Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Aholkua espazioari V

Eduardo Chillidak Madrilen ikasi zuen arkitektura 1943 eta 1947 artean, pinturara jo eta, azkenik, 1948an Parisera lekualdatu ondoren, eskulturari heldu zion. Arkitekturaren hasierako ezagutza hori ondo agerian geratzen da haren eskulturen azpiko egituran, materialei jarritako arretan eta ezaugarri duten espazio-erlazioaren plangintza zainduan. Izan ere, Chillidak arkitekturarekin erlazioan ikusten zuen eskultura: "Eraikitzea espazioan sortzea da. Hori da, hain zuzen, eskultura eta, oro har, eskultura eta arkitektura", adierazi zuenez [1]. Bost hamarkadatan, XX. mendeko euskal artista garrantzitsuenetako bat bihurtu zen, eta nazioarteko ospea hartu zuen gerraosteko eskultura giroan, kokapen zehatzeko eskultura monumentalen ondare joria, baita tamaina arruntagoko eskulturak ere, utzi baitzizkigun.

Chillidak gai kontzeptual eta metafisikoen inguruko bere bilaketa gorpuzten zuten materialak hautatzen zituen. Parisen egin zituen bere lehenengo eskulturetan, harriaren eta igeltsuaren aldeko hautua egin zuen: Louvren erakusgai zeuden antzinako lanei buruzko bere azterketetarako materialak; giza irudia eta naturako formak hartu zituen inspirazio-iturri. 1951ean Euskal Herrira itzuli zenean, formaren bidez espazioaren metamorfosian eta espazio-bolumenaren definizio abstraktuan sakontzen hasi zen, eta burdina eta, geroago, zura eta altzairua erabiltzen. Material horiek industria, arkitektura eta nekazaritzako euskal tradizioak adierazten zituzten, baita nola euskal paisaia tipikoa hala Chillidak haren "argi iluna" deitutakoa gogora ekartzen ere.

Aholkua espazioari V (Consejo al espacio V, 1993), hasiera batean, proiekturako 1987an egindako lehenengo azterketak egitean diseinatu zen, Municheko Neue Pinakotheken aurrean instalatua izateko (hamar urte geroago, artistak Argiaren bila II [Buscando la luz II]itxuratu zuen hurbileko Pinakothek der Modernerako). Altzairu-xafla erraldoiz eraikitako piezan, Chillidaren altzairuzko lanen adierazgarria den nolakotasun organikoa eta arintasuna elkartzen dira. Egiturak tximini antzeko bat ekartzen du gogora, inguruko espaziora bizi-energia askatzen duen sua eta beroa daukan hutsunea. 1996ko Besarkada XIk bezala, Guggenheim Bilbao Museoko bilduma iraunkorrekoa hori ere, lan honek Chillidaren obraren eta naturaren arteko lotura islatzen du.

Oharra:
1. Eduardo Chillida, elkarrizketa Mario Teresekin, in Christa Lichtenstein, Chillida und die Musik. Baumeister von Zeit und Klang, Wienand, Kolonia, 1997, 73 or.; honetan aipatua: Chillida, 1948-1998, erak. kat., Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madril, 1998, 62 or.

Iturria:
Kosme de Barañano: "Eduardo Chillida" in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Eduardo Chillida

Aholkua espazioari V (Consejo al espacio V), 1993

Altzairua

305 x 143 x 207 cm

Guggenheim Bilbao Museoa

×