Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Idi-bihotzak

Jeff Koonsek 1980ko hamarkadaren erdialdera hartu zuen ospea artearen zentzua arakatzen zuen artista-belaunaldi baten kide zela, hedabidez jositako eta, ondorioz, errepresentazioaren krisiak jotako aroan. Publizitatearen ikusizko mintzairan, marketinean eta aisialdiaren industrian oinarrituz eta "masekin komunikatzeko" helburuz, Koonsek kultura herrikoiaren eta elitistaren arteko mugak zalantzan jarri zituen. Bere eskulturak dira plexiglas-kaxetan sartutako xurgagailuak, kristalezko arrain-ontzietan murgildutako saskibaloiak, Michael Jackson eta Pantera Arrosaren portzelanazko iruditxoak, baita orduan emazte zuen Ilona Staller-ekin amodioa egiten erakusten duten irudiak dauzkaten beirateak. "Cicciolina" ezizenaz ezaguna den orduko emaztea porno-zinemako izarra eta Italiako parlamentuko parlamentario izan zen. Marcel Duchampen lanaren oinordetzari jarraitu eta Minimalismoaren zein Pop Artearen erreferentziak hartu eta Koonsek estetika arruntaren hierarkian sar ez daitekeen kontsumoko produktutzat aurkezten du artea.

Idi-bihotzak (Tulips), tamaina erraldoiko kolorezko puxiken moduan sortuak (2 metro altu eta 5 metro zabaletik gora), Koonsek 1994an hasitako Ospakizuna (Celebration) sail anbiziotsuko zati da. Urtebetetze-jai, opor eta festa-ekitaldiei lotutako objektu orokorrak eta herrikoiak (festa-txanoak, bihotz itxurako tartak eta Pazko arrautzak, esaterako) inspirazio-iturri hartuta, Ospakizuna saileko pinturek eta eskulturek Koonsek haurtzaroko elementuekin etengabe izandako erlazioa islatzen dute. Idi-bihotzetako altzairu herdoilgaitz distiratsu eta aratzeko gainazalek artistaren lehenagoko lanak ekartzen dituzte gogora, adibidez, Untxia (Rabbit, 1986); objektu puzgarri arrunt bat zerbait gogor, distiratsu eta sinboliko bihurtu zuen. Idi-bihotzak lanean eta Ospakizuna sailean agertzen diren animalia-globoetan, baita Puppy (1992) itzelean ere, Koonsek eskala eta materialak manipulatu ditu susma ezineko neurrietaraino. Idi-bihotzak lanak eskultura minimalista batzuen industria-forma handiak ekartzen ditu gogora, baina eskultura baikor bat eta kolorez betea ere bada, desfileko karroza alai bat irudi.

Jeff Koons

Idi-bihotzak (Tulips), 1995–2004

Kromo asko duen altzairu herdoilgaitza koloredun laka zeharrargiarekin

203 x 460 x 520 cm
Bertsioa: 5 aletik 4.

Guggenheim Bilbao Museoa

×