Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Besarkada XI

Eduardo Chillidak Madrilen ikasi zuen arkitektura 1943 eta 1947 artean, pinturara jo eta, azkenik, 1948an Parisera lekualdatu ondoren, eskulturari heldu zion. Arkitekturaren hasierako ezagutza hori ondo agerian geratzen da haren eskulturen azpiko egituran, materialei jarritako arretan eta ezaugarri duten espazio-erlazioaren plangintza zainduan. Izan ere, Chillidak arkitekturarekin erlazioan ikusten zuen eskultura: "Eraikitzea espazioan sortzea da. Hori da, hain zuzen, eskultura eta, oro har, eskultura eta arkitektura", adierazi zuenez [1]. Bost hamarkadatan, XX. mendeko euskal artista garrantzitsuenetako bat bihurtu zen, eta nazioarteko ospea hartu zuen gerraosteko eskultura giroan, kokapen zehatzeko eskultura monumentalen ondare joria, baita tamaina arruntagoko eskulturak ere, utzi baitzizkigun.

Chillidak hautatzen zituen materialek gai kontzeptual eta metafisikoen inguruan egiten ari zen azterketa gorpuzten zuten. Parisen egin zituen bere lehenengo eskulturetan harriaren eta igeltsuaren aldeko hautua egin zuen, Louvren erakusgai zeuden antzinako lanak aztertzen baitzebilen, eta giza irudia eta naturako formak hartu zituen inspirazio-iturri. 1951n, Euskal Herrira itzuli zenean, formak espazioa nola eraldatzen zuen eta espazioaren bolumena abstraktuki nola zehazten zuen sakontzen hasi zen; burdina eta, geroago, zura eta altzairua erabili zituen, material horiek industria, arkitektura eta nekazaritzako euskal tradizioak adierazten baitzituzten eta euskal paisaia tipikoa eta Chillidak haren "argi iluna" deitutakoa gogora ekartzen baitzuten.

Besarkada XI, 1996, altzairuzko egitura da: elementu bertikala eta aldi berean bihurria. Altzairuzkoa, baina, Guggenheim Bilbao Bilduman ere dagoen Aholkua espazioari V (Consejo al espacio V, 1993) lana ez bezala, sutan jarritako material horrekin artistak izan zuen borrokak eragindako altzairu forjatuzko lana da. Altzairuzko atalak txirikordatzen eta bihurtzen dira, lurretik hazten diren landareak bailitzan, eta euren baitara biltzen dira besarkatzean. Besarkada XIk eta Aholkua espazioari Vek islatzen dute Chillidaren lanek naturarekin daukaten erlazio estua. Aire librean, argi aldakorraren pean, lan horiek euren bihurguneen eta perimetroaren itzala uzten dute agerian.

1. Eduardo Chillida, elkarrizketa Mario Teresekin, in Christa Lichtenstein, Chillida und die Musik. Baumeister von Zeit und Klang, Wienand, Kolonia, 1997, 73 or.; honetan aipatua: Chillida, 1948–1998, erak. kat., Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madril, 1998, 62 or.

Iturria: Kosme de Barañano: "Eduardo Chillida" in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Eduardo Chillida

Besarkada XI, 1996

Altzairua

260 x 88 x 108 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×