Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Titulurik gabea

Jannis Kounellis Grezian jaio eta hazi zen arren, Italian heldu zen artista gisa. Bere harrera-herrialdeko historia estetiko aberatsean murgildu zen eta, ondorioztatu zuenez, artearen garrantzia kultura-garapenaren ardatz nagusi den sinesmen eta balioen ehundura konplexua hausnartzean datza. Kounellisen iritziz, historian zehar artea pentsamendu teologikoen, intelektualen eta politikoen ereduen adierazpide eta erantzun gisa bilakatu da. Hala ere, ondorioztatu zuen gerraosteko Europako gizarteak ez zuela egungo zibilizazioaren zatikapena islatzeko forma estetiko egokirik. Ohiko eskulturak eta pinturak, kultura-batasunaren produktu moduan, ez zuten jadanik erlaziorik berak antzematen zuen egoera alderraiarekin. 1967an, eskulturak, instalazioak eta antzerki-performanceak egiten hasi zen zatikatua eta iragankorra dena kontuan hartzeko. Garai hartan, antzeko arrazoi politiko eta estetikoak izanik, pareko helburua jarraitzen zuen italiar artista-talde batekin harremanetan izan zen. Germano Celant kritikari eta komisarioak sortutako Arte Povera izenaren pean elkartuta, euren lanetan material organikoak eta industrialak erabili zituen eta, hortik, natura, kultura eta fabrikatutako ingurunearen arteko gatazka poetikoak sortu zituzten. Kounellisek, areago, bere lanean animalia biziak sartu izan ditu, artea bizitzeko eredu guztiz berri bat osatzeko ahaleginean. Gainera, ateak eta leihoak harriz eta zur-zatiz blokatu izan ditu, eta sua, butano-soplete eta ke-hondarren forman, erabili du, sugarrak zerbait eraldatzeko zein alkimiarako duen ahalmena, baita haren indar suntsitzailea ere, aditzera emateko.

Titulurik gabea Kounellisek 1988ko Veneziako Bienalari egindako ekarpena izan zen eta Italiako pabilioiaren areto batean, bakarrik, jarri zuten ikusgai. Lana xafla metaliko berdinen lerro batek osatzen du: horman zorutik altuera jakin batera muntatutako xafla bakoitzak ohe baten tamaina dauka gutxi gorabehera, gorputzaren presentzia adierazteko [1]. Panel bakoitzean, ikatzez betetako sei zaku daude, eta I itxurako haga batzuek eusten diete. Kounellisen lanean ohikoa den konbinazio bat da: errepikatzen diren modulu-unitatei —AEBko Minimalismoa gogorarazten dute euren itxura industriala eta zatarra dela eta— gainjartzen zaizkie zaku desberdinak, irregularrak, eta horiek daukaten gai organikoak. Titulurik gabea lanak artistak ikatzari buruz daukan interes etengabea uzten du agerian. Ikatza suari hertsiki lotutako lurreko energia-hondar bat da eta eraldatzeko eta aldatzeko ahalmena iradokitzen du. Kounellisek, gainera, lan honen inguruan hitz egin duenean eliza-arkitekturaren eta -artearen tradizioa aipatu izan ditu: esan duenez, horman panelak horrela jartzeak erlazioa du XIV. mendeko Italiako pinturak eskegitzen ziren altuerarekin, eta gainera, instalaziotik ibiltzea eta eliza gotiko bateko triforiotik pasatzea parekatu ditu [2].

Oharrak:
1. Kounellisek ohe bikoitz baten tamainako xafla batzuk egin zituen, "gainazal horren gainean jartzen den material osoa formatu jakin batekin automatikoki konpara dadin: giza neurria". Jannis Kounellis, Wim Beerenekin elkarrizketa, in Jannis Kounellis, erak. kat., Stedelijk Museum, Amsterdam, 1991, 85 or.

2. Ibid.; Stephen Bann: Jannis Kounellis, Reaktion Books, Londres, 2003, 85 or.
Iturriak:
Nancy Spector: "Jannis Kounellis", in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.

Iturria:
Germano Celant: "Janis Kounellis", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Jannis Kounellis

Titulurik gabea, 1988

Altzairuzko panelak, ikatza eta marregazko zakuak

Guztizko neurri aldakorrak

Guggenheim Bilbao Museo

×