Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Eguzki-ontzia

Bigarren Mundu Gerrako azken gudua gertatu baino hil batzuk lehenago Alemanian jaio zela, Anselm Kiefer gerra modernoaren ondorioen eta bere herrialdearen banaketaren lekuko hazi zen. Gainera, nazio zatikatu bat nola berreraiki zen eta haren berritzeko ahalegina bizi izan zuen. Kieferrek elkarri lotutako Alemaniako historiaren eta mitologiaren ereduak eta horiek faxismoa agerrarazten nola lagundu zuten ikertzeari heldu zion. Gai horiek tabu estetikoak urratuz eta ikono sublimatuak berpiztuz landu zituen. Bere lehenengo proiektuetako batean 1969ko Okupazioak (Occupations) saila, Kieferrek Suitza, Frantzia eta Italian zehar egindako bidaia batean, hainbat tokitan, argazkiak atera zizkion bere buruari, nazien agurra egiten zuela. Geroagoko margolanek paisaia erraldoiak eta arkitektura-barnealdeak agertzen dituzte eta harea eta lastoa aplikatu ohi zizkien; Alemaniako politika eta literaturaren ondarea gogora ekartzen dute. Ugari dira nibelungoen kondairei, Richard Wagner-i, Albert Speer-en arkitekturari eta Adolf Hitler-i erreferentziak. 1980ko hamarkadako erdialdetik eta, zehazki, 1990eko hamarkadaren hasieran Frantzia hegoaldera lekualdatu ondoren, Kieferrek bere ikonografia handitu zuen, eta gai unibertsalagoei heldu zien, adibidez: zibilizazioa, kultura eta espiritualtasuna; horretarako, inspirazio-iturri gisa hartu zituen Kabala, alkimia eta Antzinateko mitologia.

Eguzki-ontzia (Das Sonnenschiff, 1984–95) itzelak labore-lur zabal bat adierazten du: bertan, berunezko hegazkin handi bat, paperezko hegazkin baten itxura duena, pausatu da. Labore-lurraren gaia behin eta berriz agertzen da Kieferren lanean eta gogora ekartzen du Alemaniako landa zabala, mendeetan zehar eta nekazaritzak eraldatu duena. Lan honetan, beste batzuetan bezala, Kieferrek paisaiak Alemaniako pinturaren historian izan duen rolari egiten dio erreferentzia, bereziki, naziek tradizio erromantikoa bereganatu eta gero, arbuiatzeari. Eguzki-ontziaren gainazala orbanez beteta eta errautsez josita dago —ohiko ezaugarria ere Kieferren laneatan— eta horrek Bigarren Mundu Gerrako aire-bonbardaketek eragin zuten hondamendia ekartzen du gogora. Hegazkina heltzen duten ekiloreek, aldiz, birsortze-ahalmena eman dezakete aditzera.

Iturriak:
Nancy Spector: "Anselm Kiefer", in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.

Miguel López-Remiro: "Anselm Kiefer", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

"Anselm Kiefer", in La Colección Permanente de los Museos Guggenheim, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2007.

Anselm Kiefer

Eguzki-ontzia (Das Sonnenschiff), 1984–95

Ekiloreak, beruna, errautsa, zainzuriak eta emultsioa mihise gainean

330 x 560 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×