Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Irudien gatazka

Bigarren Mundu Gerrako azken gudua gertatu baino hil batzuk lehenago Alemanian jaio zela, Anselm Kiefer gerra modernoaren ondorioen eta bere herrialdearen banaketaren lekuko hazi zen. Gainera, nazio zatikatu bat nola berreraiki zen eta haren berritzeko ahalegina bizi izan zuen. Kieferrek elkarri lotutako Alemaniako historiaren eta mitologiaren ereduak eta horiek faxismoa agerrarazten nola lagundu zuten ikertzeari heldu zion. Gai horiek tabu estetikoak urratuz eta ikono sublimatuak berpiztuz landu zituen. Bere lehenengo proiektuetako batean 1969ko Okupazioak (Occupations) saila, Kieferrek Suitza, Frantzia eta Italian zehar egindako bidaia batean, hainbat tokitan, argazkiak atera zizkion bere buruari, nazien agurra egiten zuela. Geroagoko margolanek paisaia erraldoiak eta arkitektura-barnealdeak agertzen dituzte eta harea eta lastoa aplikatu ohi zizkien; Alemaniako politika eta literaturaren ondarea gogora ekartzen dute. Ugari dira nibelungoen kondairei, Richard Wagner-i, Albert Speer-en arkitekturari eta Adolf Hitler-i erreferentziak. 1980ko hamarkadako erdialdetik eta, zehazki, 1990eko hamarkadaren hasieran Frantzia hegoaldera lekualdatu ondoren, Kieferrek bere ikonografia handitu zuen, eta gai unibertsalagoei heldu zien, adibidez: zibilizazioa, kultura eta espiritualtasuna; horretarako, inspirazio-iturri gisa hartu zituen Kabala, alkimia eta Antzinateko mitologia.

Artista-liburuak 1968tik Kieferren adierazpide nagusienetako bat izan dira. Artista-liburu asko ez bezala —sailean ekoizten dira—, Kieferren liburuak ale bereziak dira, artisau-lanak, eta, ondorioz, margolanetatik edo eskulturetatik hurbilago daude. Irudien gatazka (Bilderstreit, 1980) 1977 eta 1980 artean egin zituen izen bereko margolan- eta liburu-sail baten parte da, eta Bizantziar Inperioan VIII. eta IX. mendean ikonoklasten (erlijio-irudien gurtzaren kontrakoak) eta ikonoduloen artean gertatutako gatazkari egiten dio erreferentzia. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumaren liburuan, Kieferrek istilu horretan esku hartu zuten hainbat enperadore, aita santu eta patriarka aipatzen ditu. Izen bakoitzak "+" edo "-" ikurra du aldamenean; lehenengoak jarrera ikonoduloa hartu zutenak identifikatzen ditu, eta bigarrenak jarrera ikonoklasta hartu zutenak. Gainera, jarrera anbiguoa hartu zuten pertsonaiak ere azaltzen ditu, adibidez, Leo V, eta jokabide hori adierazteko bi zeinuak ezarri zizkien. Horrez gain, liburuaren bosgarren orrialdean, Kieferrek borrokan funtsezkotzat jo ditzakegun gertakizunak aipatzen ditu: Hiereiako Sinodoa (747ko kontseilu ikonoklasta) eta Nizeako Kontseilua II (787ko kontseilu ikonoduloa). Kieferrek pintorearen estudioko objektu tradizionalei tiro egiten dieten tankeen irudiak baliatzen ditu gudu ideologiko hori adierazteko. Mark Rosenthal-ek iradoki duenez, uler daiteke Kieferrek ikonoei buruzko eztabaida berpiztu izanak eta argazkia baliabide artistiko moduan erabiltzearen inguruan dagoen egungo eztabaidak lotura dutela [1].

Oharra:
1. Mark Rosenthal: Anselm Kiefer, erak. kat., Art Institute of Chicago, Chicago; Philadelphia Museum of Art, Philadelphia, 1987, 76 or.

Iturriak:
Nancy Spector: "Anselm Kiefer", in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.

Miguel López-Remiro: "Anselm Kiefer", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

"Anselm Kiefer", in La Colección Permanente de los Museos Guggenheim, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2007.

Anselm Kiefer

Irudien gatazka (Bilderstreit), 1980

Goma-laka argazki orijinalean kartoi gainean

58 x 43,5 x 8 cm, 34 orrialde

Guggenheim Bilbao Museoa

×