Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Circino XXXVI

Ia hirurogei urteko bere ibilbide artistikoan, Pablo Palazuelok abstrakzio geometriko oso pertsonala sortu zuen irakaskuntza esoterikoak, Kabala, Ekialdeko filosofia, matematika eta zientzia oinarri hartuta. 1948an Parisera lekualdatu zenean, Eduardo Chillida eskultorearen lagun egin zen eta, hura bezala, Palazuelo arkitektura ikasten hasi zen 1939an pinturan bete-betean jardun aurretik; gero, hala ere, hiru dimentsioei ere heldu zien eta, 1954tik aurrera, eskulturak egin zituen. 1940ko hamarkadatik aurrera, Paul Klee-ren abstrakzioak eragin zion eta, 1950eko hamarkadaren hasieran, teosofia eta zenbakien eta alderdi sakratu edo psikikoen arteko loturak aztertzen dituzten testu hermetikoen irakurketa eta soinuen eta koloreen arteko baliokidetza iturri hartuta, forma geometrikoen lengoaia jorratu zuen. Palazuelorentzat, bizitzaren jatorrian dago geometria eta prozesu burutsua da: egitura ezkutuak, izan litezkeen forma berriak eta forma batzuetatik besteetarako metamorfosia ikusteko balio du.

2002an, Palazuelo forma arrauzkarekin lanean hasi zen Circino sailean; titulu hori zirkulua egitea esan nahi duen latineko aditzetik dator. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumako Circino XXXVI eta XXXVII lanen (biak 2003koak) kurbadura formek aldaketa eta transformazio egoera ematen dute aditzera. Kolore aukera murritza ere adierazgarria da: Palazuelok zuria eta beltza baliatzen zituen elkarren kontrako energiak adierazteko. Argi argienaren eta iluntasun beltzenaren arteko tentsio handiena transmititzen saiatzen zen: saihestezinak diren konnotazio sinbolikoak eta alkimiakoak dituen bipolaritatea.

Iturria:
Power, Kevin: "Pablo Palazuelo", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Pablo Palazuelo

Circino XXXVI, 2003

Olio-pintura mihise gainean

183,5 x 147,5 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×