Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Azken besarkada (Salvataggio) III gaiaren bariaziorako estudioak

Jacques Lipchitz, 1891n Lituanian jaio zen (orduan tsarren aginpidean zegoen Errusiako herrialdea) eta Chaim Jacob Lipchitz izena eman zioten. 1909. eta 1940. urte bitartean Parisen bizi izan zen eta bertan lan egin zuen. 1940. urtean, nazien inbasioak behartuta, ihesari eman zion eta Estatu Batuetara emigratu zuen; han eman zituen bere bizitzako azken urteak. Lipchitz 1910eko hamarkadan egindako eskultura kubistengatik da, batik bat, ezagun: Pablo Picasso, Georges Braque eta Juan Gris artistek pinturaren arloan egin zituzten berrikuntzen baliokide dira eskulturok, eta, horiek egiteko, zura eta harria zizelkatzeko eta brontzez moldatzeko eskultura-baliabide tradizionalak erabili zituen. Era berean, ezaguna da 1920ko hamarkadaren erdialdean hasitako "lan gardenengatik"; lan horietan, bere eskultura kubisten bloke sendoek eta behe-erliebeek forma irekiagoei bide eman zieten.

Guggenheim Museoaren Bildumako Lipchitzen marrazkiak igeltsuzko bere azkenetako eskultura, Azken besarkada (Salvataggio) III gaiaren bariazioak [Variation on the Theme of the Last Embrace (Salvataggio) III, 1970–72], prestatzeko lanak dira. Lanaren izenak dioen bezala, bai eskulturak bai aurretiko bi marrazkiek besarkatzen ari diren bi irudi jasotzen diztuzte; Lipchitzek etengabe landu zuen gai hori bere ibilbidearen aurreneko hamarkadatik, eta Herriaren gobernua eskulturarako lanerako maketa(Working Model for Government of the People, 1967) eskulturan ere ageri da; lan hori ere Guggenheim Museoaren Bildumakoa da. Lipchitzen lanetan, muturren artean sortzen den tentsioa aditzera ematen digu gai horrek, maitasunezko besarkada bera ere borrokan dabiltzan bi gorputzen arteko talka moduan interpretatu baitaiteke; hortaz, kontrakoak izan daitezkeen interpretazioak sor daitezke. Alan Wilkinson arte historialariak hauxe idatzi zuen: "Lipchitzek gai hauei heltzen dienean, maitasunaren eta afektuaren, indarkeriaren eta heriotzaren arteko muga ez da beti nabaria"[1].

Lipchitzentzat, marrazkia bere eskulturak ikertzeko tresna bat da: "Nire marrazki guztiek dute lotura nire eskulturekin. Ez ditut nire marrazkiak artelan independentetzat"[2] Marrazkiok diseinuen alderdi zehatzak aztertzeko baliagarriak zitzaizkion, xehetasunak garatzeko eta argiak forma desberdinetan dituen efektuak ikertzeko. Hartara, testuinguru horretan geratzen zen lehen aldiz agerian haren hizkuntza plastikoan emandako aurrerapauso bakoitza. Esate baterako, artistak bere aldi kubistan egin zituen aurreneko marrazkiak, naturaletik egindakoak izan ohi zirenak, objektu baten askotariko perspektiben sintesi ariketa dotoreak dira, edo bi objektu edo gehiagoren ikuspegi mistoak plano berean jarrita. Hala ere, marrazki horietan dagoeneko sumatzen da "forma lasaiagoa eta teknika lerromakurra eta leunagoa"[3], biak dira Lipchitzen helduaroko lanen ezaugarri, eta horien barne dira Guggenheim Museoaren Bildumako bi marrazkiak. Marrazki hauek batera behatuz gero, motibo bikoiztuak eta errepikatzen diren bizitasun handiko lerroek irudiei mugimendua ematen dietela ematen du,eta, aldi berean, bi konposizioen inguru dinamikoak eta barne-egitura nabarmentzen dira.

1. Alan G. Wilkinson, Jacques Lipchitz: A Life in Sculpture, Toronto, Art Gallery of Ontario, 1989, 164. or.

2. Jacques Lipchitz, My Life in Sculpture, New York, Viking Press; Londres: Thames and Hudson, 1972, 31. or.; honetan aipatua: Catherine Pütz, "Proyectos para escultura: Lipchitz sobre papel", Jacques Lipchitz: Dibujos y esculturas, erak. kat., Bilbo, Bilboko Arte Eder Museoa, 2003, 35. or.

3. Ibid., 44. or.

Jacques Lipchitz
Azken besarkada (Salvataggio) III gaiaren bariaziorako estudioak [Study for Variation on the Theme of Last Embrace (Salvataggio) III], 1970–72
Errotuladore urdina paper gainean
18 x 23,2 cm
Hanno D. Mott jaunaren dohaintza
Guggenheim Bilbao Museoa

×