–1967) eta Katherine S. Dreierren (1877– 1952) ondareko hainbat obra garrantzitsu, hain zuzen, arte modernoa Estatu Batuetan bultzatu zuten bi emakumeen ondarekoak.
Funtsezkoak diren bilduma hauetako maisulanen bitartez, Pribatutik publikora erakusketak artezale talde bat osatzen duten kideen arteko paralelismo harrigarriak ere aztertzen ditu; izan ere, artezale horien bizitzak hainbat hamarkadatan zehar gurutzatu ziren. Artea biltzeko garaian bakoitzaren gustuak desberdinak izan arren, ezaugarri komun ugari aurki daitezke sei bilduma moderno hauetan. Adibidez, guztiek dituzte Paul Kleeren eta Kandinskyren obrak. Izan ere, Kleek berak konbentzitu zuen Nierendorf banku-jabe ohia artearen merkataritzan sartzeko bere jaioterri Kolonian, Lehen Mundu Gerraren ondoren. Gainera, erakusketan ikusgai dauden obra batzuk jatorri berekoak dira, baita jabetza berekoak ere. Franz Marcen Behi horia (1911) eta Delaunayren Hiria (1911) “Zaldizko urdina” taldearen aurreneko erakusketan aurkeztu ziren Thannhauserren aita Heinrichek zeraman Moderne Galerie-n 1911ko abenduan eta, ondoren, Solomon R. Guggenheim Fundazioak eskuratu zituen. Era berean, 1940ko hamarkadan, Nierendorfek New Yorken zuen galeriak obra ugari saldu zizkion Hilla Rebayri, Solomon R. Guggenheimi eta Peggy Guggenheimi, Fundazioak bere ondarea eta 1948an bere galeriako bilduma osoa eskuratu aurretik.
Eragin handia izan duten mezenas hauek, Karl Nierendorfetik hasi eta Hilla Rebayraino, XX. mendeko artista adierazgarrienetako batzuei ospea lortzen lagundu zieten eta haien ikuspegi eta jakituriarekin, Guggenheim Bildumaren garrantzia nabarmentzen lagundu zuten. Justin K. Thannhauserrek, lanbidez galerista eta 1913an Picassori eskainitako aurreneko atzera begirako handia antolatu zuenak, lehen aldiz ezinbesteko babesa eman zien ezagunak ez ziren artistei edo giro artistikoan oraindik begirunea ez zitzaienei. Bestetik, 1942 eta 1947 urte bitartean zabalik egon zen Peggy Guggenheimen Art of this Century museo-galeria osatzen zuten artisten artean, gerora New Yorkeko Eskolako aitzindari izango zirenak zeuden, haien artean, Jackson Pollock eta William Baziotes. Are gehiago, Société Anonyme de Dreier, Katherine S. Dreierrek 1920an Marcel Duchampekin eta Man Rayrekin batera eratua, “Arte Modernoko Museoa” izena eman zitzaion lehen bilduma izan zen Estatu Batuetan, inoiz ere ez erakustoki iraunkorrik izan ez bazuen ere.
Bilduma pribatu zoragarri horietako bakoitza Guggenheim Bilduman gehitzen joan da denborarekin eta hala Guggenheim Bildumak XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendeko abangoardiako artearen adierazgarri bikaina izatea lortu du.
“Etorkizuneko artea” bultzatuz
Solomon R. Guggenheimek “etorkizuneko artea” bultzatzeko hasieratik hartua zuen xedeari jarraituz, 1937an eratu zen Fundazioak arte garaikideko bere fondoak ugaritzeko konpromisoa hartu du gaur egun, eta sortze lanaren katalizatzaile lana ere egiten du Berlingo Deutsche Guggenheimen arte eskariak egiteko nahi handiko programa berezi baten bitartez, baita bizirik dauden artistei sariak emanez ere (bi urtean behin ematen den Hugo Boss saria, adibidez).
Bestalde, hainbat baliabidetan lan egiteagatik ospea lortu duten artisten eta etorkizun handia izango dutenen obrak eskuratzen ditu Fundazio honek. Eta horren emaitza da nazioarteko bilduma jori hau, 7.000 lanez osatua eta 1990az geroztik ia bikoiztu dena —1970az geroztik egin diren artelanak, batez ere, eskuratu dira-eta—.
Inpresionismotik hasi eta surrealismoraino, hastapenetako arte modernoko museoaren bildumak aurkezteaz gainera, Bohen Fundazioak egindako dohaintza osatzen duten obra garaikideak ere ikusi ahal izango ditugu erakusketa honetan. Bohen Fundazioa erakunde pribatua da, Frederick B. Henryk 1984az geroztik zuzentzen du eta obra soziala betetzen du: artelanak sortzeko eskaria egiten die artistei, batik bat zinea, bideoa eta baliabide berriak lantzen dituztenei. Bohen Fundazioa 1958an eratu zuen Iowan (Estatu Batuak) Henryren aitona Fred Bohenek. Hasiera batean, tokiko ekimen komunitarioak babesteko bekak ematen zituen ohiko erakunde bat zen. Frederick B. Henryren zuzendaritzapean, ordea, arte garaikidea babestera bideratu zen soilik, eta bere baliabideak maila nazionalean zabaldu ziren babes sistema bakar bat aurrera eramaten duela. Hala, Bohen Fundazioa artelanak sortzeko eskariak egin eta artelan horiek erakunde handiei dohaintzan uzten dizkien erakundea da orain.
2001ean, eskuzabaltasun handia erakutsiz, bere bilduma osoa eman zion dohaintzan Bohen Fundazioak Guggenheim Fundazioari: 46 artistaren 277 obra, besteak beste, Pierre Huyghe, Sophie Calle eta Jac Leirner artistenak. Beraz, esan beharra dago dohaintza honi esker izugarri zabaldu dela arte garaikideko Guggenheim Bilduma, bereziki baliabide berrien eta argazkilaritzaren arloei dagokienez. Guggenheim Bilbao Museoan, bilduma honetako argazkiak, bideoak, pinturak eta instalazioak ikusi ahal izango ditugu, 1990eko hamarkada eta XX. mendearen bukaera artekoak.
Pribatutik publikora: Guggenheim bildumak erakusketak zeharka eta bizitasun handiz aztertzen du Guggenheim Fundazioaren Bilduma apartaren historia eta bere etengabeko garapena.
Komisarioak: Tracey Bashkoff, Bildumen eta Erakusketen Arte Ardura arloko Laguntzailea, eta Megan Fontanella, Arte Ardura Arloko Laguntzaile
Baliabideak
Liburutegia
- The Museum of Non-Objective Painting. Hilla Ribay and the Origins of the Solomon R. Guggenheim Museum.
The Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 2009.
- Guggenheim Museum Collection: A to Z. The Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 2001.
- La Colección Permanente de los Museos Guggenheim. Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbao, y Solomon
R. Guggenheim Foundation, New York, 2007.
- Capolavori della Collezione Peggy Guggenheim. The Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 1994.
- El arte de este siglo, El Museo Guggenheim y su colección. The Solomon R. Guggenheim Foundation, New York
y FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbao, 1997. (versión en Inglés y en Español).
- Thannhauser. The Thannhauser Collection of the Guggenheim Museum. The Solomon R. Guggenheim Foundation,
New York, 2001.
- Art of Tomorrow. Hilla Rebay and Solomon R. Guggenheim. The Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 2005.


