Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Gurutziltzaketa

Antonio Saura gaztetan txunditu zuten Diego Velázquezen eta Francisco de Goyaren lanek, biak ere espainiar maisu handiak. Aldiz, 1950eko hamarkada hasieran Espainian pintore eta politika- eta kultura-errepresio giroaren lekuko izanik, ondare loriatsu hori kultura frankistari kendu behar zitzaiola ikusi zuen, horrek Europako Arte Informalaren kontrako tokian jartzen baitzuen. Paradoxikoa den arren, Espainiaren ondare miresgarri hori pintatzeko era berritzaile eta erradikalen pean jartzean lortu zuen Saurak ondare hori askatzea eta bizi berri eta kementsu berria ematea: Arte Informalari eta AEBko Ekintza Pinturari lotutako Keinu Pintura bere egin zuen, eta Espainiako irudi eta gai tradizionaletan aplikatu zuen. 1950eko hamarkadan Parisen denboraldi labur bat igaro ondoren (surrealistekin izan zen harremanetan), Saura Espainiara itzuli zen eta El Paso taldea (1957–60) sortu zuen. Taldeko kideek Europan eta AEBn garatzen ari ziren pintatzeko modu berriak sustatu zituzten haien lanetan eta taldearen izen bera zuen argitalpenean. (Saura lehenengotarikoa izan zen Jackson Pollock-en lana Espainian defendatzen.) Garai horretan, Saurak zuri-beltzera mugatu zuen kolore-aukera eta bere ibilbide artistikoan nagusituko zen gaikako sailari heldu zion, tartean direla "gurutziltzaketak", "emakumeak", "irudi biluziak", "jendetzak", "erretratuak" eta "alegiazko erretratuak" (azken bietan Espainiako pertsonaia historikoak erretratatu zituen, adibidez, Goya eta Filipe II.a). Saura oso moldakorra zen: pintura ez ezik, grabatuak eta liburuetarako marrazkiak egin eta agertokiak diseinatu zituen, eta idazle oparoa izan zen.

Guggenheim Bilbao Museoaren Gurutziltzaketa (Crucifixión, 1959–63) lana Saurak gai horren inguruan burututako pintura txundigarrienetako bat da: 1957an ekin zion lanari eta 1997an hil zen arte ez zuen utzi. Zirrimarra amorratuen margolan honek Espainian une hartan Sauraren lanari paregabeko garrantzia eman zion elementua hezurmamitzen du: Velázquezek sortutako eredu bikaina (zehazki, Madrilgo Prado Museo Nazionalean den Velázquezen Gurutziltzaketa —1632 inguru— ospetsuari erantzuten zion) bereganatzeko era trebea eta sendoa; gainera, tratamendu modernoa eman zionez, eztabaida kritikoa ireki zuen. Gurutziltzaketak kristautasunaren edo kulturaren ikur izateari uzten dio eta, zer eta, giza izaeraren tragediaren irudi bihurtu zen. Saurak, hain zuzen, Bibliako gai tradizional honi buruzko bere ikuspegian batere erlijio-motiborik ez zegoela azaldu zuen [1]. Margolan honekin Saurak jasaten zuen munduaren egoerari erantzun artistiko eta politikoa, "protesta-bolada" bere hitzetan, eman zion; hartara, "oinaze-gizon"[2] tradizionala irudi laiko bihurtu zuen.

Oharrak:
1. Saura, Antonio: "Iniciales", in Antonio Saura: Peintures, 1956–1985, Musée Rath, Geneva, 1989, 15. or.

2. Antonio Saura: Peintures, 16. or.

Iturria:
Mason, Rainer Michael: "Antonio Saura", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Antonio Saura

Gurutziltzaketa (Crucifixión), 1959–63

Olio-pintura mihise gainean

130 x 162 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×