Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Mariana erregina

Manolo Valdés Francoren erregimenaren peko Espainiako poparen adierazle garrantzitsuenetako batean hasi zen: Equipo Crónica taldea, 1964an Rafael Solbes eta Joan Antoni Toledorekin batera sortutakoa (Toledok, ordea, taldea utzi zuen luze gabe). Equipo Crónicak elementu artistiko-historiko ezagunak berriro erabiltzen zituen eta horiek oinarri, zama politiko handiko koadroak burutzen zituen. 1981ean Solbes hil ondoren, Valdések bakarkako ibilbideari heldu zion eta, pintatzen jarraitu ez ezik, eskulturari ere ekin zion.

Valdésen eskultura eta margolanen mundua oso urruti dago AEBko pop-estetikatik eta haren kontsumoko produktuen sailetik. Valdések arte-historialari lana egiten du, iraganeko irudiei buruzko informazioa biltzen baitu etengabe. Ikonoak manipulatzen ditu (Diego Velázquezen eta Henri Matisse-n lanetatik hasi, Rembrandt-en eta Édouard Manet-en lanetaraino), haien testuingurua aldatzen du eta haien sinboloak berraktibatzen ditu: Valdés maisu handien margolanen xehetasunekin eta zatiekin hasten da lanean, eta bere ikuspegia eman zien, marrega, marrega-oihalkiak eta zurezko eta burdinazko muntaiak baliatuz. Anekdotek banakotasuna hartzen dute eta, aldi berean, jatorriko multzoaren esentzia nabarmentzen dute. Ez dute nortasuna galtzen, baina aldi berean artistarena erakusten dute.

Valdések beti hartu du Diego Velázquez inspirazio-iturri. Zehazki, 1980ko hamarkadaren hasieratik, Velázquezek 1652 inguruan margotutako Mariana erreginaren erretratua behin eta berriz berrinterpretatu du: material eta tamaina desberdinen bidez, bertsioak sortu ditu. Berrinterpretazio-lan hori Pablo Picassok Velázquezen Meninak (Las Meninas) lanean inspiratutako 1957ko pintura-sailarekin pareka daiteke. Guggenheim Bilbao Bildumaren 2001eko Mariana erregina (La Reina Mariana) handiagoa da 1980ko hamarkadan artistak egin zituen antzeko beste lan batzuek baino, eta, hartara, eskulturaren gainazalaren ehundura garatu dezake. Lan honetan, Valdések Velázquezen irudiarekin egiten dituen berrinterpretazioetan jazotako morfologia- eta esanahi-aldaketak ikus ditzakegu: giza irudiaren forma orokorra bere horretan geratzen da, baina ez du aurpegirik, eta horrek talka egiten du erretratuaren kontzeptuarekin berarekin. Hiru dimentsiotara eramana, brontzean interpretatua eta bakarka aurkeztua, osotasun bihurtzen den xehetasuna da, eta jatorrizko testuinguruari buruzko erreferentziak biltzen ditu, bizi propioa galdu gabe.

Iturria:
De Barañano, Kosme: "Manolo Valdés", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Manolo Valdés

Mariana erregina (La Reina Mariana), 2001

Brontzea

172,5 x 130 x 90 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×