Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Beranduegi Goyarentzat

Francesc Torres artista katalan-amerikarrak nazioarteko ospe handia dauka egin dituen multimedia-instalazioak direla eta; instalaziook gure mundua osatzen duten indar ideologikoei, ekonomikoei eta politikoei aurre egiten diete. Askotariko testu-baliabideak erabiliz —bideoa eta argazkiak, artistaren liburu eta audio-lanak, aurkitutako eta egindako eskultura-elementuak dauzkaten muntaketa zirikagarriak—, ikuspegi kontzeptual batean oinarritutako bere jardunak gertaera historiko zehatzak kritikatzen ditu eta gizarte-aztorameneko zikloak argitzen. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako bere lanak performancearen eta Arte Kontzeptualaren eta Prozesualaren berezko joera formalekin zorretan dauden multimedia-instalazioen beste artista batzuenarekin pareka daitezke (adibidez, Gary Hill, Nam June Paik eta Bill Viola); hala ere, Torresen ezaugarri da aldaketa nahia erakusten duten gertaera historikoen adierazpenak sortzea, ikusleak posizio hauskorra eta zalantzatia hartzen duen arren. Bere instalazioak ideien laborategiak dira, hausnarketarako eta nork bere buruari galderak egiteko tokiak, baita bizi ditugun egoera politiko eta psikologikoetan normaltzat edo neutrotzat jotzen dugunari buruzko usteak auzitan jartzeko inguruneak ere.

Beranduegi Goyarentzat (Too Late for Goya, 1993) erabakigarria izan zen Torresen ibilbide artistikoan, haren hedadura epikoa, tamaina ikusgarria eta ikusizko inpaktuagatik. Instalazioa albiste historikoen irudietatik ateratako sei eszenako bideo-proiekzio moduan garatzen da. Gertaera horiek, Torresen iritziz, XX. mendeko jazoera politiko garrantzitsuenak dira: 1917ko Errusiako Iraultza, 1933an Adolf Hitler boterera heltzea, 1945eko Jaltako Goi-bilera, 1948an Israel Estatu izendatzea, 1963ko Aljeriako independentzia-gerra eredu duen deskolonizazio-prozesua eta 1985ean Mikhail Gorbatxov boterera heltzea. Gertaera bakoitzerako, ordu erdiz jatorrizko materialeko sei segundo erreproduzitzen dira kamera mantsoan, lehenengo aurrerantz eta, gero, atzerantz, irudiak ia estatikoak eman dezaten. Sei proiekzio horien aurrez aurre, altzairuzko aulki batean eserita dagoen txinpantze baten eskultura dago. Torresen arabera, gizakien "zorioneko senide" hau, haren "begirada xaloaz", "desagertzen doazen gertaeren arrastoak" behatzen ditu, eta nola, "mugimendu sismikoak bailiran, ezin konta ahala gizaki eraman dituzten, hiriak suntsitu, mendiak erraustu, mugak aldatu, eta sinesmenak sortu eta ezabatu dituzten"[1]. Aretoko izkina batean, CNN berri-kateari konektatutako telebista batek egungo historiaren inguruko albisteak ematen ditu. Bukatzeko, instalazioan Goyaren Kapritxoak (Los Caprichos, 1797-99) saileko Gora eta behera (Subir y bajar) grabatua agertzen da eta, bertan, izenaren aldameneko testuak dioenez, "Patuak gaizki tratatzen du zoria oparitzen duena, kez ordaintzen du igotzeko nekea, eta igo dena amilaraziz zigortzen du".

Gertaera historikoak proiektatzen diren irudi mugikorren modura imajinatzean, Torresek zinemaren indarra aitortzen du. XX. mendeko zinemaren historia Goyaren grabatu baten ondoan jartzean, iragana borrokaren eta giza sufrimenduaren oraingo errealitatearekin konektatzen du. Artistak, historiarekin daukan bere konexioa aitortuko balu bezala, bere buruaren bideo-irudi bat sartu du Jaltako sekuentzian. Beren buruak talde-erretratuetan edo gudu-eszenetan irudikatzen zituzten beste pintore figuratibo handi batzuek bezala, Torresek hausnarrean den irudi modura aurkezten du bere burua Europa eta artista hazi zen paisaia aldatuko zuen gertaeraren erdian.

Oharra:
1. Torres, Francesc: The History Book of Persistent Forgetfulness (orrialdearen ertzean eskuz idatzitako oharrak), in Marilyn Zeitlin (arg.), Too Late for Goya: Works by Francesc Torres, Arizona State University Art Museum, Tempe, 1993, 74-77. or.

Iturria:
Hanhardt, John G.: "Francesc Torres", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Francesc Torres

Beranduegi Goyarentzat (Too Late for Goya), 1993

Bideoa, soinua, beira-zuntzezko irudi eskultorikoa, telebista-monitorea, soinu-kutxa digital berezia eta Goyaren grabatu baten kopia

Kokapen zehatzeko neurriak

Guggenheim Bilbao Museoa

×