Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu

1963an, Andy Warholek sorkuntza estetikoaren prozesuarekin zeukan konpromisoa hautsi zuela iragarri zuen. "Nire ustez, norbait gai izan beharko litzateke nire koadro guztiak nire ordez pintatzeko", esan zion Gene R. Swenson kritikariari. Artista espresionista abstraktuari egotzitako irudimen-funtziotik urrundu zen; pintura mihisearen gainean espontaneo eta keinu-legez aplikatzea artistaren jomuga espiritualen adierazpide eta ikuspegi poetiko zorrotza zela ulertzen zen. Warhol, beste Pop artista batzuk bezala, garaiko masa-kulturaren bandera hartu zuen. Bere koadroen gaitzat egunkari, publizitate eta iragarkietan aurkitutako inprimatutako irudiak erabili zituen, eta bitartekotzat serigrafia baliatu zuen: erreprodukzio mekanikoko teknika bat. Tradizionalki behe-mailakotzat eta arte ederren zirkulutik kanpokotzat jotako gaiei heldu izana —ospetsuen gurtzatik hasi eta jaki-produktuen etiketetaraino— Ipar Amerikako kulturaren baieztapen borobiltzat jo izan da, baita zentzu kritikorik gabeko alderdi "herrikoia"ren alde egindako aukeratzat ere.

1970eko hamarkada-amaierako bere Retrospectives and Reversals sailean, Warholek bere lehenengo lanak hartu zituen inspirazio-iturri, baita bere Pop aldian serigrafiatutako irudi ezagun asko berreskuratu ere (Campbell zopa-latak, Elvis, behiak, Gioconda); bada, koloreak konbinatu edo alderantzikatu zituen negatiboan irudiak sortzeko. Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu (One Hundred and Fifty Multicolored Marilyns) hamar metro baino gehiago da zabalean, baita sail honetako lan handienetako bat ere; gainera, artistaren pertsonaia ezagunenetako bat aurkezten du. Marilyn Monroe 1962an, aktorearen heriotza-urtean, agertu zen lehenengoz Warholen obran. Urte horretan bertan, artistak pintura serigrafiatu ugari burutu zituen gazte hildako zinema-izarraren argazki berdina, ezpainak zabalik eta betazal lodiko begi xarmagarriak dituela, konfigurazio desberdinetan baliatuz, hondo urre-koloreko irudi bakarretik hasi (Gold Marilyn) eta diptiko bateraino edo 25 Marilyneko sareta bateraino. Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsun, aktorearen aurpegiaren errepikapen-kopuruak argi eta garbi adierazten du irudi horrek edo beste edozeinek erreprodukzio-aukera mugagabea daukala. Aldi berean, irudi alderantzikatuek irreal-itxurako eta ebokazioko aire bat dute, eta artistaren geroko lan askok (hala nola, itzala inspirazio-iturri hartutako pinturak edo bere buruaren potretak eta garezurrak) ezaugarri duten atzera begirakoaren sentsazio berezia uzten digute.

Andy Warhol

Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu (One Hundred and Fifty Multicolored Marilyns), 1979

Akrilikoa eta serigrafia mihise gainean

201 x 1.055 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×