Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Amaren gela

Francesco Clementek, beste margolari gazteen artean, Minimalismoaren abstrakzio antzutik eta Arte Poveraren materialismo xumetik alde egin zuen 1980 aldera. Arte-mugimendu horiek pintura eta, bereziki, pintura figuratiboa, hilda zegoela aldarrikatu zuten. 1980ko hamarkadan baina, Italian hasi zen pinturaren berpizkundeak nazioarteko estilo-aldaketa bat eragin zuen, eta hainbat artista izan zituen partaide, adibidez, Georg Baselitz, Anselm Kiefer eta Julian Schnabel. Mugimendu horri Neoespresionismo deitzen zaio, eta pintura biziberritu zuen: espresio indibiduala berreskuratu zuen, kolore atsegingarriak, keinuaren teknika, narrazioak eta tamaina handiko giza irudiak baliatuz.

Amaren gela (La stanza della madre) Guggenheim Bilbao Museoa inauguratzeko mandatu bat izan zen. 17 panelen multzo honek Erdi Aroko eta Errenazimentuko jauregien tamaina handiko dekorazioko horma-irudiak ekartzen ditu gogora. Clementeren lanetan ohikoa denez, aurreko obretan erabili zituen elementuak agertu ohi dira berriro; halaxe sortzen du lan baten eta hurrengoaren arteko lotura bisual antzeko bat eta irakurketa kronologiko hutsa sahiesten du. Lau elementuen erreferentziak —lurra, ura, sua eta airea— eta Indiako kulturatik, erlijioen tradiziotik eta astrologiatik hartutako sinboloekin batzen ditu. Amaren gela lanean, Clementek 1920ko hamarkadako antzoki bateko atze-oihala erabili zuen mihisetzat. Oihalaren adabakiak eta hondoaren kolorea bere konposizioaren oinarri dira, eta lanaren lirismoa areagotzen dute. Gainera, italierazko "stanza" hitzak stanze adiera ere badu, alegia, Errenazimentuko ganbera edo gela, munduko zaratatik ihes egin nahian hainbatek babesa aurkitzen zuen lekua.

Clementeren hiztegi metaforikoak gorputza du oinarri, eta giza formari buruz artistak egiten dituen bariazio ugariek aditzera ematen dute gorputza dela munduaz duen ikuspegiaren sinbolo nagusi. Gorputza, osotasuna eta zatiak, askatasuna eta murrizketa adierazten ditu aldi berean, eta bizitzaren bikoiztasunak irudikatzeko bitarteko nagusia da Clementerentzat, bere ibilbidean zehar egin izan dituen erretratu eta autorretratu ugarietan bereziki. Lan askotan, begiak eta genitalak oso nabarmen agertzen dira. Artistarentzat, hain sentikorrak diren organo horiek kanal antzekoak dira, psikearen barruko munduaren eta naturaren eta kulturaren kanpoko munduaren artekoak. Clementek, Italian, Amerikan eta Indian sustraiak errotuta dituen artistak, beti erabili izan ditu atzerriko kulturen elementuak niaren eta ingurunearen arteko loturetan arakatzeko.

Francesco Clemente
Amaren gela (La stanza della madre), 1995–97
Olio-pintura eta tenpera liho gainean
Hamazazpi panelek osatutako saila
10 panel: 239 x 480 cm
2 panel: 360 x 480 cm
2 panel: 518 x 90 cm
2 panel: 400 x 90 cm
1 panel: 119 x 480 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

×