Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Fakirrak

1960 eta 1970eko hamarkadetan, arte-objektuaren "desmaterializazioa" deitu izan dena gertatu zen; izan ere, garai hartako mugimendu garrantzitsuenek bitartekoen ekonomiaz egindako lanak aldarrikatu zituzten, ideia edo kontzeptu bati erreparatuz objektuari baino. Aldiz, 1980ko hamarkadako lehenengo urteak tradizioetara itzultzea izan zuten ezaugarri, nola pinturan hala eskulturan ere. Aldi horretan, arte-estetika minimalista eta kontzeptualaren nagusitzako bi hamarkadaren ondoren, Julian Schnabelek rol erabakigarria jokatu zuen AEBko pintura neoespresionistaren agerpenean: keinu-zertzeladak eta figurazioko temen aukeraketak pinturaren bidea errotik aldatu zuten.

1987an, Schnabel hitz idatzia eta izen bereziak gai zituzten lanak sortzen hasi zen. Sail horretako lehenengo konposizioek aldaketa ekarri zuten: gehiegikeriak eta narrazioa alde batera utzi zituen, eta ondo pentsatutako soiltasuna lantzen eta zeharkako aipamenak hizkuntzaren bidez egiten hasi zen. Sail horren barruan, Fakirrak (Fakires) lanak atzerako itzulera bat adierazten du: paleta joriagoa da eta geruza gehiago ditu, hitzekin egindako aurreneko lanak baino espresionistagoa da. Diagonalean, "fakires" hitza agertzen da zirriborratua: sufi mistikoei egindako erreferentzia. Aszeta izatea egotzi ohi zaie sufiei, baita muturreko erresistentzia edo gorputz-nekaldiak ere. Kevin Power-en iritziz, "hitz horrek aditzera ematen du Schnabel gure onerako sufritzen duten guztiekin duen identifikatzen dela, oinaze hori ezin bestean bidelagun dugula. Lan hau gizatasun zikinduz zipriztinduta dago, eta fakirraren erakuspenen hutsalkeria adierazten du; halere, odolez zikindutako gizabanakoaren arrakastak iraun egiten du. Sakrifizio-sentsazioa sakratuaren ezinbesteko zati da, eta irudia esanahiaren adierazpide kementsua da".

Julian Schnabel

Fakirrak (Fakires), 1993

Olio-pintura, erretxina eta kartoia kotoizko oihal gainean

275 x 214 cm

Bruno Bischofberger-en dohaintza, Zurich
Guggenheim Bilbao Museoa

×