Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Anbrosia

Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan, nola Europan hala AEBn, materialei eta mihisearen adierazkortasun- eta keinu-nabarmentasunari arreta jartzen zien pintura abstraktua agertu zen. AEBn Espresionismo Abstraktu deitu zioten joera horri; Europa osokoa zen mugimenduari, berriz, Arte Informal edo forma gabeko artea. Antoni Tàpies Tatxismo (frantseseko tache, orbana, hitzetik eratorrita) deitutako aldaera batekin identifikatu zuten, mihiseetan ustekabez gertatu bide ziren ehundura jori eta kolore-metaketak direla eta.

1950eko hamarkadan egiten hasi zen "pintura materiko" direlakoetan, Tàpiesek naturako material xumeak balioberritu zituen, adibidez, harea eta lastoa, baita gizakiek baztertutako elementuak ere, sokak eta oihal-zatiak besteak beste. Material hutsalei arreta ematean, edertasuna susma ezineko tokietan aurki zitekeela eman nahi zuen aditzera. Tàpiesen ustez, bere lanak norberaren esperientziaren arabera interpretzeko hausnarketa-objektuak ziren. Honakoa adierazi zuen: "Saiatzen naiz ikusleak errealitatea hausnar dezan, irudi bat ikustean hausnarketa beti buruan eduki dezan; hori lortuko duten irudiak sortzen saiatzen naiz". Anbrosia (Ambrosia) Tàpiesen geroagoko etapa bateko lana da, artistak hasierako teknikak berreskuratu zituen aldi batekoa, baina ibilbide osoan iraun duten prozesuak eta gaiak adierazten ditu. Lan erraldoi honek, pintura materiko askok bezala, denboraren eta giza ekintzaren indarrez higatutako horma bat ekartzen du gogora. Artistak pintura gehituz eta gainazala higatuz itxuraldatu zuen gainazala; gainazal zuri eta grisa, latza eta pitzatua, pigmentuarekin nahastutako marmol zuri birrinduzko hautsezkoa da, eta graffitiz jositako hormigoizko horma bat ematen du. Pinturan bertan agertzen den izenak greziar jainkoen kondairako nektarrari egiten dio erreferentzia; ustez, zukuak hilezin bihurtzen zuen kontsumitzen zuen edonor. Tàpiesek sarritan adierazi du bere arteak botere espiritual eta onuragarri hori transmititzeko nahia daukala; beharbada, horrek agerian uzten du gauza umilek eta arruntek ahalmen eraldatzailea dutela sinesten zuela.

Antoni Tàpies

Anbrosia (Ambrosia), 1989

Baliabide anitzak mihise gainean

200 x 600 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×