Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Sedukzio-maskara

Lehendabizi bere jaioterri Euskal Herrian trebatutakoa eta, gero, Parisen eta Berlinen, Javier Pérez 1990eko hamarkadaren hasieran hasi zen artelanak sortzen, eta garai hartan Europan jorratzen ari zen gorputzaren estetikan beste norabide berezi bat ireki zuen. Pérezek gure barnealdearen alderantzizko irudi erakargarriak sortu ditu eskultura-objektuetan, performanceetan, marrazkietan eta bideoetan, eta kanpoaldeko perimetrora eraman ditu gizakiaren organikotasuna, lizunkeria eta barnealdea. Beraz, hizkuntza eta kulturaren bidez aditzera ematen den "gizarteratzea" ezeztatu edo eraldatu egiten du eta "animalia" izaerari heltzen dio; hala, "fase natural, primitibo eta kultura-aurreko"1 horretatik gure izatasunaren ezegonkortasunaren inguruan hausnartzera bultzatzen gaitu.

1995ean, Pérez zaldi-zurdaz ehundutako maskarak egiten hasi zen eta horiek performanceetan baliatzen zituen. Sedukzio-maskara (Máscara de seducción) lanak, zurdaz gain kotoizko eta zetazko soineko bat eta hormako testu bat biltzen dituenak, jatorria du Pérezek Bartzelonako bakarkako erakusketa baten inaugurazioaren harira antolatutako performance batean. Horretan emakumezko modelo bat, soineko eta maskara bat jantzita, era misteriotsuan zebilen publikoaren artean. Artistari beti liluratu izan diote maskarek identitateak bereziki eraldatzeko daukaten gaitasunagatik. Sedukzio-maskara lanean giza izaerari identitatea mozorrotzea berezkoa zaiola iradokitzen du Pérezek. Aldi berean, gorputzaren barnealdea eta fisikoki zein psikologikoki inguratzen duen mundua bereizten duten muga aldakorrak nabarmentzen ditu. Maskararen eta jantziaren materialek gai hori ematen dute aditzera: ilea gorputzaren barrutik sortzen eta norbanakoaren kanpo-ezaugarri bihurtzen den materiala da; aldiz, zeta-harraren kanpo-isuria da zeta eta, gero, haren kanpoko bilgarri bihurtzen da. Pérezen iritziz, material horien animalia-jatorriak horman idatzitako testuak ere gogora dakarren sentikortasun errituala ematen dute aditzera, marisorginaren estalketak eta heriotzak laburbiltzen duen bezala. Sentsualitate morboso kutsu hori instalazioan barneratzen da.

Oharra:
1. Javier Pérez, honetan aipatua: Blanch, Teresa: "Huéspedes y gemelos", in Javier Pérez: Mudar (Sala Rekalde, Bilbo, 1998), 34. or.; Teresa Blanchekin 1997ko azaroan izandako elkarrizketak.

Iturria:
Blanch, Teresa: "Javier Pérez", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Javier Pérez

Sedukzio-maskara (Máscara de seducción), 1997

Zaldi-zurda, zeta eta testua

Kokapen zehatzeko neurriak

Guggenheim Bilbao Museoa

×