Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Bilborako instalazioa

Jenny Holzer-ek Topikoak (Truisms) sailari, egin zuen lehenengoari, 1977an ekin zion. New Yorkeko Whitney Museumeko Ikasketa Programa Independenteen eskola sail baten emaitza izan zen. 1979rako ehunka aforismo idatzi zituen, besteak beste, "A LITTLE KNOWLEDGE GOES A LONG WAY" (Jakituria pixka bat oso urruti heltzen da) eta "YOUR OLDEST FEARS ARE YOUR WORST ONES" (Zure beldur zaharrenak dira txarrenak). Sailean askotariko ahotsak daude eta iritzi eta sinismen ugari transmititzen. Kontzientziatzeko ekintza horietatik, hau da, probokazio zirikatzaile horietatik garbi agertzen den bakarra da egia erlatiboa dela; hortaz, ikusle bakoitzak erabaki behar du zer den zilegi eta zer ez. Topikoak egin zituenetik hizkuntza adierazpide gisa erabiltzen jarraitu du Holzer-ek, mezuak komunikatzeko bitarteko ugari baliatzen dituen arren. Aztoratzeko saiakerak (Inflammatory Essays, 1989-72) sailetik ateratako batzuk, adibidez, iragarki antzeko horma-irudi batzuetan erabili ziren eta sinatu gabe Manhattango fatxada eta paretetan barrena itsatsi ziren.

1982an goiburu batzuk, esaterako, "ABUSE OF POWER COMES AS NO SURPRISE" (Botere-gehiegikeria ez da harritzekoa) eta "MONEY CREATES TASTE" (Diruak gustua sortzen du), Times Square-ko eraikinaren buruko iragarki argidunean jarri zituen, eta, harrezkero, seinaleen gailu elektronikoak bere egin zituen. Hedapen-modu hori baliatuz, gizartearekiko konpromisoa iradokitzen duten mezuei dimentsio iraultzailea eman zien. Estrategia horrek, hots, publizitatea egon ohi den tokietan testu asaldagarriak jartzea, bestela "artea"rekin batere harremanik izango ez zuen ikusle-talde zabalago bati zuzenean itauntzeko modua ematen dio Holzer-i eta, aldi berean, oharkabean joan daitezkeen botere- eta kontrol-formak ahultzeko balio dio. Azken hiru hamarkadetako instalazioek hainbat gai uzten dituzte agerian, adibidez, arte publikoaren bideragarritasuna, arte-objektua salgai bihurtzea eta alderdi pertsonalaren eta politikoaren arteko erlazioa.

Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao) Frank O. Gehryk diseinatutako Guggenheim Bilbao Museoaren eraikinerako lan iraunkor moduan sortu zuen; izan ere, Holzer-ek arkitektura-espazioarekin eta, zehazkiago, museoaren erakunde-gunearekin 1980ko hamarkada-amaieran eta 1990eko hamarkadan hartutako konpromisoa gero eta handiago dela erakusten du. Solomon R. Guggenheim Museum-en antolatutako atzera begirakoan, hainbat sailetako mezu keinukariak jarri zituen LED pantaila batean, museoko arrapala kiribilduko barneko horma tolesean. Holzer-en Bilborako instalazioa aurpegi bikoitzeko argi-diodoz osatutako bederatzi panel bertikalek osatzen dute; bakoitza 12 metrotik gora luze da, eta bitan banatzen dute Gehryren eraikineko galeria altu eta irregularretako bat. Zorutik sabaira goratzen diren zutabeek hesi nabarmena osatzen dute, iragazkorra bada ere, eta haien geometria zurrunak talka egiten du inguruko arkitekturaren kurba organikoekin. Aforismoak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Arnoren aldaera bat dira. Jatorrian, Arno HIESa ikertzeko dirua biltzeko proiektu baterako idatzitako testua da, eta, gero, Florentzian 1996an kanpoan instalatutako proiektu baterako egokitu zen. HIESaren planteamenduak testuinguru hurbila eta tragikoa eskaini arren, testuek, adibidez, "ZURE IZENA AIPATZEN DUT" eta "ZURE ARROPA GORDETZEN DUT", gai unibertsalak gogora ekartzen dizkigute: intimitatea, heriotza eta galera, besteak beste. Sortzen duen kaleko artea museoen testuingurura eramatean, Holzer-ek oinezko arruntenaren aldean oso bestelakoa den ikusleengana zuzentzen ditu bere mezuak. Hala ere, lanaren zati handi batean gertatzen den bezala, Bilborako instalazioak alderdi pribatuaren eta publikoaren arteko muga nabar eta tirabiratsuari buruz ere hausnartzen du.

Jenny Holzer

Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao), 1997

Argizko diodoak

Kokapen zehatzeko neurriak

Guggenheim Bilbao Museoa

×