Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Bakarrik haizearekin, denborarekin eta soinuarekin

Bigarren Mundu Gerrako azken gudua gertatu baino hil batzuk lehenago Alemanian jaio zela, Anselm Kiefer gerra modernoaren ondorioen eta bere herrialdearen banaketaren lekuko hazi zen. Gainera, nazio zatikatu bat nola berreraiki zen eta haren berritzeko ahalegina bizi izan zuen. Kieferrek elkarri lotutako Alemaniako historiaren eta mitologiaren ereduak eta horiek faxismoa agerrarazten nola lagundu zuten ikertzeari heldu zion. Gai horiek tabu estetikoak urratuz eta ikono sublimatuak berpiztuz landu zituen. Bere lehenengo proiektuetako batean 1969ko Okupazioak (Occupations) saila, Kieferrek Suitza, Frantzia eta Italian zehar egindako bidaia batean, hainbat tokitan, argazkiak atera zizkion bere buruari, nazien agurra egiten zuela. Geroagoko margolanek paisaia erraldoiak eta arkitektura-barnealdeak agertzen dituzte eta harea eta lastoa aplikatu ohi zizkien; Alemaniako politika eta literaturaren ondarea gogora ekartzen dute. Ugari dira nibelungoen kondairei, Richard Wagner-i, Albert Speer-en arkitekturari eta Adolf Hitler-i erreferentziak. 1980ko hamarkadako erdialdetik eta, zehazki, 1990eko hamarkadaren hasieran Frantzia hegoaldera lekualdatu ondoren, Kieferrek bere ikonografia handitu zuen, eta gai unibertsalagoei heldu zien, adibidez: zibilizazioa, kultura eta espiritualtasuna; horretarako, inspirazio-iturri gisa hartu zituen Kabala, alkimia eta Antzinateko mitologia.

Bakarrik haizearekin, denborarekin eta soinuarekin (Nur mit Wind, mit Zeit und mit Klang, 1997) formatu handiko lan-sail batekoa da, tartean direla piramideak eta tamaina handiko antzinako beste egitura batzuk. Kieferrek 1996an ekin zion sail honi (liburuak ere badaude) Amerikara eta Asiara egindako bidaietan hartutako argazkiak inspirazio-iturri hartuta. Eraikin altuek eta dorreek esanahi berezia dute alemaniarraren lanetan. Antzinako Egipton bezala, han mundu honen eta beste munduaren arteko igarobidetzat jotzen ziren piramideak, Kieferrek "zeruaren eta lurraren" artean kokatzen ditu [1]. Lan honen izena piramidearen gaineko inskripzio batean agertzen da eta XX. mendeko austriar poeta Ingeborg Bachmann-en Exil ("erbestea") poematik aterata dago. Haurtzaroan Bigarren Mundu Gerra bizi izan zuen Bachmannek bezala, Kieferrek urrutiko eta antzinako gerretan oinarritzen du bere obraren zati handi bat historiaren ziklo suntsigarriaz hausnartzeko.

Oharra:
1. Daniel Arasse: Anselm Kiefer, Thames and Hudson, Londres, 2001, 268-74 or.

Iturriak:
Nancy Spector: "Anselm Kiefer", in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.

Miguel López-Remiro: "Anselm Kiefer", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

"Anselm Kiefer", in La Colección Permanente de los Museos Guggenheim, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2007.

Anselm Kiefer

Bakarrik haizearekin, denborarekin eta soinuarekin (Nur mit Wind, mit Zeit und mit Klang), 1997

Akrilikoa eta emultsioa mihise gainean

470 x 940 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×