Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Izpirituarentzako espazioa

Eduardo Chillidak Madrilen ikasi zuen arkitektura 1943 eta 1947 artean, pinturara jo eta, azkenik, 1948an Parisera lekualdatu ondoren, eskulturari heldu zion. Arkitekturaren hasierako ezagutza hori ondo agerian geratzen da haren eskulturen azpiko egituran, materialei jarritako arretan eta ezaugarri duten espazio-erlazioaren plangintza zainduan. Izan ere, Chillidak arkitekturarekin erlazioan ikusten zuen eskultura: "Eraikitzea espazioan sortzea da. Hori da, hain zuzen, eskultura eta, oro har, eskultura eta arkitektura", adierazi zuenez [1]. Bost hamarkadatan, XX. mendeko euskal artista garrantzitsuenetako bat bihurtu zen, eta nazioarteko ospea hartu zuen gerraosteko eskultura giroan, kokapen zehatzeko eskultura monumentalen ondare joria, baita tamaina arruntagoko eskulturak ere, utzi baitzizkigun.

Chillidak hautatzen zituen materialek gai kontzeptual eta metafisikoen inguruan egiten ari zen azterketa gorpuzten zuten. Parisen egin zituen bere lehenengo eskulturetan harriaren eta igeltsuaren aldeko hautua egin zuen, Louvren erakusgai zeuden antzinako lanak aztertzen baitzebilen, eta giza irudia eta naturako formak hartu zituen inspirazio-iturri. 1951n, Euskal Herrira itzuli zenean, formak espazioa nola eraldatzen zuen eta espazioaren bolumena abstraktuki nola zehazten zuen sakontzen hasi zen; burdina eta, geroago, zura eta altzairua erabili zituen, material horiek industria, arkitektura eta nekazaritzako euskal tradizioak adierazten baitzituzten eta euskal paisaia tipikoa eta Chillidak haren "argi iluna" deitutakoa gogora ekartzen baitzuten.

Izpirituarentzako espazioa (Espacio para el espíritu, 1995) metodo tradizionalak baliatuz Indiako harrobi batzuetatik erauzi zen granito arrosaz egindako pieza da. Chillida 1980ko hamarkadaren amaieran hasi zen granito hori lantzen eta, garai hartan, 1988ko Veneziako Bienalean erakusgai jarri zen Sakona airea da IV (Lo profundo es el aire IV, 1987) sortu zuen. Granitozko lan horiek irekiune bat dute goiko aldean (lauki bat) eta, bertatik, argia sar daiteke barnealdera. Chillidak jakin bazekien harria eraldagaitza dela: uko egiten dio itxuraldatua izateari. Harriari ezarrarazitako geometria baten ordez, materiaren beraren geometria ateratzea bilatzen zuen. Chillidaren iritziz, harriaren indarra eta kemena espazioa moldatzeko eta batzeko gaitasuna ziren. Eskultoreak, granitoa lantzean, arrokak berak, mendi batek bezala, arkitektura-esperientzia bat eskaintzea nahi zuen.

Oharra:
1. Eduardo Chillida, elkarrizketa Mario Teresekin, in Christa Lichtenstein, Chillida und die Musik. Baumeister von Zeit und Klang, Wienand, Kolonia, 1997, 73 or.; honetan aipatua: Chillida, 1948-1998, erak. kat., Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madril, 1998, 62 or.

Iturria:
Kosme de Barañano: "Eduardo Chillida" in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Eduardo Chillida

Izpirituarentzako espazioa (Espacio para el espíritu), 1995

Granito arrosa

173 x 85 x 91 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×