Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Titulurik gabea

Doris Salcedo Bogotan jaio zen 1958an. Hasiera batean pintura arloan prestatu zen, eta denbora tarte labur batez antzerkiak piztu zion jakin-mina, 1980ko hamarkadan eskulturari heldu baino lehen. 1984an, Arte Ederretako Master bat egin zuen, New Yorkeko Unibertsitatean. Hiri hartan egin zuen egonaldian Joseph Beuys-en lana ezagutu zuen, eta horrek, eta bertan atzerritar izanik bizi izan zuenak, eskulturak izan zezakeen dimentsio politikoa ezagutzeko aukera eman zion: "Haren lanarekin, ‘eskultura sozialaren' kontzeptua zer zen jakin ahal izan nuen, artearen bidez gizartea moldatzeko ahalbidea", dio artistak [1]. Graduatu eta gero, Bogotara itzuli zen eskultura eta artearen teoria Kolonbiako Unibertsitate Nazionalean irakasteko, 1980ko hamarkadaren amaierara arte. Itzulera hartan topatu zuen ezegonkortasun politikoak zenbait proiektu egitera eraman zuen, garai hartan piztutako indarkeriak egunerokotasunean zituen ondorioak gogora ekartzen zituztenak.

Titulurik gabea (2008) 1989an hasi zuen sail bukatu batekoa da, orain arte artistak ekindako eskultura-sailik zabalenenekoa: bertan, elkar muntatutako osagaiak erabiltzen ditu, besteren artean, etxeko altzariak, Kolonbiako historia politiko dramatikoa arakatzeko modutzat. Beste sail batzuetan bezala —esaterako Etxe alarguna (La casa viuda 1992–95)—, hemen ere zurezko altzariak erabiltzen ditu giza gorputza eta haren gabezia iradokitzeko. "Orain arte sortutako lan guztiek Kolonbiako gerraren benetako biktima baten zuzeneko aztarnak gordetzen dituzte", dio artistak [2]. Sail honetan mahai eta armairu sortak erabiltzen ditu, urteen poderioz hondatutakoak; forma hibridoetan berriro muntatzen ditu eta tarteko zuloak eta gainazalaren zatiak hormigoiz estaltzen. Materialaren ezaugarriei esker, hartutako forma berriak norbanakoaren eta taldearen narrazioen testigantza isilak dira.

Batzuetan, Salcedok estuki lotutako multzoetan aurkeztu ditu bere eskulturak, esaterako, honako lekuetan egindako instalazioetan: Carnegie International (Pittsburgh, Pennsylvania, 1995) eta Liverpooleko katedral anglikanoan (Liverpooleko Bienala dela eta, 1999). Hala azpimarratzen ditu artistak osagaien arteko lotura formalak eta materialak, talde baten barruan gizabanakoek dituzten harremanen analogoak direnak. Haren eskulturak, baina, autonomoak ere badira. Guggenheim Bilbao Museoaren Titulurik gabea lanak leku jakin bateko (Kolonbia) egoera politikoa gogora ekartzen digu, baita indibidualtasunaren, memoriaren eta ahanzturaren adierazpen unibertsalak ere. Titulurik gabea museoaren bildumako artelana da, eskulturak eta instalazio-arteak 1990eko hamarkadaren hasieratik hartu dituzten bideen erakusgarria. Salcedo da bilduman lan bat daukan aurreneko artista latinoamerikarrarena.

1. "Interview: Carlos Basualdo in Conversation with Doris Salcedo", in Doris Salcedo, Phaidon, Londres, 2000, 10 or.

2. Ibid., 14 or.

Doris Salcedo

Titulurik gabea, 2008

Zura, metala eta zementua

78 x 247 x 121 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×