Nola parte hartu?
IrakasleWikia Guggenheim Bilbao(e)tik
Irakasleen Wikia artearen munduko irakasleek parte hartzeko taxutu den gunea da, bertan zuen kezkak elkarri adierazi eta zuen ezagutza eta esperientziak partekatzeko.
Edukiak |
Nork parte har dezake?
Irakasleen Wikiaren helburu nagusia hau da, artearen arloko irakaskuntza eraginkorra eta kalitatezkoa bultzatzea eta ikaskuntza prozesuak dinamizatzea, arlo honetako profesionalen esperientziak trukatuz.
Irakasleen Wikiak artearen irakaskuntzarekin zerikusia duten diziplina guztiak biltzen ditu, era horretan profesionalen sare heterogeneoa eratu eta informazioa eta elkarrekintza aberastuz.
Wiki honek kalitatezko irakaskuntza bultzatu nahi duenez, bertan gehitzen diren edukiak kalitate irizpideei jarraituz landu behar dira.
Bandalismoa eta axolagabekeria saihesteko, erregistratuta dauden erabiltzaileek bakarrik sortu eta editatu ahal izango dituzte edukiak Wiki honetan. Hala, testuen edizioetan bandalismo ekintzak edo errespetu falta antzematen dituzten guztiei eskatzen diegu arren berehala jakinarazteko harremanetarako formularioaren bitartez.
Jokabidea eta erabilera-arauak
Irakasleen Wikia guztiek parte har dezakezuen proiektua da. Baina, jakina, denok bete behar ditugun arau batzuk daude:
- Gainerakoen iritziak eta testuak errespetatu behar dira, eta sor daitezkeen eztabaidak konstruktiboak eta aberasgarriak izan daitezen saiatu behar da.
- Idazketan eta ortografia akatsetan arreta jarri behar da.
- Wikiaren gaiekin zerikusirik ez duten edukiak saihestu.
- Testuak sortzeko erabili diren informazio iturriak fidagarriak eta konfiantzazkoak direla ziurtatu.
- Arduraz jokatu, Wiki hau beste batzuek ere erabiliko baitute bertan parte hartzeko eta baliabide pedagogikoak eta hezkuntzakoak lortzeko.
Artikulu berriak sortu
Irakasleen Wikiaren erabiltzaile orok sortu eta gehitu ditzake oraindik bertan sartu ez diren artikulu berriak. Artikuluak edo eduki interesgarriak sortu aurretik, alderdi hauek kontuan hartu behar dituzu:
- Ziurtatu artikulu hori ez dagoela sartuta. Horretarako, Wikiaren bilatzailea erabili behar duzu edo bertako kategoriak eta atalak kontsultatu.
- Kontuan hartu gehitu nahi duzun edukiak Wiki honetan biltzen diren gaiekin bat etorri behar duela.
- Argitaratu behar duzun informazioa beste iturri batzuetatik lortu baduzu, erreferentziak erantsi behar dituzu bai artikuluan bai Baliabideak atalean, edukia fidagarria dela bermatzeko eta gainerako erabiltzaileek ere kontsultatu ahal izateko.
- Edukia beste iturri batzuetatik zuzenean kopiatzen baduzu, ziurtatu eduki horren lizentzia gurearekin bateragarria dela, eta ez duela egile-eskubide bakar bat ere urratzen.
- Izan zaitez neutrala testuak argitaratu eta aldatzeko garaian. Irakasleen Wikian ikuspegi guztiak onartzen ditugu, bakoitzaren esperientziak gauzak beste modu batera ikusten laguntzen baitigu guztioi. Ikuspegi oro ontzat hartu behar da, eta polemikak saihestu behar dira.
Lehendik dauden artikuluak hobetu
Irakasleen Wikian edukia sortzean, kontuan hartu erregistratuta dauden erabiltzaile guztiek eduki hori editatzeko eta hobetzeko aukera izango dutela.
Nahi dituzun edukiak aldatu eta hobetu ditzakezu mantentze-lanak eginez. Ugariak dira artikulu batean hobetu daitezkeen alderdiak:
- Ortografia eta gramatika.
- Erreferentziak eranstea.
- Datuak zuzentzea eta edukiarekin lotura duen informazioa gehitzea.
- Eta abar.
Uste baduzu artikulu batek ez duela esperotako kalitate maila lortu, baina nola hobetu ez baldin badakizu, Wikiaren administratzaileari jakinarazi diezaiokezu harremanetarako formularioaren bitartez.
Gainera, Wikiaren orri guztiek eztabaida-eremu bat dute, dagokion orriko edukiaren kalitateari buruz eztabaidatzeko, iritziak eskatzeko, zalantzak planteatzeko eta abar.
Edukiak nola antolatu
Wikiaren atal bakoitzari antolatzeko egitura bat dagokio, bakoitzaren premien arabera.
“Ideien laborategia” atalak eta “Multimedia galeria” atalak kategoria gisa funtzionatzen dute, aldi berean artikulu edo eduki desberdinak barnean hartzen dituztenak, dagokien tituluaren lehenengo letrarekin alfabetikoki ordenatuta.
Artikulu edo eduki berri bat sortzen duzunean kategoria bat eman beharko diozu, gainerako erabiltzaileek dagokion atalean aurkitu ahal izan dezaten.
“Hizpidea” eta “Baliabideak” atalek, berriz, artikulu gisa funtzionatzen dute. Beraz, edukia gehitu nahi baduzu orri berean gehitu beharko du.
Komeni da edukia ordena alfabetikoari jarraituz gehitzea, edukien aurkibidea txukun gera dadin. Adibidez, “Argia” izena duen eduki bat gehitzen badugu, “Basoak” edo “Dorreak” izenekoen aurretik gehituko dugu. Garrantzi handia du edukien ordenan arreta jartzeak, aurkibidearen arabera orientatuko baitira erabiltzaileak.
Erabiltzaile esperientziadunak
Wiki hau erabiltzaileen ekarpenei esker osatzen joango da. Horregatik, wikien munduan adituak diren erabiltzaile guztiak gonbidatu nahi ditugu wikiaren idazketari eta edizioari buruzko informazioa eta atal nagusietako edukiak hobetzera.


