Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Gau-ordena ospetsuak

Bigarren Mundu Gerrako azken gudua gertatu baino hil batzuk lehenago Alemanian jaio zela, Anselm Kiefer gerra modernoaren ondorioen eta bere herrialdearen banaketaren lekuko hazi zen. Gainera, nazio zatikatu bat nola berreraiki zen eta haren berritzeko ahalegina bizi izan zuen. Kieferrek elkarri lotutako Alemaniako historiaren eta mitologiaren ereduak eta horiek faxismoa agerrarazten nola lagundu zuten ikertzeari heldu zion. Gai horiek tabu estetikoak urratuz eta ikono sublimatuak berpiztuz landu zituen. Bere lehenengo proiektuetako batean 1969ko Okupazioak (Occupations) saila, Kieferrek Suitza, Frantzia eta Italian zehar egindako bidaia batean, hainbat tokitan, argazkiak atera zizkion bere buruari, nazien agurra egiten zuela. Geroagoko margolanek paisaia erraldoiak eta arkitektura-barnealdeak agertzen dituzte eta harea eta lastoa aplikatu ohi zizkien; Alemaniako politika eta literaturaren ondarea gogora ekartzen dute. Ugari dira nibelungoen kondairei, Richard Wagner-i, Albert Speer-en arkitekturari eta Adolf Hitler-i erreferentziak. 1980ko hamarkadako erdialdetik eta, zehazki, 1990eko hamarkadaren hasieran Frantzia hegoaldera lekualdatu ondoren, Kieferrek bere ikonografia handitu zuen, eta gai unibertsalagoei heldu zien, adibidez: zibilizazioa, kultura eta espiritualtasuna; horretarako, inspirazio-iturri gisa hartu zituen Kabala, alkimia eta Antzinateko mitologia.

1995ean, Kiefer bere obrara giza irudia sartzen hasi zen: 1995 eta 1996 artean egin zituen hainbat lanetan lurrean etzanda, gorpua bailitzan, irudikatu zuen bere burua. Gau-ordena ospetsuak (Die Berühmten Orden der Nacht, 1997) lanean ere, Kieferrek izar-estalpe zabalaren pean lur agor eta kraskatuan datzan giza irudi bakartia bailitzan irudikatzen du bere burua. Gaueko zeruak eta horrek historian izan dituen askotariko interpretazioek liluratu egiten dute Kiefer, batez ere gure jatorria eta gure patua gogorarazten digun erresuma zerutiar eta misteriotsutzat aurkezten duten interpretazioek. "Espiritualtasuna", artistak azaldu duenez, "antzinagoko ezagutza batekin konektatzea da eta zerua bilatzeko ditugun arrazoietan segida bat deskubritzen saiatzea. Zerua antzinako ezagutza baten ideia bat, zati bat... da"[1].

Oharra:
1. Michael Auping: Anselm Kiefer: Heaven and Earth, Prestel, New York, 2005, 166 eta 168 or.

Iturriak:
Nancy Spector: "Anselm Kiefer", in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.

Miguel López-Remiro: "Anselm Kiefer", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

"Anselm Kiefer", in La Colección Permanente de los Museos Guggenheim, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2007.

Anselm Kiefer

Gau-ordena ospetsuak (Die berühmten Orden der Nacht), 1997

Akrilikoa eta emultsioa mihise gainean

510 x 500 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×