Guggenheim Bilbao Museoak bere Bildumaren inguruko lehen liburua aurkeztuko du

IrakasleWikia Guggenheim Bilbao(e)tik

Hona jo: nabigazioa, bilatu

Arte ardura arloan ikertzen eta argitalpen lanetan hainbat urte eman ostean, Guggenheim Bilbao Museoak bere arte funtsei eskaintzen die liburu hau. Horretarako nazioarteko eta izen handiko berrogei historialari eta kontserbatzaile, kritikari eta aditu bildu ditu; horiek Guggenheim Museoetako arte arduradunekin batera, Bilduma osatzen duten lanen eta artisten inguruko euren gogoetak azaltzen dituzte.


Liburu honen bi argitalpen daude, bat gaztelaniaz eta bestea ingelesez, eta bakoitzean 62 saiakera daude, Bilduma osatzen duten artista bakoitzeko bat, hain zuzen. Hala, Museoaren arte funtsak osatzen dituzten eta Bildumari osotasuna ematen dioten 102 artelanak sakonago ezagutzen lagunduko dute. Horrez gain, Museoak artelanak erosteko 1996tik mantendu dituen eskuratze-ildoak zeintzuk izan diren zehatzago azalduko du. Liburuan gai horiek eta beste batzuk ere lantzen dira, bai Juan Ignacio Vidarteren Aurkezpenean, bai artistei eskainitako atalaren aurretik doan Francisco Calvo Serraller-en saiakeran. Sarrera-orrialde horietan historialari eta kritikariak Guggenheim Bilbao Museoak egungo museoen munduan duen zeregina aztertzen du eta Bildumaren sortze-ildoen (“museoaren arima” izena eman die berak) testuingurua azaltzen du.


Argitalpen hau Museoaren funtsezko helburuetako baten ondorio da, eta Zereginean aurki daiteke horixe: bere funtsak ikertu eta ezagutzera eman; horien inguruko informazioa bildu eta horiek aztertu, aberastu eta goraipatu erakundearen muina osatzen baitute. Museoak jardunean eman dituen urteen eta kultura erakunde gisa lortutako egoera finkoaren ostean, honelako ahalegina egitea beharrezkoa zen. Hala publikoari iturri bat, erreferentzia liburu bat eskainiko zaio, eta horretara jo ahal izango du artelanak dagokien testuinguru historikoan kokatzeko eta lan bakoitzaren eta egilearen ezaugarri bereziak argitzeko. Askotariko irakurleek adituek emandako eta balio handiko ezagutza eta iritziak erauzi ahal izango dituzte Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma osatzen duten artelanen balioa eta esanahia ulertzeko. Gainera, Bilduman dauden artisten eta artelanen inguruko saiakeren eranskin gisa, gaur arte eguneratua izan den artista bakoitzaren kronologia aurki daiteke liburuan.


Museoaren eskuratzeak

Eskuratze-programak arreta jarri du XX. mendearen erdialdetik gaurdaino sortu diren artelanak biltzen; horrela, Solomon R. Guggenheim Foundation-en funtsak eta Bilduma Iraunkorra osatzeaz eta aberasteaz gain, lan horiek izaera berezkoa eta bakarra dute. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumara gehitu diren lanek Museoaren arte funtsak itxuratu dituzten ildo edo norabide nagusi batzuk jarraitu dituzte. Ildo horietan lehenengoa maisulanak eta artelan bereziak eskuratzea da. Ondorengo ezaugarriak dituzte lanok: beste artista batzuen eredu izan dira eta artearen historiaren garapenean erabakigarriak izan dira; artista baten ibilbidea bereziki ondo laburbiltzen dute edo horren ibilbidearen une gorena adierazten. Honen adibide adierazgarri dira Mark Rothko-ren Titulurik gabea (1952–53) pintura, Joseph Beuys-en Tximista oreina argituz (1958–85) instalazioa, eta Cy Twombly-ren Komodri buruzko bederatzi gogoeta (1963), bederatzi mihiseek osatzen duten zikloa.


Beste eskuratze-ildo bati jarraiki, artista gailenen artelan talde adierazgarriak daude Bilduman. Lanok egileen ibilbidea aztertzeko baliabidea dira, eta horren adierazle dira Eduardo Chillida eta Anselm Kiefer, esaterako.


Euskal Herriko eta Espainiako arteak leku berezia du Bilduman, eta hainbat belaunalditako artista dira ildo honen ordezkari: Jorge Oteiza, Antonio Saura edo Antoni Tàpies; Cristina Iglesias, Susana Solano edo Juan Muñoz; Ibon Aranberri, Javier Pérez edo Sergio Prego. Horrela, egun, euskal artisten lanak Museoaren eskuraketen heren bat dira.


Eskuratze-ildoetan azkenak Frank Gehry-k diseinatutako Museoaren guneetarako bereziki sortutako lanak hartzen ditu, baita hartzen dituzten guneekin elkarrizketa aberatsa sortzen dituztenak ere. Atal honetan aipatzekoak dira Jenny Holzer-en Bilborako instalazioa (1997); Daniel Buren-en Arcos rojos/Arku gorriak (2007), ondoko Salbe zubia oinarri duen instalazioa; eta Richard Serra-ren Denboraren materia (1994–2005) eskultura multzo ikaragarria, orain arte eskulturaren izaerari eta horrek espazioarekin duen harremanari buruz egin duen gogoetarik sakonena dena.