Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Zeinua I

Ia hirurogei urteko bere ibilbide artistikoan, Pablo Palazuelok abstrakzio geometriko oso pertsonala sortu zuen irakaskuntza esoterikoak, Kabala, Ekialdeko filosofia, matematika eta zientzia oinarri hartuta. 1948an Parisera lekualdatu zenean, Eduardo Chillida eskultorearen lagun egin zen eta, hura bezala, Palazuelo arkitektura ikasten hasi zen 1939an pinturan bete-betean jardun aurretik; gero, hala ere, hiru dimentsioei ere heldu zien eta, 1954tik aurrera, eskulturak egin zituen. 1940ko hamarkadatik aurrera, Paul Klee-ren abstrakzioak eragin zion eta, 1950eko hamarkadaren hasieran, teosofia eta zenbakien eta alderdi sakratu edo psikikoen arteko loturak aztertzen dituzten testu hermetikoen irakurketa eta soinuen eta koloreen arteko baliokidetza iturri hartuta, forma geometrikoen lengoaia jorratu zuen. Palazuelorentzat, bizitzaren jatorrian dago geometria eta prozesu burutsua da: egitura ezkutuak, izan litezkeen forma berriak eta forma batzuetatik besteetarako metamorfosia ikusteko balio du.

Zeinua I (Signo I, 2003) lan-multzo batean kokatzen da eta, horiek, Klee-ren eraginez, Palazuelok lerroaren ahalmenean sinesten duela islatzen dute, lerroak ikusezina ikusgai egiteko eta energia-bitarteko izateko gaitasuna baitu. Zeinua I lanean dinamismo-sentsazioa sortu zuen lerro diagonala baliatuz (lerro bertikalen eta horizontalen nolakotasun estatikoak ez bezala). Palazuelorentzat, lan honen zati handi bat hartzen duen espazio hutsa presentzia sortzailea zen, baita energia-betetasuna ere. Behin esan zuen espazioa bidaiaria abentura bila barneratzen den lurraldea dela [1]. Lan honen sinpletasunak indar handia du eta lana bera energiaz beteta dago; izan ere, forma hartzen duen Palazueloren ikuspegi barnerakoiaren "zeinua" da.

Oharra:
1. Pablo Palazuelo, "Endrit", in Escritos y conversaciones, CajaMurcia, Murtzia, 1998, 212. or.

Iturria:
Power, Kevin: "Pablo Palazuelo", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Pablo Palazuelo

Zeinua I (Signo I), 2003

Olio-pintura mihise gainean

188,3 x 174,5 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×