Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Laino-eskultura 08025 zk. (F.O.G.)

Fujiko Nakaya lainoa eskulturarako baliabide gisa erabiltzen duen lehenengo artista da. Horrek, ordea, ez du esan nahi baliabide hori bere kontzeptuetan oinarrituz moldatzen duenik. Aldiz, artista urarekin, atmosferarekin, aire-korronteekin eta denborarekin aritzen da sotiltasunez elkarlanean. Bere laino-eskulturak gertutik saiatzeko egiten ditu eta iragankorrak dira, eta hurbil daude nolabait Arte Kontzeptualarengandik eta Land Art-engandik (lurreko artea), baina aldi berean iraultza sakon bat ekarri zuten artearen eta teknologiaren historiara.

Nakayak argia eta itzala helarazteko bitartekotzat jotzen du lainoa, bideoaren antzekotzat, eta harekin egindako lanak "deskonposizio" edo "desintegrazio-prozesu" deitzen duenean zeukan interesetik sortu zituen hasieran. AEBn arte-ikasle zela (Japoniatik bertara joan zen bizitzera familiarekin 1950eko hamarkadaren hasieran), lore zimelduak margotzen zituen; horiek eta hamarkada horren amaiera aldera, Japoniara itzuli zenean egindako lainoen margolan-sorta batek "behin eta berriz eratzen eta desegiten diren" natura fenomenoei buruzko bere lilura adierazten dute1. Nakayaren lehenengo laino-eskultura Experiments in Art and Technology-ko (E.A.T., ingeniarien eta artisten arteko lankidetza errazteko eta bultzatzeko erakunde bat) kide zenean sortu zuen. Erakunde hori 1967an sortu zuen, besteak beste, Robert Rauschenberg-ek; Nakayak urte batzuk lehenago ezagutu zuen hura, estatubatuar artistak Tokiora egindako bisita batean. 1970ean, E.A.T. erakundeak Pepsi-Cola Pabiloia diseinatu zuen Tokion egindako 1970eko erakusketa unibertsalerako (Asian antolatu zen lehenengo nazioarteko erakusketa eta gertaera erabakigarria japoniar abangoardiako kideentzat). E.A.T.-ko beste kide batzuen laguntzarekin, Nakayak pabiloia lainotan biltzea erabaki zuen eta Thomas Mee fisikari atmosferikoari esker lortu zuen balentria hori. Lankidetza-proiektu horretan garatutako teknologiak, aldaketa batzuk ere tartean, Nakayak ondoren egin dituen laino-eskultura guztietarako balio izan dio.

1980ko eta 1990eko hamarkadetan, Nakayak nazioartean ospea izan zuen bideo-artista eta arte alternatiboen defendatzaile moduan, baina laino-instalazio eta -eskultura handinahiak Japonian, Australian, AEBn eta Europan sortzen jarraitu zuen. Bere laino-eskulturetan performanceetarako (1980an Trisha Brown estatubatuar koreografoarekin elkarlanean egindakoa, esaterako) piezak agertzen dira, baita gune zehatzetako —aldi baterakoak nahiz iraunkorrak— sortutako ingurumen-instalazioak ere. Laino-eskultura 08025 zk. (F.O.G.) [Fog Sculpture #08025 (F.O.G.), 1998] bigarren multzo horretan kokatzen da. Bada, Rauschenbergek gonbidatuta aginduz eskatu zuten artelana 1999an Guggenheim Bilbao Museoak hari eskainitako atzera begirakoaren inaugurazioarekin bat etor zedin ("F.O.G."ek "Frank O. Gehry" esan nahi du). Inaugurazioa egin eta gutxira, Rauschenbergek erosi zuen lana eta Museoari dohaintzan eman zion. Laino-eskultura 08025 zk. (F.O.G.) iraunkorki dago instalatuta ibaiaren aldeko titaniozko fatxadaren aldamenean dagoen urmaelean. Hemen, lainoak ur uhinduaren eta hondo-oihal lana egiten duen horma islagarriaren arteko kontrastea uzten du agerian. Eskulturak gainazal horiek aldakor, mugikor eta moldakor egiten ditu. Laino-eskultura 08025 zk. (F.O.G.) "eskultura iraunkor" bat da, artifizialki ekoiztutako eta atmosferan etengabe zabaltzen den ur-zipriztinez osatutakoa, eta, Nakayak dioenez, "fenomeno bat eta tramankulu bat da aldi berean, kolokan dagoen naturaren orekaren (...) dinamismo bat"2.

Oharrak:
1. Nakaya honetan aipatua: Yoshiharu, Tsukamoto; Kajima, Momojo: "Materiaru 4, mizu/kiri, gesuto Nakaya Fujiko, kiri no chokoku-ka" [Materiala 4, ura/lainoa: elkarrizketa Fujiko Nakaya laino-eskulturarekin], in Kenchiku bunka [Arkitekturaren kultura], 563. zk. (1993ko iraila), 143-50. or.

2. Nakaya, Fujiko: "Fog Sculpture #08025: Water Fog Guggenheim Museum Bilbao", argitaratu gabeko dokumentua, 1990, Guggenheim Bilbao Museoaren artxibategiak, orrialde-zenbakirik gabe.

Iturria:
Munroe, Alexandra; Nakagawa, Ikuyo: "Fujiko Nakaya", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Fujiko Nakaya

Laino-eskultura 08025 zk. (F.O.G.) [Fog Sculpture #08025 (F.O.G.)], 1998

1.000 laino-toberek sortutako ur-lainoa eta goi-presiozko ponpa bidezko motore sistema

Kokapen zehatzeko neurriak

Robert Rauschenberg-en dohaintza
Guggenheim Bilbao Museoa

×