Bilduma Iraunkorreko aurkezpenak
2009 ekaina 26 - 2010 maiatza 02
Franz Marc
Behi horia
(Gelbe Kuh)
1911
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Solomon R. Guggenheim Founding Collection
Bilduma pribatuak museo publiko bihurtzea metamorfosi ikaragarria da. 1937an gertatu zen aldaketa hori Guggenheim Museoan, Solomon R. Guggenheimek fundazio bat sortu zuenean museo bat egiteko, bertan haren bildumako arte modernoko lanak publikoari erakusteko eta gordetzeko. Ordutik aurrera, Guggenheim Museoen sortze-bilduma hainbat dohaintzari eta pertsona pribatuei egindako eskuraketei esker zabaltzen joan da, hain zuzen, Guggenheimen jite bertsua zuten pertsonei egindakoak. Eskuratze horien artean honako hauek daude: Karl Nierendorf galeria zuzendariaren Alemaniako espresionismo eta Espresionismo abstraktuko funtsak; Solomonen iloba Peggy Guggenheimen pintura eta eskultura abstraktu eta surrealista bilduma; Justin K. Thannhauser-en Inpresionismoaren, Postinpresionismoaren eta arte moderno hasiberriaren maisulanen aukeraketa; eta Hilla Rebay eta Katherine S. Dreier gisako ameslarien arteondarea, adibidez.
Hasierako xedeari, hots, "etorkizuneko artea" sustatzeari fidel, egun Guggenheim Foundationak arte garaikideko funtsak zabaltzea du helburu nagusi. Ildo horretatik, eskuratze garrantzitsuak izan dira, Bohen Foundation erakundeak egindako dohaintza, adibidez; hala arte modernoa eta garaikidea zeharkako ikuspegi batetik aztertzeko aukera dago, hots, modu bizi eta dinamiko batean ikertzekoa. Bilduma berezi honek bere ibilbidea egiten jarraitzen du.