Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Tximista oreina argituz

Tximista oreina argituz (Blitzschlag mit Lichtschein auf Hirsch) Joseph Beuysen antzezpen-jite handieneko instalazioa da eta alemaniar artistak naturako indarrekin, energiaren transmisioarekin eta eraldaketa-egoerekin sentitzen zuen lilura adierazten du. Objektu-multzo misteriotsuaren antolamenduak naturako toki bat ekartzen du gogora, basoko soilune bat beharbada; bertan, izpi sendo batek argitzen ditu orein bat (zurezko "hanka"dun lisatzeko ohola), "animalia primitiboen" gorotzak (brontzean galdatutako buztin formak, tresnak iltzatu zizkion buztinezko orean eta gero brontzean galdatu zituen) eta ahuntz bat (hiru gurpileko eskorga korrokoildua). Beuysen lanean ohi bezala, animaliak nagusi dituen narrazio mitiko sinboliko horren giza lekukoa da artista, eta zeharka dago irudikatuta eskulturak moldatzeko oinarri zahar baten gainean jarritako lurrezko loreontzi hustu baten molde batean.

Brontzez eta beste metal batzuez egindako Beuysen monumentu-instalazio bakarra, Tximista oreina argituz, Oreinaren oroitarriak (Hirschdenkmäler) deitutako artistaren lanean oinarritzen da. Lan hori Berlingo Martin-Gropius-Bauen egindako Zeitgeist erakusketan izan zen 1982-83an. Muino itxurako buztinezko meta handi bat gailentzen zitzaion artistak Werkstatt (lantegi) deitukoari Zeitgeist erakusketan. Lurra oinarrizko materiala izan zen Beuysentzat eta horixe ondorengo teorian islatu zuen: "Buztina lurretik dator, gure oinean dagoen geruzatik eta, horretatik, planeta piztuko dugu". Erakusketa hau amaitzean, buztinaren zati bat molde bat ontzeko oinarri erabili zen eta, haren bidez, Tximista galdatu zen, Tximista oreina argituz laneko osagai nagusi eta sormenaren boterearen ikur.

Tximista oreina argituz lanak, Beuysek hil baino urtebete lehenago amaitutakoak, haren ibilbidean baliatutako teoria eta mitologia asko islatzen ditu; halere, instalazio konplexu honen esanahia Beuysek emandako gizarte-eskulturaren definizioari lot dakioke. Elkarreragina sortzen duten eta eduki politiko handia izaten duten lanen bidez, Beuysek pentsamendu-aldaketa baten alde egin zuen, aurrerapen teknologikoek baino ulermen indibidualaren gaitasunak bultzatutakoa. Ideiak irudikatzea baino, sortzea zuen helburu, bere pentsamendu sortzailearen kemenaz, Beuysek gizartea gaztetzea edo argitzea espero zuen.

Joseph Beuys

Tximista oreina argituz (Blitzschlag mit Lichtschein auf Hirsch), 1958–85

39 elementu
Brontzea, burdina eta aluminioa

Neurri aldakorrak

Edizioa: 4 aletik 0
Guggenheim Bilbao Museoa

×