Santa Águeda
Era berezian ospatzen da Santa Ageda eguna gurean. Bezperan, otsailaren 4an, Bizkaiko, Gipuzkoako zein Arabako herri askotan abesbatzek eta koadrilek kaleak zeharkatzen dituzte euren kantuekin, eta ahotsak makilen soinuaz laguntzen dituzte. Santa Agedaren bizitza eta martirioa gogora ekartzen dute era horretan.
Santa Agedaren omenez prestatzen diren erromeriei dagokienez, otsailaren 5ean eta aurreko nahiz hurrengo igandean Kastrexanako (Barakaldo) Santa Ageda Santutegira egin ohi dituzten hiru erromeriak nabarmendu behar dira. Garrantzitsuena azken igandean egiten dena da, eta milaka lagunek hartzen dute parte horretan.
Siziliako birjina eta martiria izan zen Santa Ageda emakumeen eta emankortasunaren zaindaria (horregatik, laster ama izango diren emakume askok beregana jotzen dute). Horrez gainera, hainbat botere egozten dizkiote: suteak eta sumendiak ekiditea, espiritu gaiztoak usatzea, ganadua gaixotasunetatik babestea eta nekazaritza-ekoizpena sustatzea, besteak beste. Euskal tradizioaren arabera, zefalea eta migraina ere sendatzen ditu.
Data: 2013/02/03 - 2013/02/10
Argazkia: Coro parroquial de Ibarra

