Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Itzala eta ahoa

Juan Muñoz giza irudien eskultura misteriotsu eta bereziki asaldagarriengatik izan zen ezaguna. Haren instalazioek pertsonaia atsekabetuz jendeztatutako agertokiak dirudite; konspirazio-, etsipen- eta bakardade-narrazioak gordetzen dituzte. Sarritan aztoragarriak gertatzen diren arren, Muñozek giza izaeraren aukera emozional guztia era koherentean islatzen jakin zuen, alderdi absurdu eta irrazionalak zein garratz eta umoretsuak. Ferietako bentrilokia-panpinetan, nanoetan eta pailazoetan oinarritzen zituen irudiok eta brontzean edo erretxinan galdatu eta banaka jartzen edo taldekatzen zituen. Naturaltasun soila darie eta nahiko errealak ematen dute, maiz ezinezko jarrerak hartzen dituzten arren, adibidez, horman zintzilikatutako aulkietan eserita edo buruz behera dilindan. 1980ko hamarkadaren amaieratik, lana erakusgai jartzen hasi zenetik, eskenaratzeak egiteko bitartekoak apurka-apurka aldatu zituen Muñozek: 1980ko hamarkadaren amaieran erakusketa-aretoen barnealdeetara gehitutako arkitektura-elementueak egiten zituen, eta bukaerako instalazio handietan hormak zartatzen zituen eta zoru faltsuak egiten, ingurua berritxuratzeko eta eraldatzeko.

Gazte hil zen, 48 urte zituela, baina ordu arte etengabe aritu zen lanean ikuslea fisikoki eta emozionalki erakartzen duten lan-multzoak sortzen. Bere sorkuntza-lanak denboran izoztutako drama-modukotzat jo daitezke. Itzala eta ahoa (Shadow and Mouth) lanak narrazio-garapen bat iradokitzen du, edo, beharbada, eztabaida, liskar edo salaketa bat izan eta justu ondorengo unea. Itzala eta ahoak Muñozen bereizgarriak biltzen ditu, osagarri gisa elementu ezagunak erabiltzen dituelako (altzari arruntak) halako surrealismo kutsua duten eta batere esplizituak ez diren eszenetan. Eserita dauden irudiek ez diote elkar begiratzen eta beren munduan murgilduta daudela ematen du, eta ikusleak, beraz, ez du haiekin harremanetan jartzeko aukerarik. Bakardade eta ziurgabetasun egoera hori gaur egungo bizitzan topatu ohi ditugun anbiguotasunaren eta konplexutasunaren ahalmen handiko metafora da.

Juan Muñoz

Itzala eta ahoa (Shadow and Mouth), 1996

Poliester-erretxina, oihala, pigmentua, zura eta motorra

Kokapen zehatzeko neurriak

Guggenheim Bilbao Museoa

×